BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ARTXANDAKO SEGURTASUN EREMUAN SEINALEAK JARTEKO ETA EHIZA DENPORALDIAREN AURRETIK INFORMAZINO KANPAINA BAT EGITEKO ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek modu parzialean onetsi dabe EH Bilduk eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak batera aurkeztu daben arauz besteko proposamena, Foru Gobernuak seinale horizontalak eta bertikalak jarri daizan ehiza-jarduerea debekauta dagoan eremuaren mugetan, eta ehiza-denporaldi bakotxaren hasieran informazino kanpainea egin daian.
  • 2030era arte indarrean egongo dan hondakinen plana datorren hilebetetik aurrera hasiko da izapidetzen.

 

(Bilbon, 2024ko zezeilaren 7an). Bizkaiko Batzar Nagusiek EH Bilduk eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak alkarregaz aurkeztu daben arauz besteko proposamenaren parte bat onartu dabe gaur, Artxandako Segurtasun Eremuan, 2020ko abenduan Aldundiak hamar urterako ehizea debekau eban 117 hektareako perimetroan, ehiztariek eragiten dituen arazoak desagerrarazoten saiatzeko. Batzar Nagusietako taldeek aho batez onetsi dabe seinaleak jartea eta ehiza denporaldi bakotxaren hasieran informazino kanpainea egitea. 

Ekimena aurkeztu daben taldeek hiru puntu sartu ditue, hobetu daitekezan hiru alderdi, Aldundiak ezarri dituan neurriei gehitu beharrekoak, herritarrek behin eta barriro salatu dituen “ez-beteteak” saihesteko, horreetako bat joan dan abenduaren 4an Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Ricardo Vaquero batzordekidearen berbetan, Foru Aginduak “ez dau lortu espero zan emaitza”. “Pausuak emon dira, baina ez dira nahikoak izan”, aitortu dau EH Bilduko Raúl Mendezek be.

Holan, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe, alde batetik, “ehiza-denporaldi bakotxaren hasieran informazino-kanpaina bat egitea, segurtasun-eremuak mugatutako gunea eta haren ezaugarriak gogora ekarteko. Kanpaina hori Bizkaiko Ehiza Federazinoari eta inguruko bizilagunei zuzenduta egongo da” dinoen puntua. Eta, bestetik, Batzar Nagusietako talde guztiak honen alde be agertu dira: “Artxandako segurtasun-eremuaren perimetroan seinale horizontalak eta/edo bertikalak jartea, eremu horren mugak eta ezaugarriak adierazteko”.

Artxandako ehizako segurtasun-eremua orain dala hiru urte baino gehiago ezarri zan, Bilbo eta Sondika udalerrien artean dagoan Artxandako ertza izeneko perimetroan ehiza-debekua ezarteko. BI-3741 errepidearen alboetan dagozan lurrak hartzen dituen 117 hektarea dira, etxebizitzetatik 200 bat metrora, alde bakotxetik. Eremua San Roke baseleizaraino zabaltzen da.

Aldi berean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoagaz, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko batzordeak baztertu egin dau ekimenaren hirugarren puntua. Bertan, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren eta Artxandan bizi diran personen artean “komunikazino kanal azkarra eta eraginkorra” ezartea eskatzen zan, “detektauko diran Foru Aginduko arau-hausteak eta ez-beteteak” bideratu ahal izateko. Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek berretsi dabenez, kanal hori daborduko zabalik dago, zuzenean zein Zugaztelek kudeatzen dauen zerbitzuaren bitartez.

 

BHPKPI-RI BURUZKO AHOZKO ERANTZUN-ESKEA

Beste alde batetik, eta ahozko erantzun-eske baten bitartez, 2024ko Aurrekontuetan Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integralaren (BHPKPI) tramitazinoa jasoten zala ekarri deutso gogora EH Bilduk Aldundiari. Idoia Buruaga batzordekideak tramitazinoa zein puntutan dagoan eta noiz amaitzea aurreikusten dan galdetu deutso Foru Gobernuari, “ez dagoalako atzerapena justifiketako pisuzko errazoirik”. Dokumentua “2022ko bagilaren 6an” aurkeztu zan batzordean. 

Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak iragarri dauenez, azkenengo dokumentua “berehala” helduko da Gobernu Kontsejura. Izan be, planaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa “bariku honetan” argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Beraz, plana “datorren hiletik aurrera” hasiko da tramitetan. Atzerapenaren errazoia da tramitazinoa eten egin behar izan zala zenbait informazino falta zalako. “Ez jakezan egin behar ziran aurretiazko kontsulta guztiak egin hainbat erakunderi”. Horreen artean Atutxak Bilboko Auzo Alkarteen Federazinoa, Meatzalde Bizirik Ekologista Taldea eta ELA, Steilas eta LAB sindikatuak aitatu ditu.