BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU SAE ALDI BATERAKO KONPONBIDE BIHURTZEA BIZKAIBUSEKO GIDARIEN SEGURTASUNA BERMATZEKO
- Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko batzordeak ez dau onartu Ustiapenari Laguntzeko Sistemea (SAE) Bizkaibuseko beharginen kontrako erasoak kudeatzeko konponbide iragankorra izan daiten Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena.
- Aldundiak jakinarazo dauenez, Taxiaren Batzordea eratzeko legezko xedapena 2026. urtearen erdialderako egongo da prest.
(Bilbon, 2026ko urtarrilaren 30ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Batzordeak ez dau onartu gaur Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena. Proposamen horrek eskaria egiten deutso Foru Aldundiari, Ustiapenari Laguntzeko Sistemea (SAE), Bizkaibusen zerbitzuan gertatzen diran erasoen aurreko eragile nagusia izan daiten. Ekimena ez da onartu, kontrako 9 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta aldeko 6 (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta EH Bildu) jaso ditualako.
Ekimenaren helburua, 2026tik aurrera martxan egongo dan Kontrol Zentro espezifikoa behin betiko martxan jarri arte behin-behineko neurriak ezartea zan, Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak adierazo dauenez. Parlamentuaren gehiengoak ez dau onartu proposamena, SAE ez dalako segurtasun integraleko funtzinoetarako diseinautako edo kontratautako tresnea.
Talde moreak bere proposamenaren preminea defendidu dau, eta adierazo dau zerbitzuko erasoen ratioa 2021ean % 29,6koa izatetik 2025ean % 48koa izatera pasau dala, hau da, % 60ko igoerea izan dau lau urte eskasetan. De Madariagak salatu dauenez, segurtasunaren arloan gaur egun dagoan hutsuneak sortzen dituan egoeretan, beharginek izuaren botoia sakatzen dabe eta ez dabe berehalako erantzunik jasoten, SAE ez dagoalako aktibo edo beti ez dagoalako beharginik. “Erantzunik bako botoia ez da segurtasun neurria, babes sentsazino faltsoa baino”, esan dau Madariagak. Proposamenak hiru neurri zehatz ebazan: larrialdiko deien arretea SAEren bidez ofizializetea; erasoen protokoloan lehentasunezko eragile lez sartzea; eta zerbitzu hori enpresa emakidadun guztietan 24 orduz aktibo egongo dala bermatzea.
Goyo Zurro Tobajas Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak, bere aldetik, kontrako botoa emon dau, SAE kudeaketa operatibora (ibilgailuen lokalizazinoa, maiztasunen erregulazinoa eta ordutegien kontrola) zuzendutako sistemea bakarrik dala esanez, eta ez segurtasun sistemea. Zurrok ohartarazo dauenez, SAEk ez dauka arriskuak etenik barik monitorizetako, irudiak grabetako edo behargin espezializauakaz zuzenean esku hartzeko gaitasunik.
Horrez gain, bozeroale sozialistak gogora ekarri dauenez, proponidutako erabilerea ez dator bat emakidadunakaz indarrean dagozan kontratu publikoakaz. “SAE ez da Bizkaibusen segurtasuna bermatzeko konponbidea. Ezin deutsaguz ez dituan ahalmenak esleitu”, adierazo dau Zurrok, eta balioan jarri ditu Garraio Saila daborduko bultzatzen ari dan egiturazko 18 neurriak, joan dan urtarrilaren 27an hasi zan segurtasuneko alertak jaso eta kudeatzeko zerbitzuaren lizitazinoa barne.
Ildo berean, Unai Lerma Mentxaka Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak bere ezezkoa justifikau dau, bere eretxiz Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Saila daborduko etenik barik ari dalako beharrean segurtasunean, eta ez dalako mugatzen epe luzerako konponbideak itxarotera. Lermak “trantsizino-aldi” lez definidu dau gaur egungo unea, eta Aginte-Postu Bateraturako bidea egiten dan bitartean, SAEk de facto erantzuten deutse arrisku-abisuei.
TAXIAREN BATZORDEA
Eneritz De Madariaga Martinek egindako galderei erantzunez, Sonia Pérez Ezquerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak Taxiaren Batzordea sortzeko aurretiazko kontsulta publikoaren prozesua hasi dala iragarri dau, aireportuan, BECen eta itsas bidaietarako terminalean sektorearen errealidadea ezagutzeko informazino prozesuakaz, baita Taxiaren Batzordea koordinazino eta lankidetzarako organu lez sortzeko be.
Diputatuak argitu dauenez, hasierako aurreikuspenaren aurrean izandako hilebete bateko atzerapena “gai teknikoek” eragin eben, baina xedapena 2026. urtearen erdialderako prest egon daiten kronogramak martxan jarraitzen dauela esan dau. Araudi barri horren helburuen artean honeek nabarmentzen dira: bidaiak sortzen dituen zentroetarako araubide juridiko iraunkorra ezartea; lurraldean taxi egokituen faltea arintzea; jasangarritasuna eta energia alternatiboen erabilerea sustatzea; eta sektorean emakumeen presentzia bultzatzea eta lanaren eta familiaren arteko bateragarritasuna hobetzea.
Neurri horreen bitartez, Aldundiak erantzun malgua emon gura deutse ekitaldi edo azpiegitura kritikoetan tokiko taxiak bakarrik xurgatu ezin dituan aparteko eskari pikoei.


