BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU 2024KO AURREKONTUETAN RUZABALGO BATZAREN FINANTZIAZINOA BERMATZEKO PARTIDA SARTZEA

  • Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek uko egin deutsie Bizkaiko Batzar Nagusietako hurrengo ordezkariak “baldintzatzeari”, horreek diralako datorren urteko Kontuak onartu behar dituenak.


(Bilbon, 2023ko zezeilaren 28an). Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia taldeen kontrako botoakaz, EH Bilduren aldeko botoagaz eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen abstentzinoagaz, Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamendu On eta Gardentasunerako Batzordeak ez dau onartu, 2024ko aurrekontuetan Urduñako Ruzabalgo Batzako toki erakundeen finantziazinoa “bermatzeko” Aldundiari partida bat sartzeko eskatzen eutsan koalizino abertzalearen arauz besteko proposamena. 

EH Bilduren ekimenak datorren urteko aurrekontuetan Belandia, Lendoñogoiti, Lendoñobeiti eta Mendeika herrixkak, hau da, Urduñako udalerriaren “erdia”, batzen dituan Batza horren zerbitzuak beteteko tratamendu “espezifikoa” sartu gura eban. Orain arte, Zigor Isuskiza batzordekideak adierazo dauenez, Udalak hartu ditu bere gain XV. mendeko “altxor historikoaren” beharrak.

Bizkaian bakarra dan erakunde horren garrantzi historikoa autortu arren, eta haren kudeaketa eredua zalantzan jarri barik, foru Gobernua eusten daben talde biek ez dabe ekimena onartu datorren maiatzeko hauteskundeetan hautatuak izango diran ordezkarien lana “ez baldintzatzeko”. Ordezkari barriek negoziau beharko dabe 2024ko kontuen eukia.

Dana dala, Batzar Nagusietako talde guztiak bat etorri dira esatean Eudelek eta Aldundiak sortutako eta udalen finantziazinoa barrikusten ari dan batzorde mistoak gai hori “kontuan hartuko” dauela udalerrien arteko banaketea ezarterakoan. Gaur egun, Udalak “50.000 euro inguru” ditu esleituta Ruzabalgo Batza finantzetako, EH Bildu taldetik adierazo dabenez. Talde horrek berak, aurrekontuetako zuzenketa-eskeetan, “100.000 euroko” partidea ezartea planteau eban, Aldundia izan daiten gastuak bere gain hartuko dituana.

Horri jagokonez, Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek osotasunezko zuzenketa-eskea aurkeztu eben batzorde misto horren lanaren barruan, toki erakunde txikien errealidadea “aztertzeko”, baina EH Bilduk ez eban onartu. Izan be, euren eretxiz, batzorde hori da proponidu behar dituana “toki ogasunei buruzko foru arau barria idazteko eta, hala bajagoko, onartzeko balioko daben udal funtsak banatzeko erispide barriak”.


HERRITARREN INFORMAZINO-ESKAERAK 2022AN

Beste alde batetik, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak harrerea egin deutse gaur gardentasunaren arloan egiten daben jarduereari buruzko urteko txostenaren barri emotera etorri diran Erreklamazinoen Batzordeko arduradun nagusiei. Txosten horrek informazino publikoa eskuratzeko eskaeraren aurrean Aldundiaren ezezkoa jaso dabelako herritarrek aurkeztu dituen erreklamazinoek egin daben ibilbidea jasoten dau.

Halan, organu horrek 2022an emondako 13 ebazpenetatik 1ek 2021ean egindako erreklamazino bati erantzuten eutsan, eta ganerakoek igaz aurkeztutako 12 erreklamazinoei egiten deutsee erreferentzia. “Guztiak” 2022an ebatzi ebazan Erreklamazinoen Batzordeak, María Barrena Ezcurra presidenteak laburtu dauenez. Batzorde horrek eskatzailearen aldeko sei erreklamazino onartu ebazan; lau epez kanpo erantzun ebazan Administrazinoak, eta, ondorioz, kexa-prozedura artxibau egin zan; eta beste hiruak ezetsi egin ziran, hainbat errazoirengaitik.

Sailka, eta txostenean jasoten danez, lau erreklamazinok Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak esku artean dituan gaietan eukien eragina; hiru erreklamazino Ogasun eta Finantza Sailaren jarduketei buruzkoak ziran eta beste hiruren helburua Gizarte Ekintzari buruzko informazinoa eskatzea zan. Modu berean, Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak eta Enplegu, Gizarte Inklusio eta Bardintasun sailek eta GUFEk ebazpen bakarra izan eben igaz.

Ganera, eta gaur batzordeari emondako informazinoa kontuan izanda, 2022an informazino publikoa eskuratzeko 71 eskaera erregistrau ziran. Gehienak onartu egin ziran (60), eta beste batzuek ez eben baldintzaren bat bete; beraz, atzera bota ziran. Lau ebazteko dagoz oraindino.

Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek Bizkaiko Gardentasun Arloko Erreklamazinoen Batzordearen Jardueren Memoriatik ateratako zenbaki “eskasak” deitoratu ditue. Bizkaiko biztanleria kontuan izanda, Arantza Urkaregi batzarkideak adierazo dauenez, “oso jente gitxi” da Aldundiari informazinoa eskatzeko bide hori erabilten dauena. “Egia da”, egiaztau dau Barrenak, “baina, beharbada, herritarrek jarduera politikoan parte hartzeagaz dauka zerikusia”.


PROIEKTU EOLIKO BATI BURUZKO INFORMAZINOA

Bukatzeko, Elkarrekin Bizkaiak Artzentales-Sopuerta parke eolikoa Alen eta Mello mendien artean egiteko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazinoaren barruan Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak egindako txostenari buruz galdetu deutso Aldundiari, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuari, hain zuzen be, bera dalako “udalerriakaz izan beharreko hartu-emonaren arduraduna”. Talde moreak jakin gura izan dau Aldundiak “derrigorrezkoa, baina ez loteslea” dan txosten hori eragina jasango daben udalerrietara (Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskiz) eroango dauen ala ez.
 
Azkenean, Amaia Antxustegi Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatua izan da agerraldia egin dauena, bere sailaren ardura izan zalako txostena egitea eta Eusko Jaurlaritzari heldu arazotea. Azken horrek erabagi behar dau 49,6 MWko ahalmena daben 8 aerosorgailu instalau gura dauzan Euskal Haize S.K. enpresak aurkeztutako proiektuaren inguruan. Antxustegik adierazo dauenez, Aldundiak “ez dauka ezelango eragozpenik” txosten hori eragina jasango daben udalei bialtzeko, euren zereginen artean egon ez arren. Dana dala, informazinoaren arloan, Aldundia indarrean dagoan araudia apliketan ari dala eta herritarrek proiektuaren eukia modu digitalean eskuratu ahal dabela jakinarazo dau, “norbanako batek” daborduko egin dauen moduan.