BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK E3 EUSKAL EMAKUME ESKULTOREAK ALKARTEAREN “ESKULTOREAK HEMEN ORAIN” ERAKUSKETEA INAUGURAU DABE, EUSKAL EMAKUME ARTISTEN IKUSGAITASUNA BULTZATZEKO

  • Erakusketa kolektiboak, arte garaikidearen bitartez narratiba kritiko barriak eta eraldaketa soziala aztertzen dituen 19 euskal eskultoreren lana biltzen dau.
     
  • Erakusketea, Martiaren 8agaz, Emakumearen Nazinoarteko Egunagaz, erlazionautako Batzar Nagusien bardintasun arloko jardueren barruan dago. Herritarrentzako doako bisita gidau bi eta berbaldiak egongo dira martiaren 13an, 20an eta 27an.
     
  • Izena emotea Enkarterrietako Museoaren webgunearen bitartez.

 

(Bilbon, 2026ko martiaren 3an). Bilboko Hurtado de Amezaga kaleko 6. zenbakian dagoan Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak, E3 Euskal Emakume Eskultoreak Alkartearen “Eskultoreak HEMEN ORAIN” erakusketa kolektiboa jasoko dau gaurtik aurrera. Proiektu artistiko honen helburua sortzaileen lana ikusarazotea da, betidanik maskulinizauta egon dan ingurunean, eta gaur egungo artearen irakurketa kritikoa proponidutea, erresistentziarako eta hausnarketarako gune lez. Maiatzaren 8a, Emakumearen Nazinoarteko Eguna, ospatzeko egun gitxi falta dirala heldu da Bizkaiko Batzar Nagusietara.

Edegiera ekitaldian, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, kulturan bardintasuna sustatzeko erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu dau. “Harro egoteko modukoa da Batzar Nagusientzat emakumeen kolektibo honi ateak zabaltzea, euren talentu eta ausardiagaz, arauzko diskurtsoei aurre egiten deutselako eta begirada barritu eta askotarikoakaz gure ondarea aberasten dabelako”, adierazo dau. Otaduiren berbetan, erakusketa hau kalidade teknikoaren erakusgarri izateaz gan, betidanik isilarazo diran subjektibotasun eta narratibak ikusarazoteko konpromisoa be bada. Protagonistek zalantzan jarri eta zabaldu egiten dabe artearen kanon maskulinizau hori, “begirada propiotik, sakon errotuta dagozan inertzia patriarkalei aurre eginez”, gehitu dau.

Amaia Conde Chiralt E3 Euskal Emakume Eskultoreak alkarteko presidentearen eretxiz, erakusketa honek "gaur egun kalidade handiko euskal arte garaikidea eregiten ari diran eta imajinario kolektiboan oraindino behar beste ikusten ez dan emakume eskultore askoren presentzia sendo eta aktiboa erakusten dau". Condek azpimarratu dauenez, garrantzitsua da praktika horreek "jagoken lekuan" behin betiko jartea artearen panoraman, eta eskerrak emon deutsez Batzar Nagusiei, “ibilbide luzea eta obra sendotua” daben emakume eskultoreak batzen dituan erakusketa eta dibulgazino proiektuaren alde egin daben apustuarengaitik.

Erakusketan 2022an sortutako E3 Euskal Emakume Eskultoreak kolektiboa osotzen daben 19 eskultoreren 19 lan dagoz. Jorrailaren 24ra arte erakutsiko diran piezak figurazinoaren, abstrakzinoaren eta kontzeptualaren artean dagozan piezen aukeraketea dira, zeramikea, alanbrea, egurra, hormigoia edo plastiko birziklatua lako materialak erabiliz.

Parte-hartzaileen artean, ibilpide luzeko artistak (uri eta museo handietan erakusketak egindakoak) eta belaunaldi barriak dagoz, horreen artean, Eider Baile Zabala, Anabel Barberena, Maite Barrainkua Buruaga, Susan Bart, Virginia Bosch, Bárbara Camhi Jacard, Maite Canto Equisoain, Amaia Conde Chiralt, Helena Elbusto, Idoia Elosegi, Idoia Grijalbo, María José Lacadena, Amparo Lozano Sancha, Arantza Munita Irisarri, Olatz Pereda Bados, Nery Adriana Pradenas, Amaia Sáenz de Magarola Herrero, Elena Scaratti eta Elena Solatxi. Euren lanek genero-identidadea, ekologia, memoria materiala eta mundu garaikidea ulertzeko feminismoagazko ezinbesteko lotura lako gaiak jorratzen ditue.

Ekimen horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta E3 Euskal Emakume Eskultoreak kolektiboak, monumentaltasuna eta podere tradizionala zalantzan jarten dituan produkzino artistikoa ezagutzera konbidetan ditue herritarrak, prozesu esperimentalen eta emakumeen autoretza indibidual eta kolektiboaren defentsa sendoaren alde eginez.

Proiektuaren inguruan, marti honetan zehar, batetik, erakusketara bisita gidauak jarriko dira martxan (bisita bi herritarrentzat, eta beste hiru arte batxilergoko ikasleentzat, Lantegi Batuak alkartekoentzat eta AMUGE emakume ijitoen alkartearentzat); eta, bestetik, berbaldiak (alboko aretoan), alkarrizketea sortzeko, galderak zabaltzeko eta emakume eskultoreak ahalduntzeko, sorkuntza partekatutik abiauta.

 

Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoa:

• Martiak 6: bisita gidaua (euskeraz) 17:00etan. Izena emotea Enkarterrietako Museoaren webgunearen bitartez

• Martiak 10: bisita gidaua (gaztelaniaz) 18:00etan. Izena emotea Enkarterrietako Museoaren webgunearen bitartez

 

Bizkaiko Batzar Nagusietako Berbaldi Aretoa (18:00etan):

• Martiak 13: María José Aranzasti arte komisario eta historialariaren berbaldia.

• Martiak 20: Euskal eskultoreen mahai-ingurua Dora Salazar, Elena Mendizabal eta Mabi Revueltagaz.

• Martiak 27: solasaldi-eztabaidea Lourdes Méndez artearen antropologo feministagaz.

Lotutako artxiboak: