BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BIKOIZTU EGINGO DITUE AURTON EUREN EGOITZETAKO ATE EDEGIEN EGUNEKO PLAZAK

  • “Batzarretik Batzarrera” programeak barriro zabalduko ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan lau egoitzak (Bilboko administrazino egoitza eta Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako Batzar Etxeak), bisita gidauen bidez tradizinoz, kulturaz eta jarduera politiko biziz betetako gune horreek doako balioan jarteko.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek ia 300 plaza eskainiko ditue zenbait egoitza ezagutzeko: zemendiaren 18an (Bilbo), zemendiaren 26an (Abellaneda), abenduaren 2an (Gernika) eta abenduaren 16an (Gerediaga).
     
  • Izen-emotea www.enkarterrimuseoa.eus webgunean egin daike.

 

(Bilbon, 2023ko zemendiaren 2an). Bizkaiko Batzar Nagusiek euren egoitzak bisitetako “BATZARRETIK BATZARRERA” programea aurkeztu dabe gaur Bilbon. Programa horren bitartez, foru erakundeak Batzar Nagusietako lau egoitzen ondare historikoa eta kulturala erakutsi eta bertan hartzen diran erabagi politiko garrantzitsuak jakinarazo gura deutseez herritarrei. Hirugarren edizino honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek bikoiztu egin dabe plaza kopurua, lehenengo edizino bietan (2019 eta 2022) jentearen erantzuna bikaina izan dalako. Egoitza bakotxari egun bat eskainiko jako. 

Ate edegiko kultur ekimen horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko parlamentarismoaren iragana eta oraina zabaldu gura dabe, bere lau egoitzetan egingo dan ibilbide gidauaren bitartez: Bilbon (Foru Parlamentuaren egungo egoitza administratiboa) eta Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako Batzar Etxeetan. Aurton, Bizkaiko Batzar Nagusiek ia 300 plaza eskainiko ditue lau jardunalditan zenbait egoitza bisitetako: zemendiaren 18an (Bilbon), zemendiaren 26an (Abellanedan), abenduaren 2an (Gernikan) eta abenduaren 16an (Gerediagan).

Proiektuaren helburua, Bizkaiko herritarrei Bizkaiko Batzar Nagusien historia, bilakaerea, betebeharrak eta errealidadea ezagutarazoteko Batzar Nagusietako eraikin horreetako ateak parez pare edegitea da. “Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur egun dituen betebeharrak eta gure gizartean daben pisua eta garrantzia jenteak bertatik bertara ezagutu daizan zabaltzen dogu Erakundea”, azpimarratu dau Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakariak ekimenaren aurkezpenean. Batzar Nagusietako bertako beharginek egindako bisita gidauek “leku bakotxeko euki garrantzitsuenetan sakonduko dabe”. Foru-historiara bidaia, baina baita eraikin berezi horreen ondare-altxorretara be.

Holan, BATZARRETIK BATZARRERA ekimenaren hirugarren edizinoa zemendiaren 18an, zapatuan, hasiko da Bilbon. Jardunaldi horretan izena emoten dabenek Batzar Nagusietako administrazino-egoitzako gelak ezagutu ahal izango ditue, Batzar Nagusietako organu nagusiek eta taldeek euren eguneroko jarduna egiten daben lekuak, hain zuzen be. Bisita gidaua Excelsior hotel zaharra izan zana ezagutzeko eta berbaldi aretotik, erakusketa aretotik, ohiko batzordeetarako espazioetatik edo taldeen gelak eta lehendakariaren bulegoa dagozan lekuetatik paseauz egingo da. Egoitza horretako hormetan zintzilik dago urteak joan urteak etorri erakundeak eskuratu dauen Jorge Oteiza, Agustin Ibarrola, Dario Urzay, Dora Salazar, Ismael Fidalgo, Mari Puri Herrero, Iñaki de la Fuente, Jesus Mari Lazkano, Daniel Tamayo edo Txus Meléndez lako Bizkaiko eta Euskal Herriko egile garrantzitsuen ondare aberatsaren parte bat.

Bigarren geldialdiaren jomugea Abellanedako Batzar Etxea izango da, zemendiaren 26an. Bisitariak, Enkarterriko historian sakontzeko ezinbestekoa dan monumentu moltso hau osotzen daben eraikin historikoak ezagutu ahal izango ditu (Batzar Etxea, Korrejidorearen Etxea, Batzarkideen Ostatua eta Aingeru Jagolearen baseleizea). Enkarterriko parlamentuaren sorreratik abiauta, Enkarterriko foru zaharrak jasoten dauen lez 1394an lehenengo Batzar Nagusiak egin ziranetik Aro Modernora helduko da.

Gernikako Arbolaren ondoan, Batzar Nagusien jatorrian, haretx sagraduaren eta zinpeko baseleizearen inguruan egindako antxinako bileretan sakonduko da. Abenduaren 2an, Gernikako Batzar Etxean, eraikin neoklasikoa, gaur egungo betebeharrak eta Batzar Nagusien egoitza nagusian dagozan artelan garrantzitsuenak aztertuko dira, horreen artean, osokoen aretoaren buru dan eta Europako artean emakumeen lehenengo erretratu kolektibotzat hartu dan Francisco de Mendietaren “El Besamanos” margolan ospetsua.

Abenduaren 16an Gerediagako Batzar Etxera egingo dan eta programeari amaierea emongo deutson bisitan, bertaratzen dana, Durangaldeko Batzarrek gurtzarako eta bilerarako leku lez dituen berezitasunetan murgilduko da. Gerediagako San Salbador eta San Klemente zinpeko baseleizea ezagutzeko aukerea egongo da. Normalean itxita egoten da. Aurrean hamabi harri handi ditu, biribilean jarrita. Bakotxa Durangoko Merinaldeko eleizateen ordezkari lez joaten ziran fededunen jarlekua zan. Bisita hori da Bilbotik autobusez abiauko dan bakarra; ganerako bisitetan, alkargunea eraikinetan bertan egongo da.

Doako bisita horreek foru Erakundea Bizkaiko herritarrei zabaltzeko proiektu orokorragoaren parte dira, Europako erakunde parlamentario zaharrenetakoa dana balioan jarteko, gaur egun, oraindino be, ikuspegi politiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletik aktibo garrantzitsua dalako Bizkaiko gizartearentzat, bizkaitarrentzat garrantzitsuak diran erabagiak bertan hartzen jarraitzen diralako.

 

IZEN-EMOTEAK, EGUNAK, ORDUTEGIAK ETA LEKU KOPURUA

Interesdunek gaurtik aurrera emon ahal izango dabe izena 94 650 44 88/94 610 48 15 telefono-zenbakietan, enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan edo www.enkarterrimuseoa.eus webgunean.

 

Zemendiak 18. Bilboko administrazino-egoitzea (Hurtado de Amezaga kalea, 6).

• 10:30 eta 12:00. Euskeraz (50 persona)

• 11:00 eta 12:30. Gaztelaniaz (50 persona)

 

Zemendiak 26. Abellanedako egoitzea.

• 11:00 Euskeraz (30 persona)

• 12:30 Gaztelaniaz (30 persona)

 

Abenduak 2. Gernikako egoitzea.

• 11:00 Gaztelaniaz (32 persona)

• 12:00 Euskeraz (32 persona)

 

Abenduak 16. Gerediagako egoitzea (Bilbotik autobusez)

Topalekua: Batzar Nagusien Bilboko egoitzaren kanpoaldea

• 10:30 (55 persona)

 

• La inscripción se puede hacer ya en www.enkarterrimuseoa.eus.

Lotutako estekak: