BATZAR NAGUSIEK KONTSERBA-FABRIKETAKO ANDRAZKOEN BOST MENDE ERAKUTSIKO DITUE, OFIZIOARI BURUZKO ERAKUSKETEAREN BIDEZ
- Emakumearen Nazinoarteko Eguna dala eta, Bizkaiko Batzar Nagusiek, “Kontserba-fabriketako andrazkoak. Beti eskamak kentzen” liburuan jasoten dan Amaia Apraiz Sahagún eta María Romano Vallejoren ikerketa lanetik abiautako “Beti eskamak kentzen” erakusketea programau dabe.
- Bertan, familian kontserba-fabriketan aritutako hainbat emakume-belaunaldi dituan Kirmen Uribe Ondarroako idazlearen poema bat jasoten da.
- Dokumentu ofizialak, prentsa-artikuluak, argazkiak eta margolanen erreprodukzinoak batzen dituan erakusketea apirilaren 25 arte egongo da zabalik Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga, 6 – Beheko solairua. Bilbo). Sarrerea doakoa da.
(Bilbon, 2025eko martiaren 4an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, iraganean lurraldearen aurrerabidean lagundu eben emakumeei bozgorailua emoten jarraitzen dabe. Oraingo honetan, hurrengo M-8aren ospakizunagaz bat etorrita, “KONTSERBA-FABRIKETAKO ANDRAZKOEN”, XVI. mendetik arraina lurraldeko portuetan eraldatzen jardun daben emakumeen, lanbidea omenduko dabe, liburu bat argitaratuta eta erakusketa bat antolatuta. Emakume horreek, euren indar, kemen eta ausardiagaz, mendeetan zehar, eurak jakin barik, Bizkaiko garapen ekonomikoaren funtsezko pieza bihurtu ziran, euren lana gizartearentzat luzaroan ikusiezina izan arren, emakumeek zeregin erabagigarria izan eben beste lanbide batzuetan gertatu zan lez.
Azkenengo urteetan, Bardintasun Planak bultzatuta, Bizkaiko Batzar Nagusiek emakumeek egindako lanak errebindikau eta ikusarazo ditue, bai gizartearen ikuspegitik onarpena ebenak, bai hain ezagunak ez ziranak. Igaz, ekimena salgaien karga-ontzien lanbidean zentrau zan. Aurton kontserba-fabriketako andrazkoen txandea da. Lan hori emakumeek egin dabe bost mendetan zehar, Itsasadarrean zehar ontziak eroiezan andra zirgariakaz, Bizkaiko fabrika ugarietan aritu ziran emakume langileakaz edo emakume baserritarrakaz jazo zan lez. Horreek guztiak be, Bizkaiko Batzar Nagusien begiradea jaso dabe, argitalpenen eta erakusketen bitartez.
“Kontserba-fabriketako andrazkoak. Beti eskamak kentzen” erakusketak, belaunaldi askotako emakumeen artean errealidade izan zan lanbide hori ahanzturatik berreskuratzeko ahalegina egiten dau. Izan be, dokumentazinoari esker, eta batez be Amaia Apraiz Sahagún eta María Romano Vallejok barriro egindako azterlanari esker, badakigu emakumeak kontserba-fabriketan aritu dirala XVI. mendetik gaur egunera arte. Lanbideak gaur egun be jarraitzen dau, baina laneko hobekuntzei eta garapen teknologikoari esker, lanak ez dau antzik beste garai batzuetakoagaz.
Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko enpresa sarearen biziraupenerako hain garrantzitsua dan lan hori egiaztetan dauen material grafikoa batu dabe (dokumentu ofizialak, egunkarietako zatiak, argazkiak, ilustrazinoak eta artelanen erreprodukzinoak). Erakusketako materiala Apraizek eta Romanok, kultur ondarean adituak, erakusketaren izen bera dauen liburuan batu daben ikerketa lanaren parte da. Egileek erakunde publiko eta pribaduen laguntzea izan dabe lana osotzeko: Campos, Zallo, Arroyabe, Ortiz, Serrats eta Olasagasti kontserba-fabrikak, Arte Eder Museoa, Euskal Museoa, Arrantzaleen Museoa, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Santurtziko Kaia Elkartea, Garavilla familia, Jon Fernández García de Iturrosperen familia (Santurtzi), eta Iñaki Markaida.
Apirilaren 25era arte Bilbon zabalik egongo dan erakusketaren aurkezpenean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak azaldu dauenez, erakusketa honek “emakumeek gure historian izan daben benetako ekarpena aldarrikatu gura dau, mendeetan zehar izan ez daben ikusgaitasuna emonez”. Bizkaiko Batzar Nagusiek ordezten daben gizartetik gertu egon gura izan dabe beti, eta euren eginkizunetik harago “jarrera dinamikoa hartu dabe gizarteari begira, gure legegintza-lanaz harago doazen proiektuak babestuz. Artean, historian edo ondarean egin dogu, baita gizonen eta emakumeen arteko benetako bardintasun eraginkorrean aurrera egiteko burrukan be”, esan dau.
Bere aldetik, kontserba arloko emakumeen lekukotzak jasoten dituan ikus-entzunezko pieza bat be jasoten dauen lanaren egileek liburuaren hitzaurrean nabarmentzen dabenez, kontserba-fabriketako andrazkoen ahotsa “bizirik dago oraindino. Herrialdearen aurrerapenean emakume guztiok presente gagozala ikusteko aukerea emoten dauen sektorearen muskulu industriala da”. Genero-ikuspegiagaz egindako hurbilketatik, egileek “artxiboetan jasotakoa eta gordetakoa kostaldeko udalerrietako emakumeen berbakaz eta oroitzapenakaz bateratu dabe”. Industria horretan beharrean ibilitako emakume beharginek Bizkaiko kostaldeko hainbat enpresatan egindako ekarpena “funtsezkoa izan da iraganean ainguratzen dan baina etorkizunari begiratzen deutsan historia hori berreregiteko”.
Kultur ekimen barri hori Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasun Planean jasoten diran ekintzetan oinarritzen da, alderdi politiko guztien laguntzea jaso dauen gizonen eta emakumeen arteko bardintasunezko tratua sustatzeko ekintza zehatzak jasoten dituan ibilbide orrian. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Estaduan bardintasun plana onartu eben bigarren erakunde legegilea izan ziran, Nafarroako Parlamentuaren ostean. Bere ekintzetako bat Bizkairen aurrerabidean emakumeek egin eta egiten daben lana balioan jarten laguntzea da.
Argitalpenak Kirme Uriberen poema hau jasoten dau:
EMAKUMEAK FABRIKATIK BUELTAN
Kontserba-fabrikan egin zuen lan amamak.
Eta amak eta izebek.
Langileak ziren, ez etxekoandreak.
Edo hori ere bai.
Gustuko nuen lanetik etortzen zirenean
zekarten usain hura.
Arrain, izerdi eta gatzun usaina.
Nahiz eta beraiek gorrotatzen zuten.
Garbitzeko eta ahazteko horren zaila den hura.
Fabrikan lan egiten zuten etxeko emakumeek
eta, ostean, etxean.
Antxoak garbitzen zituzten sukaldeko mahaian.
Ni azpian jolasten nintzen bitartean.
Zorteko banintzen probatzeko emango zidaten.
Ogitartekoak ere antxoekin ziren.
Nik nahiago nuen hori txerrikia edo txokolatea baino.
Lagunek barre egiten zidaten arren.
Beste garai batzuk ziren horiek.
Orduan emakumeek abestu egiten zuten fabriketan,
eta baimena ematen zieten ugazabek
haurrari bularra eman behar bazioten.
Elkarrekin hartzen zuten atseden emakumeek.
Laneko arropekin, harrizko hormaren kontra
eguzkia hartzen edo erretzen, begiak itxita.
Bake une bat bizitzen zuten horrela,
eta ahazten ziren lanaz,
senarrez eta seme-alabez.
Egun, urte andana geroago,
nik ere begiak ixten ditut,
beraien bake une hura aurkitu nahian.
Ahoa zabaltzen dut, esperoan edo,
emakume esku batek opari egin diezadan
antxoa xerra bat.
Sukaldeko mahai gainetik zetorren oparia.
Ni azpian jolasten nintzen bitartean.
Bakarrik, beraiek lan egin behar zuten eta.
“Kontserba-fabriketako andrazkoak. Beti eskamak kentzen” erakusketea
Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoa
Hurtado de Amezaga 6 – Beheko solairua. 48008, Bilbo.
2024.03.04 – 2024.04.25