BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BIZKAIKO BASOGINTZARAKO AZTERLAN-BATZORDEA OSOTU DABE

 

  • Legealdiko lehenengo batzorde bereziak basoen sektorearen etorkizuneko erronkak eta aukerak jorratuko ditu, adituen parte-hartzeagaz; lan hori erreferentziazkoa izango da gero Mendiei buruzko Foru Araua prestetako.
     
  • Bozketearen ostean, lantalde horretako kideek, boto haztatuaren bitartez, batzordeburua Jesus Lekerikabeaskoa jeltzalea izatea erabagi dabe, 23 boto lortuta. Batzordeburuordea, 19 boto lortu dituan EH Bilduko Iratxe Arriola izango da, eta idazkaria 8 boto lortu dituan Juan Otermin sozialistea.
    ​​​​​​​

(Bilbon, 2024ko maiatzaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Basogintzarako Azterlan-Batzordea osotu dabe gaur goizean. Holan, Bizkaiko parlamentuak urte honetako zezeilaren 21ean egindako ohiko osokoan adostutako agindua jasoten da. Bertan, aho batez onetsi zan Legealdi honetan ezaugarri horreek izango dituan lehenengo batzorde berezia sortzeko EH Bilduren proposamena. 

Batzar Nagusietako araudiak jasoten dauen lez, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria izan da batzordearen lehenengo saioaren buru, eta Batzar Nagusietako taldeek euren ordezkariak proponidu eta aukeratu ditue. Batzordea holan osotuta geratu da:

 

TALDE BEREZIA - ELKARREKIN BIZKAIA
Titularra: Ricardo Vaquero Moreno
Ordezkoa: Eneritz De Madariaga Martin

BIZKAIKO TALDE POPULARRA
Titularra: Diego Pagadigorria Wicke
Ordezkoa: Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedor

EUSKAL SOZIALISTAK TALDEA
Titularra: Juan Otermin Eraso
Ordezkoa: Ignacio Jerónimo Moreno

EH BILDU TALDEA
Titularra: Iratxe Arriola Alzola
Ordezkoa: Idoia Buruaga Barcena

EUZKO ABERTZALEAK TALDEA
Titularra: Jesús Lekerikabeaskoa Arrillaga
Ordezkoa: Celia Gómez Devesa

Behin osotuta, batzordearen lehenengo egitekoa Mahaia eratzea izan da. Bozketearen ostean, lantalde horretako kideek, boto haztatuaren bitartez, batzordeburua Jesus Lekerikabeaskoa jeltzalea izatea erabagi dabe, 23 boto lortuta. Batzordeburuordea, 19 boto lortu dituan EH Bilduko Iratxe Arriola izango da, eta idazkaria 8 boto lortu dituan Juan Otermin sozialistea. 

Azterlan-Batzorde horrek Bizkaiko mendien basogintzeagaz erlazionautako gaiak landuko ditu, eta horretarako, sei hilebetez gehienez, Batzar Nagusietako taldeak izentauko dituen adituen eretxia jasoko dau. Osoko bilkurak erabagitakoa kontuan izanda, batzordean gai honeek jorratuko dira:

•    Egungo basogintza ereduaren inguruko hausnarketa eta egoeraren analisia: koniferen eta eukaliptoen hedapena, moratoriaren efektua eta eragina etab.

•    Mendien egoera Bizkaian: Ikuspegi ezberdinak, kontserbazioa, degradazioa, mehatxuak eta aukerak.

•    Basoek izan behar duten funtzioa: kultura eta paisaiaren kontserbazioa, lurraldearen zainketa, ura, uholde eta sute arriskuen babesa.

•    Etorkizunerako erronkak eta aukerak: basogintza sektorearen perspektibak, diru-laguntza politikak.