BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK LURRALDEAN ZEHAR KOMUN-ALDAGELA INKLUSIBOEN INSTALAZINOA AZTERTZEKO ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI
- Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe “higienerako oso gaiztasun handiak” dituen personen autonomia pertsonala hobetzeko Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu daben erdibideko zuzenketa-eskea.
(Bilbon, 2024ko bagilaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur, Gizarte Ekintzarako batzordean, Aldundiari higienerako laguntza behar handiak edo konplexuak dituen personei zuzendutako komun-aldagela inklusiboen tipologia barria bultzatzeko azterlana egin daian eskatzen deutson erdibideko zuzenketa-eskea. Holan, persona guztiei bizitza osoa, duina, bidezkoa eta autonomoa erraztuko jake.
Onartutako testua Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako arauz besteko proposamen batean abietan da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu daben zuzenketa-eskearen ondorioz aldatu egin da. Batzar Nagusietako hiru talde horreek “atzo” lortu eben Bizkaiko Batzar Nagusietako beste talde biek be (EH Bildu eta Bizkaiko Talde Popularra) onetsi daben erdibideko zuzenketa-eskea sinatzeko akordioa.
Zuzenketa-eskean, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egiten deutsie foru Gobernuari, arlo horretan behar egiten daben Bizkaiko erakundeakaz lankidetzarako “kontrasteko dokumentua” egin daian, komun-aldagela inklusiboen inguruan daben jarrerea ezagutzeko. Ekimenaren barruan sartzen da, baita be, “espazio higieniko horreen erabiltzaile izan daitekezan personen eta kolektiboen egoerearen azterlana” egitea, bai eta Bizkaiko lurraldean espazio horreek instaletako leku “estrategikoen” azterlana be, “ahalik eta eragin handiena izateko”.
Aurreko azterlan horren ostean, Aldundiari plangintza “errealistea” egitea eskatzen jako. Horretarako, “higienearen arloan laguntzako behar handiak edo konplexuak dituen kolektiboek, horreen senideek eta zainketez arduratzen diran beharginek” hartuko dabe parte. Horrez gan, komun-aldagela inklusiboen nazinoarteko mobimenduaren lankidetzea eskatzen da. Lankidetza horrek komun-aldagela inklusiboak instaletako zenbait gomendio jasoko ditu.
Modu berean, Aldundiak komun-aldagela horreen erabiltzaile izan daitekezan personen beharrizanei erantzuteko “erdibideko pausuak emotea” balorau beharko dau, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagozan eguneko zentroen sareko komun egokituak hareen eskura jarri.
Azkenik, lurraldean dagozan komun-aldagela inklusiboen sarea “ikusiarazotea” eta Bizkaiko herritar guztiei espazio horreek ezagutarazotea eskatzen da. Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak zehaztu dauenez, Barakaldok eta Trapagak baditue daborduko komun-aldagela inklusibo horreek.
2021eko urtarrileko Europako zuzentarau batek daborduko deskribiduten dau zelangoak izan behar daben leku horreek eta non instalau behar diran. De Madariagak, apirileko kontroleko osokoan Aldundiari egindako Itaun batean adierazo ebanez, espazio horreek “garraiorako nukleo handiak, ospitaleak, errepideetako zerbitzuguneak, merkataritzarako eta aisialdirako gune handiak, ikastetxeak eta naturguneak, hondartzak adibidez” ziran.
Talde moreko bozeroaleak gitxieneko elementuak (garabia, ohatila erregulagarria, komuna, konketa erregulagarria, dutxea, pribatutasuneko manparea…) dituan 12 metro karratu inguruko espazio garbi eta seguru lez deskribidu dau “komun-aldagela inklusiboa”, higienerako laguntza behar handiak edo konplexuak dituen eta laguntzeko persona bi arte behar daben personen garbitasuna bermatzeko.
URDUÑAKO EGOITZEA
Beste alde batetik, Gizarte Ekintzarako batzordeak ez dau onartu EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko beste proposamen bat. Proposamen horretan Bizkaiko eta Arabako Aldundiek hitzarmena sinatzea eskatzen zan, Arrastariako Arabako administrazino batzarreko erabiltzaileek Urduñako egoitza publikoan plazea eskuratu ahal izan daien, Bizkaiko udalerri horretako egoitzea “askoz be hurrago” daukielako, adierazo dau Bea Ilardia batzordekideak. Ekimena ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoa jaso dauelako. Proposamenak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dau eta Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da.
Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek neurriaren kontra bozkatu dabe “gertutasuneko zerbitzua emon behar dala” esatean proposamena egin dauen taldeagaz ados egon arren, Aldundi biek euren eretxia emon arte, mugakide diran eremuetan emon ohi diran “berezitasun” horreei konponbidea emongo deutsen “formulea lantzen ari diralako”. Dana dala, talde biak bat etorri dira esatean Arabako eremu horren kasuan Amurrioko San Anton egoitzara (udalerri horretakoak dira) eta Urduñara arteko ibilbidea ia berbera dala. “6 minutu inguru behar dira autoz”.