BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ATZERA BOTA DITUE HERRI ADMINISTRAZIOA ETA ERAKUNDE HARREMANEN SAILEKO AURREKONTUEI AURKEZTUTAKO ZUZENKETA-ESKE PARZIAL GUZTIAK

  • Gaur arratsaldean hasi da Batzar Nagusietako taldeek 2024ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuari aurkeztutako 388 zuzenketa-eske parzialen eztabaidea Bizkaiko Batzar Nagusietan.
     
  • Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez ditue onartu oposizinoak Ager Izagirrek zuzentzen dauen saileko Kontuen kontra erregistrau dituan 29 zuzenketa-eskeak.


(Bilbon, 2023ko abenduaren 18an). 2024ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak aurrera jarraitzen dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, barikuan osokoak osoko zuzenketa-eskeak atzera bota eta gero. Gaur arratsaldean, Ogasun eta Finantzetako Batzordeak zuzenketa-eske parzialen eztabaidea eta bozketea hasi ditu. Foru Gobernua eusten daben Batzar Nagusietako taldeek –Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– ez ditue onartu oposizinoak Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Sailaren Kontuen kontra aurkeztu dituan 29 aldaketak. Oraingoz, programak eta Ager Izagirrek zuzentzen dauen sailaren zenbatekoak, datorren urterako 84,2 milioi euro, aldaketarik barik iritsiko dira aurrekontu testuari argi berdea emon behar deutson abenduaren 29ko osokora. 

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Sailaren erespena Aldundiak proiektautakoan aldaketarik sartu barik idatziko da, EH Bilduk 10 zuzenketa-eske eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak beste 19 aurkeztu dituen arren. Talde biek, Aldundiko sail horretako Kontuen aurrean zuzenketa-eskeak aurkeztu dituen bakarrak, garrantzi desbardineko aurrekontu-aldaketak sartu gura ebezan.

Holan, oposizinoko alderdi nagusiak, alde batetik, Bizkaiko Aurrekontuak modu parte-hartzailean egiteko proiektu pilotua sartzea eskatu dau, eta, bestetik, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeagaz hitzarmena ezartea, parte-hartze prozesuetan emakumeen parte-hartzea bultzatzeko. EH Bilduk udal gobernantzako ereduan ikuspegi feministea sartzeko eta udalen parte-hartzea bultzatzeko diru-laguntzen lerroa handitzeko proiektuetarako 150.000 euroko dirulaguntzea eskatu dau. 150.000 euroko hitzarmenaren bitartez Euskal Unibersidade Publikoa Bizkaiko Foru Sektore Publiko osoko aurrekontuen I. Kapitulua aztertzeaz arduratzea be gura eben.

Horrez gain, koalizino abertzaleak beste partida batzuk be eskatu ditu: koordinazino eta Hizkuntza Normalkuntzako beharretarako bertako beharginen plantillea handitzeko; “Herri Txiki, Aukera Handi” proiektua beste eskualde batzuetara eroateko; Lurraldeko lau toki erakunde txikiren funtzionamentua bermatzeko; eta udaletan eten digitalari aurre egiteko. Azken helburu horretara milioi bat euro bideratu gura eban.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, bere aldetik, 5,3 milioi eskatu ditu udalakaz koordinauta iraupen luzeko lanbakoak kontratetako plana gauzatzeko. Proiektuei eta azterlanei jagokenez, enpresek lanaldia astean lau egunera murrizteko proiektuak egin daiezan laguntza ekonomikoa eskatu dau (500.000 euro), eta gai horri buruzko azterlana egiteko Foru Administrazinoarentzat beste partida bat. Modu berean, adinbakoaren interesari jagokezan politiken koherentziari eta GJHak beteteari buruzko azterlana egin gura eban. Zerbitzu publikoen “errepublifikazinorako” kostuei eta bideragarritasunari buruzko beste azterlan bat egitea be planteau dau. 

Horrez gain, talde moreak Sabino Arana Fundazinoari, Ramón Rubial Fundazinoari eta Eusko Ikaskuntzen Fundazinoari egiten jakezan transferentziak kentzea eskatu dau, baita publizidadeko eta propagandako gastu batzuk eta Lantik-eko bikoiztasunak eragindako beste batzuk bertan behera ixtea be. Bere eskaeren artean honeek be egon dira: behargin publikoen plantillea indartzeko plana diseinetea; beharginen kopurua handitzea, aldez aurreko hitzordurik bako aurrez aurreko arretea berreskuratzeko; eta Karrantzako udalerriari ur hornidura eta saneamendu sarea hobetu ahal izateko laguntza ekonomikoa emotea.

Bukatzeko, Elkarrekin Bizkaiak ordezkaritza juridikoaren gastuen partidea handitzea eskatu dau, Eusko Jaurlaritzak energiaren arloko makroproiektuen “inposaketearen” aurrean ingurumena eta lurraldea babestearen arloko legezko ekintzei ekiteko, edo kontratautako eta azpikontratautako enpresek klausula sozialak beteten dituela bermatuko dauen hitzarmen, kontratu eta dirulaguntza eredua diseinetako.