BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ERMUKO SAIHESBIDEA AMAITZEKO EPEAK “LEGEZ AHAL DAN BESTE” MURRIZTEKO ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI
- Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako batzordeak, Bizkaiko udalerriko Mendebaldeko bide alternatibearen amaiereari buruzko arauz besteko hiru proposamen eztabaidatu ditu, bat Euzko Abertzaleak taldearena, beste bat Euskal Sozialistena eta EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak alkarregaz aurkeztutako hirugarren bat. Jeltzaleen ekimenak baino ez dau aurrera egin boto ponderauaren ondorioz, hiru bozketek bardinketea izan dabelako (aldeko 7 boto eta kontrako 7).
- Talde Berezia-PP Bizkaiak Batzordean dauen ordezkari bakarra, bardinketea hausi eikeana, ez da bilkurara joan.
- Euzko Abertzaleak taldearen ekimenak, Urtiako lehenengo faseko lanak hasteko epeak “legez ahal dan beste” murriztu daizala eskatzen deutso Aldundiari.
(Bilbon, 2023ko martiaren 31n). Datorren astelehenean desegin aurretik Bizkaiko Batzar Nagusiek legealdi honetan egin daben azkenengo saioa, Ermuko saihesbidea amaitzeko moduaren inguruko monografikoa izan da. Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako batzordeak arauz besteko hiru proposamen desbardin eztabaidatu ditu gaur goizean, Euzko Abertzaleak taldearen bat, Euskal Sozialisten beste bat eta EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak alkarregaz aurkeztutako beste bat. Horreetan, Batzar Nagusietako lau taldeek, egiteko dagozan mendebaldeko alternatibaren zati biak, Urtia eta Goitondo, gauzatzeko moduaren inguruan daukiezan eretxiak zehaztu ditue. Azkenean, aurrera egin dauen proposamen bakarra Euzko Abertzaleak taldearena izan da, boto ponderauari esker, hiru ekimenek emoitza bera izan dabelako bozketetan: aldeko 7 ordezkari eta kontrako 7. Talde Berezia-PP Bizkaiako kide bakarra ez da saioan izan.
Onartu dan ekimen jeltzaleak hau planteetan dau: Aldundiak “Ermuko mendebaldeko saihesbidearen proiektua izapidetzen jarraitzeko, behin-behinean onartutako Errepideen II. Lurralde Plan Sektorialean ezarten dan moduan, bai eraikuntza-proiektua idazteari jagokonez, bai ingurumen- eta administrazino-izapidetzeari jagokonez”. Proposamen horretan oinarrituta, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Foru gobernuari, behin betiko amaitzeko epeak “legez ahal dan beste” murriztu daiezan.
Ordezkari jeltzaleen aldeko boto bakarrakaz onartu dan ekimenean (EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Bizkaia taldeek kontrako botoa emon dabe), Urtiako faseko eraikuntza proiektuaren idazketan eta Goitondo faseko eraikuntza proiektuaren tramitazinoan “aurrera egiten jarraitzeko” eskatzen jako Aldundiari, obra biak geroago hasteko.
Beste puntu batean, Bizkaiko Batzar Nagusiek proiektu bien izapidetzearen eta obren kronogramea ezarteko eskatzen deutsie Aldundiari, Batzar Nagusiek Errepideen II. Lurralde Plan Sektorialerako emondako aginduaren barruan, eta Aurrekontuetan diru-izendapenak egiten jarraitzeko. Agindu hori 2019ko urtarrilaren 11n onartutako “Bizkaiko Errepideen Lurraldearen Arloko Plana egiteko gidalerroen eta erespide orokorren dokumentua” izenekoan dago jasota.
Beste alde batetik, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia kritiko agertu dira jeltzaleen jarrereagaz. Sozialistek Ermuko Udalak urtarrilaren 31n onartutakoa jasoten dauen proposamena planteau dabe, oposizinoko talde biek be eskatu daben moduan, baina gobernukideek “zehaztasun handiagoa” gehituta, Juan Otermin bozeroaleak defendidu dauenez. Ekimen horretan Aldundiak Urtiako fasearen eraikuntza proiektua idazteko aurreikusitako 32 hilebeteko epea laburtzeko eskatzen jakon Foru Gobernuari. Sozialistek epeak jarri ditue: lanen hasierako datea “ez litzateke 2025a baino geroagokoa izan behar eta Mendebaldeko saihesbide osoko (Urtia eta Goitondo) lanen iraupena 3 edo 4 urtekoa izan beharko litzateke gehienez”.
EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia sozialisten proposamenaren alde agertu dira, eta aldi berean euren ekimena defendidu dabe, Ermuko Udalbatzak gehiengo zabalagaz adostutakoa (PPk baino ez eban kontrako botoa emon). Horrek “lekuz aldatzea” dakar. Talde biek eskatzen dabenez Aldundiak “amaierako data zehatzak” jarteko konpromisoa hartu behar dau, bai eta “aurrekontu osoa, Urtiako faseko lanen hasierea eguneratutako proiektua bukatu eta segiduan, eta horren ostean Goitondoko faseko lanen hasierea”, hori guztia “ahalik eta arinen”. Igazko bagilean hasi zan 32 hilebeteko epea murriztea be eskatu dabe. Egungo egutegiaren arabera, obra 2025eko urtarrilean edo zezeilean lizitau ahal izango da.
Ermuko Mendebaldeko saihesbidearen fase biak bukatuta, Urtia eta Goitondo industrialdeetara doazan 1.200 ibilgailu astunen eguneko pasabidea kendu ahal izango da, eta hori guztiz “beharrezkoa” da, Batzar Nagusietako talde guztiek onartu dabenez. Bide alternatiboa eregiten ari dan bitartean, “Ermuko Saihesbidea, Variante Ya” herri plataformak kamioien trafikoa aldi baterako desbideratzeko plana eskatu eban zezeilaren 17ko Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordean. Herriko bilbea ez zehartzeko desbideratze bi planteau ebezan.
Gaurko eztabaidan alkarren kontrako gaitzespenak sortu dira, talde guztien jarrerak dirala eta. EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Euskal Sozialistek Ermuan eta Batzar Nagusietan “gauza desbardinak” defendidutea aurpegiratu deutsee jeltzaleei. Jeltzaleek euren burua defendidu dabe esanez Bizkaiko Batzar Nagusiek sozialisten aldeko botoakaz onetsi daben Errepideen II. Lurralde Plan Sektorialak saihesbidearen eraikuntzea eta beste 28 jarduketa hartzen dituala. “Koherenteak gara eta Batzar Nagusien agindua defendidu behar dogu”, adierazo dau Irene Edesa jeltzaleak, 2022ko zemendian herritarren plataformea eratu zan arte “azken lau urteetan saihesbideaz ez gogoratzeagaitik” oposizinoa kritikau ostean.