BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ONDARE-SOZIEDADEEN KONTROL FISKAL HANDIAGOA ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI, IRUZURRA PREBENIDUTEKO

  • Batzar Nagusietako Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak planteau dauen eta Parlamentuaren gehiengoaren babesa jaso dauen ekimenaren helburua Zerga Iruzurraren kontrako Burruka Planaren barruan egitura horreen bitartez kudeatutako higituezinen etekinen ganeko zainketea estutzea da.
     
  • Aldundiak azkenengo zerga-barrikuspenaren zerga-abantailak herritarrei helduarazoteko informazino-kanpaina bat iragarri dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.


(Bilbon, 2026ko zezeilaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, ondare-soziedadeen fiskalizazinoaren kontrola indartzeko Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena onartu dabe gaur batzordean. Neurriak Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta proposamena aurkeztu dauen taldearen aldeko botoa jaso dau, eta Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da. Onartutako testuaren literaltasunak eskaria egiten deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, “Zerga Iruzurraren kontra Burrukatzeko 2026rako Planean ondare-soziedadeetatik sortzen diran errenten tributazinoaren kontrola handitu daian”. 

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroale eta ekimena proponidu dauen Eneritz de Madariaga Martínek azpimarratu dauenez, proposamena etxebizitzea eskuratzea funtsezko “desbardintasunerako” faktorea dan “bizileku larrialdiko” testuinguruan sortu da. Bere esku-hartzean defendidu dauenez, beharrezkoa da egiteko nagusia ondare higituezinaren kudeaketea daben soziedade egiturak jagotea, alokairuaren prezioan eragina izango daben “finantza metaketako logikak” saihesteko. Madariagaren berbetan, kontrola “zehatza” izan behar da errenta horreek zergak benetako izaera ekonomikoagaitik ordaintzen dituela bermatzeko eta plangintza fiskal “oldarkorra” prebeniduteko, holan etxebizitza parke publikorako baliabideak ziurtatuz.

Proposamenaren alde agertu diran taldeetatik, Euskal Sozialistak taldeko José Alberto Álvarez Castrejónek adierazo dau etxebizitzea “oinarrizko eskubide” lez tratau behar dala, eta ez inbertsinorako aktibo lez bakarrik. Zehaztu dauenez, ez da soziedade horreen kontrako “sorgin-ehizea”, erabilera legitimoak daukiezalako, Foru Ogasunak ikuskapenerako daukan gaitasuna hobetzea baino, “segurtasun juridiko eta proporzionaltasun erispideakaz”. 

Arantza Sarasola Lartategi EH Bilduko ordezkariak, bere aldetik, aldeko botoa emon dau, baina eszeptiko agertu da, arazoa araudi fiskalean bertan dagoala esanez. Sarasolak kritikau egin dau ondare-soziedadeek zerga gitxiago ordaintzeko aukerea emoten daben onurak eta legezko kenkariak daukiezala, kapital-errenta lez ordaintzen diralako, lan-errenta lez ordaindu beharrean. Horregaitik, haratago joateko eta etxebizitzen kontzentrazinoa errazten daben arau-esparruak barriztetako eskatu dau. 

Unai Lerma Mentxaka Euzko Abertzaleak taldeko batzordekideak, bere aldetik, ekimena “oso egokia” dala esan dau, soziedade baten aurkezpenak zerga kargea murriztea baino bilatzen ez dauen kasuak detektetako; bere eretxiz, lan-ildo hori bat dator Aldundiaren ikuskaritzeagaz. 

Ekimenari buruzko zalantzak agertu dituan batzarkide bakarra Diego Pagadigorria Wicke izan da, Bizkaiko Talde Popularreko batzordekidea, eta, etxebizitzaren gaian “larrialdi” baten aurrean gagozala esan dan arren, ez dator bat erakunde horreek “jo-puntuan” jarteagaz. Pagadigorriak esan dauenez, ondare-soziedadeak legerian guztiz sartuta dagoz, eta erakundeen lehentasuna higituezinen ondarea merkadura mobiduarazoteko eukitzaileak sustatzea izan beharko litzateke, figura horreen ganeko kontrola handitzea izan beharrean. 


ERRENTEAREN KANPAINAK ZERGA-BARRIKUSPENAREN BIDEZ ONARTU DIRAN ABANTAILA BARRIEN BARRI EMOTEA BARNE HARTUKO DAU

Bizkaiko Foru Aldundiak komunikazino estrategia indartuko dau 2025eko Errentearen hurrengo kanpaineari begira. Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantza foru diputatuak jakinarazo dauenez, foru erakundeak Errentari buruzko informazino kanpaina bat egitea aurreikusten dau, igaz 2/2025 Foru Arauaren bitartez onartutako abantaila fiskalen barri emoteko. Helburu nagusia Batzar Nagusiek onartutako zerga-barrikuspenean gehitutako pizgarri eta kenkari barriak zergadun guztiek ezagutzen eta baliau ahal izango dituela bermatzea da.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean egin dauen agerraldian, diputatu andreak, Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak informazinoa gehien behar dabenengana modu eraginkorrean heltzea bermatu beharraren inguruan egindako ahozko erantzun-eskeari erantzun deutso. Berrojalbizek aldaketen garrantzia azpimarratu dau, Errentaren programa informatikoaren arauen “% 30” aldatzen ari dala esanez, adostutako neurri barriak integretako. Aldaketak Ogasunaren webgunean be ikusi ahal izango dira, zergadunek Errentearen zirriborroa eskuratu aurretik (ia 900.000 zirriborro bialtzea aurreikusten da).

Eneritz de Madariaga Martínek, bere aldetik, aurretik publizidade kanpaina bat egiteko eskatu deutso Aldundiari, webgunean egin diran aldaketa teknikoetatik haratago joan daiten, kolektibo ahul edo errenta ertain eta baju askorentzat barrikuntza horreek “funtsezkoak” dirala azpimarratuz. Bozeroaleak adierazo dauenez, “oso-oso garrantzitsua da informazinoa modu argian eta eskuragarrian heltzea, zergadunek onartutako aldaketak ezagutu ahal izatea bermatuz”, informazino faltak eskubide fiskalak eskuratzea eragotzi ez daian.

Foru diputatuak baieztu dauenez, Ogasun Saila Komunikazino Sailagaz batera dabil beharrean, informazinoa “ikusteko modukoa, eskuragarria eta ulergarria” izan daiten, herritarrek zirriborroak ikusi aurretik. Zabalduko diran barrikuntzen artean aitatzekoak dira aitorpena egitea beharrezkoa izateko 20.000 euroko atalase barria, baita hainbat kenkari be: etxebizitza alokatzeagaitik, mobikortasun jasangarria dala-eta, kontziliazinoarengaitik eta pentsino planak dirala-eta. “Hain zuzen be, komunikazino kanpaina garrantzitsuagoa egingo da, eta dagozan aldaketa guztien barri herritarrei emoten saiatuko gara”, amaitu dau diputatuak.