BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK JAUBETZA PRIBADUKO ERAIKIN HISTORIKOAK JENTEARENTZAT EDEGITEKO ARAUDIA PRESTETAKO ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI
- Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legea betez Foru Aldundiak gai hori “2023an zehar” gauzatzea eskatzen dauen EH Bilduren arauz besteko proposamena onartu dau Bizkaiko parlamentuak.
(Bilbon, 2022ko abenduaren 22an). Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie gaur Foru Aldundiari, Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa bete daian, hau da, Kultura Ondare izendautako jauregiak, torretxeak eta jaubetza pribaduko eraikin historikoak bisitau ahal izateko araudia garatu daian.
EH Bilduren arauz besteko proposamenak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoa eta Elkarrekin Bizkaiaren eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren abstentzinoa jaso dau. EH Bilduk arinago be be aurkeztu eban beste proposamen bat, araudia sei holebeteko epean egin daitela eskatuz, baina zemendian talde proposatzaileak berak erretiratu egin eban. Orain onartu dan proposmenean, barriz, Euskera, Kultura eta Kirolerako Sailari eskatzen jako datorren urtean zehar arautu daiala gai hori. Lorea Bilbao diputatuak esan dauenaren arabera, “Gauzak konpliketan ez badira”, “askoz lehenago” egongo da prest, tramiteak “hasi dira-eta”.
Legearen artikuluan oinarrituta, eraikin horreen jaubetzak “jagokon foru aldundian kultura ondarearen arloan eskumena dauen sailak araututako baldintzetan emon beharko dau bisita publikoa egiteko aukerea”, gogorarazo dau Zigor Isuskiza EH Bilduko batzordekideak. Talde horrek azkenean ez dau onartu Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskea, araudia egiterakoan “lurraldeko unibersidadeko komunidadea” kontua hartu daiten. Edozelan be, zuzenketa-eskea onartu ez arren, Isuskiza jaunak adierazo dau eskaera hori “kontuan hartu beharko litzatekeala” araudia egiterakoan.
MOLINOS VASCOS ERAIKINA ETA ESKOLA KIROLA
Beste alde batetik, Euskera, Kultura eta Kirolerako batzorde berean, EH Bilduk Molinos Vascos eraikina ez hondatzeko aurton hartu diran babes neurrien ganean itaundu deutso Aldundiari, baita futboleko umeen kategoriaren kudeaketea Federazinoari lagateko erabagiaren ganean be. Lehen, kategoria hori Eskola Kiroltzat hartzen zan.
Molinos Vascos eraikina Zorrotzaurreko ugartearen parean dago eta Eusko Jaurlaritzaren ondare babes maila gorenaren jaube da. Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirolerako foru diputatuak esan dauenaren arabera, eraikinaren jaubeek 2023ko zezeilera arteko epea daukie birgaitze proiektua entregetako eta, holan, “esku-hartzea lehenbailehen gauzatu ahal izateko”.
Diputatuak Ondare arloko taldeak aurton jaubetzeagaz egin dituan ekintzen barri emon dau. Ekintza horreen ondorioz, Aldundiak “zemendiaren 22an” baimendu egin eban eraikinaren jaubeek hilebete horretan bertan eskatutako sei hilebeteko luzapena, arkitektura-talde baten parte-hartzeagaz proiektua idazteko.
Zigor Isuskiza EH Bilduko batzordekideak esan dauenez, atzerapen barri hori eraikinaren egonkortasunaren “kalterako da”, batez be teilatuaren egonkortasunerako, horren egoerea “oso larria” dalako. Holan, “erantzukizunak” eskatu deutsaz Aldundiari, eta gogotara ekarri dau bere taldeak aurrekontuetan milioi bat euroko partidea sartzeko zuzenketa-eskea aurkeztu dauela, eraikin horretan preminazko “azaleko” mantentze lana egiteko. Bilbaok erantzun dauenez, “egoerearen jarraipena egin da une oro”, eta Aldundiak proiektua egiten danean “konponbidea emoteko” konpromisoa dauka.
“UMEEN OHOREZKO eta UMEEN TXIKI” kategorien kudeaketea ikasturte honetan federazinora aldatu izanaren balorazinoari buruz itaundu jakonean, Bilbaok “denporaldi amaieran” egingo dala baieztu dau, eta une horretan erabagiko dala “sistema horregaz jarraitu ala aurrekora itzuli”, futbol klubek eta Bizkaiko Futbol Federazinoak berak eskatu eben “entseguaren” ostean.