SAILEK BARDINTASUNERA BIDERATZEN DABEN GASTUAN SAILEN ARTEAN “OREKA HANDIAGOA” SARTZEKO ESKATU DEUTSIE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ALDUNDIARI

  • Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek akordioa lortu dabe Aurrekontuen genero-eraginari buruzko etorkizuneko txostenetan berezko baliabideakaz egiten diran bardintasunaren arloko ekimen zuzenak sartzeko, eta ez kontratu, diru-laguntza edo hitzarmenetan jasotakoak bakarrik.
     

(Bilbon, 2023ko martiaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako batzordeak, datorren urteko Bizkaiko Aurrekontuen Proiektuari buruzko Genero Eraginaren Aurretiazko Ebaluazino Txostena “osatzeko eta hobetzeko” EH Bilduren arauz besteko proposamena eztabaidatu dau gaur. Koalizino abertzaleak hasiera batean eztabaidarako ekarren testuaren ordez, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeakaz lortutako akordioari esker, erdibideko zuzenketa-eskea aurkeztu da, Aldundiari “bardintasunean gastetako ekarpenean sailen artean oreka handiagoa egotea” eskatzeko, “bere eskumen eremua kontuan hartuta”. Testua aldeko 14 botogaz onartu da (Elkarrekin Bizkaiak be baiezkoa emon dau), eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen abstentzinoa jaso dau. 

Horrez gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek, hiruko zuzenketa-eskearen bitartez, Foru Gobernuak, “Sailen arteko Batzordearen” barruan, daborduko ebaluetan diran inbertsinoen (kontratuak, diru-laguntzak edo hitzarmenak) zenbatekoez gain, Aldundiaren VI. Bardintasun Planean sartutako giza baliabide propioakaz egiten diran ekintzen eragina jasoko dauen “gogoeta prozesua” hasi daiala eskatu dabe.

Akordioa “oso garrantzitsutzat” jo dabe zuzenketa-eskea sinatu daben hiru taldeek –Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak–, izan be, hemendik aurrera Genero Eraginaren Ebaluazinoari buruzko aurretiazko txosten bakotxean “sailetako aurrekontu programa guztiak genero ikuspegiko aurrekontu prozesuan erabilitako kategorien arabera sailkatzeko” eskatzen jako Aldundiari.

Arauz besteko proposamen baten bitartez gai hori ekarteko arduraduna zan Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak adierazo dauenez, bere taldearentzat argi dago Aldundiak hemendik aurrera “konpromisoa” hartu behar dauela, sail bakotxak bardintasunaren arloan “baliabide propioakaz” egiten dituan ekintzak “be” jaso daitezan. “Ebaluazino txostenak hobetzeko aurrerapausua da”, esan dau, zoritxarrez bere taldeak Aldundiko sailen artean “modu orekatuan kudeaketa propioaren aurrekontuaren % 1a” sartzeko konpromisoa baino ez dauela lortu esan ostean.

Sozialisten aldetik, Juan Otermin bozeroaleak balioan jarri gura izan dau Aldundiak daborduko aurrekontu bi –2022 eta 2023– genero ikuspegian oinarritutako “aurrekontua egiteko prozesua” txertatuta egin izana, aurton Foru Gobernuak “bardintasunerako zuzeneko ekintzetara 21.685.893 euro” bideratuko izana eta “programa guztien” aurrekontua egitean genero ikuspegia kontuan hartu izana. Inbertsino horrek Aldundiaren aurrekontuaren “% 1,21” bideratzea dakar, 2022ko “% 1,11ren” aldean. “Foru arau bidez % 1a jasota daukan euskal erakunde bakarra da”, azpimarratu dau.

Euzko Abertzaleak taldeko Elena Coriak azpimarratu dauenez, lortutako “adostasuna” “informala danetik harago doa, eta tresna zehatzetan islatzen da”. Bardintasunaren arloko gaur egungo foru politikak hainbat alderdi politikoren arteko “hamarkadetako lanaren eta akordio eta adostasunen ondorio” dira, eta politika publiko horreek ebaluetan dituen txostenak “hobetzeko eta osotzeko” aukerea emoten ari dira.

Elkarrekin Bizkaia zuzenketa-eskearen alde agertu da, baina Eva Cabornero batzordekideak, arrakastarik barik, foru programen emoitzen ebaluazinoan “intersekzionalidadea” sartzea eskatu dau, 2022ko EPIG txostenak gomendatzen dauen lez.

Eta, bukatzeko, Talde Berezia-PP Bizkaia abstenidu egin da, Esther Martínezen berbetan zuzenketa-eskeak, “boluntaristea” dan arren, “ez dauelako neurri nahikorik jasoten”. Bat egiteko, “askoz be neurri sakonagoak” behar dira, eta horreen artean, “adibidez”, “gastu publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia neurtzeko kontrola” ezartea aitatu dau.


ENPLEGUAREN GOBERNANTZARI BURUZKO FOROAREN ERABILGARRITASUNA

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021eko apirilaren 27an onartu eban 2020-2023ko bere lehenengo Enplegu Plana, eta Elkarrekin Bizkaiak, plan horrek jasoten dauen Enpleguaren Gobernantza Foroaren “benetako erabilgarritasunari” buruz galdetu dau gaur.

Teresa Laespada sail horretako foru diputatuak foroa defendidu dau, oso garrantzitsua dalako enpleguaren arloan “aliantzak ehuntzeko eta politika eraginkorrak eta efizienteak ezarteko”. Bere eretxiz, beharrezkoa da “sarean behar egitea”, modu “edegian eta parte-hartzailean”, arlo horretako “kogobernantzaren” aldeko apustua “ona” dalako, arlo horretan zeozer esan behar daben erakunde guztien artean (administrazinoak, enpresak, unibersidadeak…) “politika publikoei ekarpena egin deieen”.

Bere berbetan, une honetan, “150 erakunde eta 200 persona baino gehiagok” hartzen dabe parte “enplegu politikak programa eta jarduera ildo barriakaz barriro planteetea” ahalbidetzen ari dan foroan. Laespadak iragarri dauenez, aurton ebaluauko da Enplegu Plana, eta hurrengo legealdian “ikusi ahal izango da sortutako tresnen erabilgarritasuna”.