ESKATUTAKO GELDIALDIEN BIZKAIBUS ZERBITZUAREN ORDUTEGIAK LUZATZEKO ESKATU DEUTSIE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ALDUNDIARI
- Batzar Nagusietako talde guztiak agertu dira Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamenaren alde, eraso matxistak saihesteko pentsautako zerbitzu hori apurka apurka zabaldu daiten, A-3136, A-3932 eta A3622 lineetatik hasita.
- Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko diputatua Bizkaiko garraio publikoaren prezioaren % 50eko beherapena Barik txartelera be ailegetearen alde agertu da.
- Deskontu hori kontaktu bako txartelean apliketeak, irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean “4.428.354” euroko eragina izango dau diru-kutxa publikoetan, Bizkaibusi jagokonez bakarrik.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaibuseko zonifikazinoan Larrabetzuk daukan gunea “lehenbailehen eta behin-behinean” aldatzea eskatu dabe.
(Bilbon, 2022ko garagarrilaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat onartu dabe gaur, aho batez, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako batzordean, Aldundiak Eskatutako Geldialdien Bizkaibus zerbitzua indartu daian eskatzeko. Eva María Cabornero batzordekideak aurkeztutako ekimenean, Eskatutako Geldialdien Bizkaibus zerbitzuaren ordutegiak luzatu daizala eskatzen jako Foru Aldundiari, urritik apirilera bitarteko ordutegia 20:00etatik 06:30era artekoa izan daiten.
Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatutako geldialdien zerbitzua “apurka-apurka” zabaldu daiala eskatu deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaibuseko A-3136, A-3932 eta A3622 lineetatik hasita, gaur egun linea horreetan eskatzen dalako gehien zerbitzu hori, zerbitzua ordu bi eta erdi geroago hasten dan arren (22:30). Helburua, eskariaren jarraipen egokia egin ahal izatea da eta “datuak jaso ahala, erabagi ahal izango da etorkizunean Bizkaibusen osterantzeko lineetara zabalduko ete dan”, Batzar Nagusietan onartu dan proposamenaren testuan esaten danaren arabera.
“Eskatutako geldialdi” zerbitzua, geraleku lez egokituta ez dagoan gune batean autobusa gelditzea ahalbidetzen dauen zerbitzua da, emakumeek gauez kalean bakarrik ibili behar daben distantzia murrizteko eta eraso matxistak saihesteko. Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak azaldu dauenez, lau urteko zerbitzuaren ostean, orain hobetu egin behar da; izan be, neguan, egunek argi-ordu gitxiago izaten ditue, eta, beraz, lehenago dator gaua.
2018an, Bizkaibuseko hiru lineatan gaueko ordutegian “Eskatutako Geldialdia” egiteko proba pilotua jarri eban martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, izan eban “onarpen onaren” ostean, zerbitzua linea guztietara zabaldu zan. Caborneroren esanetan, epe hori igaro ostean zerbitzuaren eskariak “gora egin dau”. 2018an izan ebazan “120” erabiltzaileetatik, 2020 eta 2021 artean, pandemia-urteetan, “722ra” igon da. Bere eretxiz, zenbakiek autobusetik urtetea eskatzeko metodo hori abaletan dabe.
GARRAIO PUBLIKOAREN PREZIOAREN MURRIZKETEA
Beste alde batetik, EH Bilduk eskatuta, Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko diputatuak egin dauen agerraldian, baieztu egin dau bera alde dagoala Bizkaibuseko erabiltzaileek % 50eko beherapena izateagaz, bardin txartel multimodalak (Gazte Oro eta Gazte 70) badira zein Barik txartela bada. Egoera ekonomikoaren ondorioz, irailetik abendura bitartean garraio publikoaren prezioa murriztu egingo dala-eta Pedro Sánchez Gobernuko presidenteak egindako iragarpenarren inguruan kokatu behar da eztabaida hori.
Gobernu zentralak onartutako Dekretuaren arabera, garraio publikoko billetearen prezioa bajetako neurriak “bidaia anitzeko” tituluetan baino ez litzatekez aplikauko, eta horrek kanpoan itxiko leuke Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) kontaktu bako txartela. “Zentzubakokeria” izango litzateke eta “herritarrek ez leukie Barikek deskontu hori ez izatea ulertuko”; izan be, Bizkaibuseko balioztatzeen % 90 baino gehiago euskarri horregaz egiten da, eta, beraz, beherapena Barikean be apliketako eskatuko deutso BGPri. Hori bai, igazko diru-bilketea kontuan izanda, Bizkaibusi jagokonez, diru-kutxa publikoek “4.428.354 euroko” eragina jasango leukie. Hori da Barikagaz ordaindutako bidaiengaitik jaso zana. Kopuru horri, Aldundiaren esku dagozan autobusetan erabilten diran titulu multimodal bakar biakaz egindako bidaiengaitik batuko ez litzatekena gehitu beharko jako, hau da, beste “698.085” euro.
ZONIFIKAZINOAN LARRABETZUK HARTZEN DAUEN GUNEA
Beste alde batetik, batzordeak aho batez onartu dau Larrabetzuk Bizkaibuseko tarifa-eremua aldatzeko EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. Koalizino abertzaleak, preminaz eta behin-behinean, Aldundiak udalerri hori 2. eremuan sartzea (orain 3.ean dago) proponidu dau, Bizkaiko Lurralde Antolamendurako Batzordeak azaroan Bizkaiko zonifikazino barriaren azterlana amaitu arte itxaron barik. Irailean unibersidadeko ikasturtea hasterakoan, bereziki azaleratzen da Larrabetzuk zonifikazinoagaz dauen arazoa, “bertako gazte askok” unibersidadera doan autobusa hartzen dabelako, billetea gehiago ordainduta, adierazo dau Raúl Méndez batzordekideak.