ALDUNDIAK BAIEZTU DAUENEZ, EUSKAL MUSEOA ZAHARBARRITZEKO LANEK “% 40,68KO” GAINKOSTUA IZANGO DABE
- Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan jakinarazo dauenez, Aldundiak eta Bilboko Udalak “ia 6 milioi euro” gehiago jarri beharko ditue Bilboko museoa osorik zaharbarritzeko lanak bukatzeko, “aurreikusi ezin diran gai teknikoak” agertu diralako.
(Bilbon, 2024ko bagilaren 12an). Aldundiak bere gain hartu beharko dau zuzendaritza teknikoak Euskal Museoaren birgaitze integraleko eta handitze proiektuko aldaketak dirala-eta tasau dauen gainkostuaren erdia. EH Bilduk eskatuta Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian Aldundiko arduradunak onartu dauenez gainkostua “ez da albiste ona”, baina “guztiz justifikauta” dago. Rakel Goñi koalizino abertzaleko batzordekideak Euskera, Kultura eta Kirol batzordearen hasieran jakinarazo dauenez, “ia 6 milioi euro gehiago” beharko dira eta epea beste urtebete luzatu beharko da (2025eko garagarrilera arte), erreformaren kostu osoa “15 milioitik 21era” igon dalako.
Kulturako diputatuak adierazo dauenez, kostuak egoera bat baino gehiago kateatu diralako igon dira, gehienak “aurreikusi ezin diran gai teknikoengaitik”. Batzuk, obra gehiago egin behar izanaren ondorio dira, museoa osotzen daben eraikinen (Misericordia, Unamuno eta La Cruz) egitura hobetu behar dalako, zimendu eta mikropilote barriakaz. Azterlan geotekniko osogarriak egin behar izan dira, eta aurreikusita ez egoan arren aurkitu dan amiantoa kentzeko urtenbidea bilatu. Beste errazoi batzuek, pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako inflazinoaren ondorioz eraikuntzako materialen prezioen aldakortasunagaz, eta interes-tasen igoerearen ondoriozko finantza-kostuakaz dabe zerikusia, besteak beste.
Holan, esleipenaren prezioa “9.912.027,42 eurokoa” izan bazan, egoera barri horrek aldatutako aurrekontua igon egin da, eta aparteko “4.032.100,47 euroko” ekarpena eskatzen dau. Kopuru horri gastu orokorrak (+%6), industriako mozkinen hazkundea (+%19) eta BEZa (+%21) gehitu behar jakoz. Horrek, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak euren gain erdi bana hartu beharko dituen “20.078.149,75 eurora” eroaten gaitu, adierazo dau Arrizabalagak.
Foru diputatuak espero dau obren garapenagaz ez dala geroago aldaketarik egin behar izango, eta obrea aurreikusitako epeetan (2025eko udan) entregau ahal izango dala. Horreek bukatu ostean, Aldundiak eta Bilboko Udalak, “nazinoarteko profila” dauen museoa izatea espero dabe. % 44ko erakusketa-espazioa irabaziko dau, 6.400 metro karratu euki arte.
ARGIÑETAKO NEKROPOLIA BALIOAN JARTEA
Ahozko erantzun-eske batean Arrizabalagak EH Bilduri erantzun deutso Aldundiak ez dauela Argiñetako nekropolirako museo-proiekturik adostu Elorrioko Udalagaz. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, Foru Aldundiak “kontserbazino, babes, zabalkunde eta indusketa lanen” bidez jarri dau balioan leku hori. Udalak interpretazino zentro bat instaletako daukan asmoa, Idoia Buruaga EH Bilduko batzordekide eta Elorrioko alkate ohiak adierazo dauen lez, ez dago bere sailaren planen barruan, “lurraldeko kultur ondare osoaren egoera orokorra hartu behar dalako kontuan”.