BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK SAHARAKO EMAKUMEENTZAKO LANKIDETZA ETA LAGUNTZA HUMANITARIOKO PROIEKTUETARA BIDERATUKO DABE FUNTS SOLIDARIOA 2024AN

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek hitzarmena sinatu dabe Euskal Fondoagaz, 60.000 euroko ekarpenaren bitartez emakume sahararren kontrako bidebakokeria eta zaurgarritasun egoerea arintzeko. Foru Parlamentuaren Bardintasun Planeko ekintzen barruko aurrekontu partidea da.

 

(Bilbon, 2023ko abenduaren 26an) Bizkaiko Batzar Nagusiek berretsi egin dabe gaur munduko populazino behartsuenen aldeko konpromisoa, Euskal Fondoagaz (Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Alkartea) hitzarmena sinatuta. Ana Otaduik eta Ernesto Sainzek, Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Euskal Fondoko arduradun nagusiek, hurrenez hurren, gaur goizean sinatu dabe Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari laguntzeko ekintza humanitarioagaz erlazionautako jarduerak egiteko lankidetza esparru solidarioa ezarten dauen akordioa. 

Bizkaiko Batzar Nagusiek herrialde horreen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzen daben proiektuak eta programak lagunduz, finantzauz eta kudeatuz garapen bidean dagozan herrialdeakaz lankidetzan jarduteko erakunde horregaz daukien konpromisoa barritu dabe. Datorren urtean horretarako aurrekontu-partida bat erreserbau eta gero, Bizkaiko Batzar Nagusiek 60.000 euroko diru-laguntzea bideratuko dabe, emakumeek Saharan bizi daben egoerea hobetzeko, bere Bardintasun Planaren ekintzen barruan sartzen den ekimena, hain zuzen be.

Azken batean, hitzarmenak, Afrikako eskualde horretan “sahararrek jasaten daben giza eskubideen urraketea salatu gura dau eta emakumeak jasaten dituan gabezia handiak neurri batean arintzeko balioko dau”, azaldu dau “Bizkaiko herria Saharagaz solidarioa dala eta Parlamentuak be solidarioa izan behar dauela” defendidu dauen Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak.