GALDARA KOMUNITARIOAK DITUEN ETXEBIZITZEK AZKEN BALIABIDEKO GASAREN TARIFARI HELDU AHAL IZATEA ESKATU DABE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK
- Aho batez onartutako erdibideko zuzenketa-eske batek araudia barrikusteko eskatzen deutso Gobernu Zentralari, eta, aldi berean, energia barriztagarrien erabilerea eta energia-eraginkortasuna sustatzeko jarduerak indartzeko eskatzen deutse Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari.
(Bilbon, 2022ko garagarrilaren 8an). Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe EH Bildu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek sinatutako erdibideko zuzenketa-eskea, galdara komunitarioak dituen gas-kontsumitzaileek be gas naturalaren azken baliabideko tarifak baliau ahal izan daiezan.
Gaur eguerdian Bizkaiko Batzar Nagusietan lortutako adostasunak, “tarifa horren erabilerea erreguletan daben arauen barrikuspena aztertu daiala” eskatzen deutso Trantsizino Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari, “etxebizitza bakotxeko urteko gas konputauaren kontsumoa azken baliabideko tarifetan ezarritako gehieneko kontsumoa baino txikiagoa daukien bizilagunen komunidadeei sarbidea errazteko helburuagaz”.
Bigarren puntuan, Bizkaiko Batzar Nagusiek beste agindu bat adostu dabe, kasu honetan Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari zuzenduta, exekutibo biek “Lurraldean energia barriztagarrien erabilerea eta energia-eraginkortasuna sustatuko daben jarduerak indartu daiezan”, “energiaren aurrezpena eta bidezko energia-trantsizinoa erraztuz”.
Martian aurkeztu eta orain, udan, eztabaidatu dan arren, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak adierazo dauenez, hiru taldeen artean adostu dan eta arauz besteko proposamen bat ordezten dauen ekimena “ez da zaharkituta geratuko”, negua “laster helduko dalako”, eta Bizkaian badagozalako kontsumoa 50.000 kw/h-tik gorakoa danean azken baliabideko tarifea erabili ezin daben kontsumitzaileak; berokuntza komunitarioko sistema daukien bizilagunen komunidade gehienetan gertatzen da hori.
Holan, Juan Otermin sozialisten bozeroaleak adierazi dau “egokia” dala gobernu zentralak eskaera horri “erantzutea”, Araba moduko beste lurralde batzuetan be onartu dalako, negua heltzen danean kontsumoak “asko igongo” diralako.
Beste alde batetik, Jesus Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak deitoratu egin dau egungo araudiak, energia arloan sistema “eraginkorragoak” dituen komunidadeak tarifa-eredurik merkeenetik “kanpo” itxi izana, eta hori “kontraesana” dala uste dau.
Talde Berezia-PP Bizkaia taldea ez da akordioagaz hain konforme agertu. Ekimenari baiezkoa emon arren, Eduardo Andrade bozeroaleak adierazo dau ez dauela ezertarako balioko, negua oso gogor datorrelako. “Partxea” baino ez dala esan dau, eta ironiaz adierazo dau Aldundia babesten daben alderdiak dirala “euren buruari eskari hori egiten deutsienak”.
Beste alde batetik, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroalea bat etorri da popularrakaz “partxearen” idea horretan; izan be, uste dau gasaren prezio altuen konponbidea “aldaketa sakonak” sartu ostean etorriko dala, bai herritarren bizi-ereduan, bai, “oligopolio” energetikoan oinarrituta dagoan egungo eredu produktiboan. Bizkaiak egin daikenari jagokonez, energiaren aurrezpenerako eta eraginkortasunerako neurriak indartzeaz gain, alderdi moreko batzordekidea “zerga-prebendak amaitzearen” alde agertu da, horreek energia-enpresen irabazi “handiak” areagotu baino ez dituelako egiten.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Batzordea Elkarrekin Bizkaiaren ahozko sei erantzun-eskegaz itxi da. Aldundi barruko bulegoen lekualdaketea planifiketearen, landa-eremuetan eta kolektibo jakin batzuetan eten digitala desagerrarazotearen, Bizkaia Garapen Iraunkorreko Helburuakaz (GIH) lerrokatzearen, nazinoarteko ekitaldi handiak erakarteko politikaren, Siemens Gamesa enpresan gertatutako aldaketen eraginaren eta Bizkaiko Foru Aldundiak etorkinen egoeran daukan zerikusia dala eta Arartekoak emondako gomendioen inguruko azalpenak eskatu ditu. Elixabete Etxanobe, Teresa Laespada eta Ainara Basurko diputatuak batzordean izan dira gai horreei erantzuteko.
Lehenik eta behin, Elixabete Etxanobe Erakunde Harremanetarako, Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako foru diputatuak adierazo dauenez, “oraingoz ez dago ezer erabagita” Bizkaiko Torrean Aldundiko beharginentzako espazioak okupeteari jagokonez; izan be, “lehentasuna” ekintzailetza zentroa “garatzea eta martxan jartea” da. Oraindino egiaztau dan lekualdatze bakarra Foru Jauregiko beharginena da, Bilboko Aiara kaleko bulego batera joateko.
Eten digitalaren kontra burrukatzeko ekintzen artean, Aldundiko arduradunak adierazo dau “KZgune” sarearen erabilerea baloretan ari dirala, adinekoen kolektiboaren teknologia barrien inguruko prestakuntzeagaz eta trebakuntzeagaz zerikusia dauen “beren beregiko” lehenengo ekintzari formea emoteko. Holan, Aldundiak webgunea eta aplikazinoa barrikustea be jarri dau helburutzat, kanal digital barriak txertatzeaz eta aurrez aurreko arretarako dagozan kanalak aztertzeaz gain.
Beste alde batetik, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatuak ziurtatu dau Aldundiak “beteten dituala” familia-erreferenterik bako gazte etorkinen (18-23 urte) egoereari buruz Arartekoak egindako gomendioak. Gomendioak 2020ko datuetan oinarrituta egin ditu Arartekoak. Kolektibo horri zuzenduta dagozan programa eta laguntza batzuk aitatzeaz gain, Laespadak dokumentua “zaharkituta geratu dala” ohartarazo dau; izan be, dokumentua egin ostean, BGDSren erreformea eta Atzerritarren Legearen aldaketea etorri dira, eta Eusko Legebiltzarrean DSBEaren erreforma izapidetzen ari dira.
Modu berean, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu dau Aldundiak lanean jarraitzen dauela legegintzaldiko agindua beteteko, lurraldeari “balio erantsia” emoten deutsien ekitaldi handiak erakarteari jagokonez. Horretarako, bere sailak lau urte honeetan Bizkaia Egiten planean “8 milioi €-ko” inbertsinoa egitea aurreikusi eban. Pandemiak goitik behera baldintzatu dau urteko kopuruak gauzatzea, ekitaldi batzuk “bertan behera geratu edo atzeratu egin diralako”. Hori holan, 2020an, “1,8” milioi euro gastetea aurreikusita egoanean, “1,1” milioi euroko partidak gauzatu ziran. Eta 2021ean kontrakoa gertatu zan. “700.000 euroko” aurrekontua izan zan, eta, gastua “2.450.000 eurokoa”, neurri handi batean 2023ko Frantziako Tourraren urteerak ekarri eban aurrerapenarengaitik. Israel Escalente Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak gogor kritikau dau ahalegin guztia Bilbon “fokalizetea”.