BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK “15.” ERAKUSKETEA INAUGURAU DABE, EHUKO ARTISTEN BEGIRADA GARAIKIDEA ZERAMIKAZKO SORKUNTZEARI

  • EHUko Zeramika Masterraren promozino barriko hamabost ikaslek euren proiektu kolektiboa aurkeztu dabe Bilbon, gaiaren, teknikearen eta nortasun pertsonalaren arteko loturea aztertzen dauen erakusketan.
     
  • Erakusketea abuztuaren 27ra arte egongo da ikusgai Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga, 6. Bilbo), eta sarrera librea izango da 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.

 

(Bilbon, 2026ko garagarrilaren 3an). Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arte Ederretako Fakultadeko “Zeramikea: Artea eta Funtzinoa Masterreko” ikasleen amaierako lanak batzen dituan “15.” erakusketa kolektiboa aurkeztu da gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan. Erakusketearen izenburuak, “15.”, parte hartu daben artisten kopuruari eta Leioako campusean eskaintzen dan eskulturan espezializautako graduondoko honen hamabosgarren promozinoari egiten deutse erreferentzia.

Erakusketea artista honeen proposamenek osotzen dabe: Iñigo Alcantara Gurtubay, Esther Alías Arroyo, Iñigo Barreiro Campo, Sara Galeano Moreno, Kasey Sean Harris Mier, Carolina Hernandes Lopes, María Knafl, Lucía Leirós Porto, Eva Mangado Hidalgo, Raquel Nebra Ruiz, Zoe Riquelme Diez, Eder Salas Lermo, Daniela Silva Carriazo, Luken Villan Arco eta Sofía Martínez Maidana. Euren lanen bidez, ikusleek buztinagaz lan egiteko eta mundura egokitzeko hamabost modu ezbardin ikusi ahal izango ditue.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak inaugurazino ekitaldian azpimarratu dauenez, erakusketea "begien bistatik harago begiratzeko, gizateria bera lako lengoaia zahar baten barruan beste aukera batzuk aurkitzeko” gonbidapena da, “baina hemen modu sotilean bizirik eta gaurkotasunez erakusten da". Batzar Nagusietako lehendakariak adierazo dauenez, lana harrigarria da, bertan "hamabost lan egiteko modu, lurrera hurreratzeko hamabost modu eta mundura egokitzeko eta euren sormen handiarengaitik interpretetako hamabost modu" ikusten diralako. “Ikaragarrizko” sormena batzen dau, “aberastasun eta aldakortasun ikaragarriko” materialaren –buztinaren– bidez.

Bestalde, Iñigo Alcantara Gurtubay eta Iñigo Barreiro Campo erakusketearen komisarioek katalogoan azaltzen dabenez, erakusketea ekoizpen artistiko hutsetik harago joan dan tailerreko alkarbizitza-prozesuaren emoitzea da. “15.” ikusterakoan, “personak lanetatik harago ikusi daitekez, egindako lanaren eta pieza bakotxaren atzean dagoan nortasunaren arteko loturea”. Biek nabarmentzen dabe ikasleek ausardia izan dabela sorkuntzaren “amildegira salto egiteko”, eta euren piezetan “ez bakarrik labeen beroa, baita sortu dabenen personen beroa be” transmitidu dabela.

Bizkaiko Batzar Nagusien erdialdeko erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga, 6. Bilbo) ikusgai dagozan artelanak, bere prestakuntza aldian kezkak partekatu dituan kultura anitzeko taldearen ezagutzearen eta sentiberatasunaren emoitzea dira. Erakusketa honetan planotik bolumenera igaroteko erabilten da zeramikea, mugak zabalduz eta materialaren mugak errealidade artistiko barriak aurkitzeko leku komun lez balorauz.

Erakusketea, Bizkaiko Batzar Nagusiek EHUko Arte Eder Fakultadeagaz orain dala hamar urte baino gehiagotik daukien lankidetza hitzarmenaren barruan dago. Hitzarmen horren helburua lurraldean prestautako talentu gazteen lana ikusarazotea da, Bilboko erdiunean espazio bat itxiz, hareen sormena herritarrengana errezago heldu daiten.

“15.” erakusketea garagarrilaren 3tik abuztuaren 27ra egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo). Bisita ordutegia 08:00etatik 20:00etara da astelehenetik barikura, eta sarrerea doakoa da.

Lotutako artxiboak: