BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK LURRALDEKO GARRAIO PUBLIKOA KUDEATUKO DAUEN ERAKUNDE BAKARRA EGOTEA GOMENDATU DABE
- Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeen aldeko botoakaz eta Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen abstentzinoagaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek, ia urtebetez Bizkaiko Garraioaren 2018-2028 Aldirako Plan Estrategikoa aztertu dauen batzorde bereziaren ondorioen txostena onetsi dabe batzordean.
- Figura juridiko bakarra sortzea eskatzen dabe, Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP) oinarri izango dauen Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza (BMA) izenekoa.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin dabe, etorkizunean lehentasuna emon dakion trenbide sistemeari, errepideko garraio publikoaren kaltetan, eta tarifen integrazinoa lortu daiten, 5 eremutik 3ra igaroz, intermodalidadea merketuz eta, bidaiak eta ibilbidea ez ezik, familiako errentak be kontuan hartuko dituan txartel bakarra sortuz.
(Bilbon, 2023ko zezeilaren 3an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaiko Garraioaren 2018-2028 Aldirako Plan Estrategikoa eztabaidatzeko batzorde bereziaren azkenengo saioan, lurraldeko garraio publikoaren etorkizunera begirako ondorioen eta gomendioen dokumentua onetsi dabe gaur. Holan, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeen aldeko botoakaz eta ganerako taldeen (Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) abstentzinoagaz, Bizkaiko parlamentuak, beste gauza batzuen artean, Bizkaiko garraio publikoaren gobernantzan eta kudeaketan gaur egun dagozan figura bien ganeko “loturea” bilatzearen aldeko apustua egiten dabe. “Figura juridiko bakarra, Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza izenekoa, lurraldearen garraioaren arloan eskumenak izango dituana eta Bizkaiko Garraio Partzuergoa oinarri izango dauena”, amaitzen dau onartutako testuak.
Gai horretan adituak diran ia hamar lagunen eretxia entzun ostean egin dan ondorioen txostenaren abiapuntua da Bizkaiko garraio sistemea “lehen mailakoa” dala, lurralde aurreratuenetakoen parekoa”. Uriko eta uriarteko garraio kolektiboaren garrantzia laburbiltzen dau. Horreek “lehentasunezko sistemak dira, eta baliabideak optimizatzeko eta herritarrek eskatzen dabena emoteko; horretarako, bada, eskaini daigun zerbitzuak ongizatea eta gizarte- eta lurralde-kohesinoa hobeak izatea lortu beharko dau, ahaleginez, gastu publikoa handitu barik”. Ondorioen artean, Bizkaiko Batzar Nagusiek txostenean adierazo dabenez, garraio publikoak eredu “eraginkorragoetarantz” eta “digitalizazino-estandar” barrietarantz jo behar dau.
Txostenaren azken atalaren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek zortzi gomendio emon ditue, garraio publikoaren kudeatzaileek “sistema publiko sendoa eregiteko, eta hori bizkarrazurra izatea mugikortasun garbia, jasangarria eta osasungarria lortzeko”. Holan, garraio publikoa koordinetako erakunde bakarrari eusteaz gan, Batzar Nagusiek tarifen integrazinoa lortzea eskatzen dabe, intermodalidadea “errazagoa, eraginkorragoa eta merkeagoa” eginez. Horretarako, Bizkaiko zonakatzea sinplifiketea planteetan da, 5 eremutik 3ra pasauz.
Bizkaiko Batzar Nagusiek, “gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-sistema jasangarria” garatuko dauen etorkizuna ikusten dabe, eta, bien bitartean, “zero igorpeneko” garraioa lortzeko bidean aurrera eginda, gertuen dagoan zerumugan elektrifikazinoa eta hidrogenizazinoa lortuta, trenbide baliabideei lehentasuna emonez. Mobikortasun jasangarriagorantz joateko beste puntu bat, gure lurraldeko bizikleta-egiturak “sendo” bultzatzea da, garraioaren ardatz egituratzaileetako bat diralako, “emisinorik eta inpaktu akustikorik bakoa”.
Bukatzeko, Batzar Nagusien txostenak genero-politikak ezarteko puntu espezifiko bat ezarten dau. Lurralde Historikoko mobikortasunaren garapenean genero-ikuspegia txertatzea gomendatzen da. Puntu horretan, eta Batzar Nagusietako talde guztien adostasunagaz, bidaia-kategoria barriak kontuan hartzeko beharra sartu da, “zaintzek” eragindakoak, adibidez.
Gaur aurkeztu dan Txostenak bultzadea emon deutso ia urtebetez 500 orrialde inguruko dokumentua egin dauen batzorde bereziari. Txosten hori Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzak (BMA) eskatu eta Aldundiak aurkeztu eban 2021eko martiaren 29an egindako batzordean. Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen proposamenez, urte horretako garagarrilaren 14ko ohiko osokoak aho batez onetsi eban batzorde hori sortzea, eta igazko martian jarri zan martxan.
Berrespenerako osokora eroan aurretik, aurretiazko dokumentua hainbat alderditan aldatuko da. Batzar Nagusietako talde guztiek, erdibideko zuzenketa-eske baten bitartez, Ignacio Jerónimo batzordeko presidenteak 2035. urtean jarri dauen etorkizuneko garraioaren plan estrategikoan, “txartel bakarra” sartzea adostu dabe, “ibilbidea, bidaia kopurua eta erabiltzaileen errentak” kontuan hartuko dituen tarifakaz.
Halanda be, oposizinoko taldeek planteetan ebezan beste soluzino batzuk onartu barik geratu dira. Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak, 8 zuzenketa-eskeren bitartez (beste 2 kendu ostean), zahartze aktiboa kontuan hartuko dauen garraioa planteau dau, errepideetan errei espezifikoak izango dituana, bikoiztasunak saihestuko dituana eta Itsasadarreko ibai-garraioa sartuko dauena, geltoki intermodaletako “bizikletak aparketako gune” seguruez gain.
Elkarrekin Bizkaiak, bere aldetik, aldaketarako proposamen bi aurkeztu ditu dokumentuan. Genero ikuspegiari buruzko ekarpen bat kendu ostean, talde moreak, bigarren ekarpenean, Bilbo metropolitarretik urrunen dagozan eskualdeen beharrak ezagutzeko azterlana egitea defendidu dau, baina ez dau arrakastarik lortu. Eva María Cabornerok defendidu dauenez, “helburua persona guztien mobikortasunerako eskubidea sartzea da, euren bizilekua edozein izanda be”.
Bukatzeko, EH Bilduk, bere ekarpenen bitartez, garraioaren egoerea aztertzen dauen txostenaren atala aldatzea bultzatu dau. Garraioaren “kalidade handia” autortzen da, baina baita bere eskaintza barrikusteko beharra be, eraginkorragoa izan daiten. Izan be, “erakundeen eskumen desbardinak dirala-eta apur bat segmentauta dago”. Horrez gain, koalizino abertzaleak testuan 12 aldaketa sartzeko eskatu dau, eta horreetatik 8 aurrera ateratzea lortu dau, testuan hainbat ñabardura sartuz.