BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK HARROTASUNAREN EGUNAGAZ BAT EGIN DABE, FATXADAN LGTBI BANDEREA ZINTZILIKATUTA

  • Ostadar banderea daukan olana jarri dabe Bilboko administrazino-egoitzan, Bizkaiko Batzar Nagusiek sexu-askatasunaren alde hartutako konpromisoaren sinbolo lez

(Bilbon, 2022ko bagilaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusiek LGTBI banderaren koloreak dituan olana jarri dabe gaur Bilboko egoitzan, Harrotasunaren Egunerako gitxi falta danean. Ekintza txiki horren bidez, Bizkaiko parlamentuak babesa emon gura deutso kolektibo horri, bai eta personak sexu-orientazinoagaitik diskriminauko ez dituan eta askatasuna nagusi izango dan gizartea eregiteari be.

 Ez da Bizkaiko Batzar Nagusiek LGTBI mobimenduaren aldarrikapenenei babes sendoa emoten deutsen lehen aldia. Orain dala urte bi, egun horreetan bertan, Bizkaiko Batzar Nagusiek “Sare Irekiak” erakusketea antolatu eben, globalizazinoak eta hiperkonexino teknologikoak kolektibo horretan dituen ondorioei buruzko hausnarketea, Bilbao Bizkaia Harro mobimenduak antolatutakoa.

 Aurton, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bilboko administrazino-egoitzako balkoi batean, Hurtado de Amezaga kalean, metro biko luzerako entseina koloretsua jarriz erabagi dabe harrotasunagaz bat egitea. Bertan egongo da garagarrilaren 5era arte, kolektibo horren eskubideak defendiduteko eta oraindino diskriminazinoa jasaten daben LGTBI persona guztiei alkartasuna adierazoteko, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak adierazo dauenez.