BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK OSOTU DABE LEGEGINTZALDI HONETAN BARDINTASUN POLITIKAK BULTZATZEN BEHAR EGINGO DAUEN TALDEA

  • Bilbon egin dan jardunaldian, Bardintasun Taldeko kideen izendapena eta Bizkaiko Batzar Nagusiek datozan hilebeteetan egingo dituen ekintzen errepasoa egin dira.

 

(Bilbon, 2023ko urriaren 20an). Legegintzaldi honetan Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Plana ezarten jarraitzeko Bardintasunerako Taldeko kide izango diran personak bildu ditue Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur Bilbon. Batzorde-aretoan egindako topaketan, Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakariak ondo etorria emon deutse 2023ko azken hiruhilebete honetarako eta 2024 urte osorako aurreikusitako plan operatiboa gauzatzeko alderdi politiko bakotxak aukeratu dituan kide barriei. Hitzarmenaren helburu nagusia gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna indartzen jarraitzea da, eta, bide batez, Bizkaian gai horren inguruan aldaketa soziala bultzatzea. 

Joan dan maiatzeko hauteskundeen ostean, planean parte hartzen ari ziran askok protagonista barriei bide emon deutse. Bagilean XII. Agintaldia hasteak hemizikloan arpegi barriak sartzea ekarri eban, eta, beraz, beharrezkoa zan egoera hori parlamentuko Bardintasun Talde barrira eroatea, egin beharreko aldaketea egiteko. Gaurko deialdiak datozan hilebeteetan martxan jarriko diran ekintzak azaltzeko balio izan dau. Horreen artean, epe laburrean, urteko azken hilebete bietan egin eta onartu beharko diran Batzar Nagusietako aurrekontu orokorretan genero ikuspegia sartzea, edo Bizkaiko Emakume Hautetsien hurrengo Batzarra prestetea nabarmendu behar da.

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan igazko urtarrilean. Dokumentuan, lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. Gaurko topaketak, Bizkaiko Batzar Nagusiek bardintasunaren alde daukien konpromiso sendoa berrestea ekarri dau, izan be, holango plana euki eban Espainiako Estaduko bigarren erakunde legegilea izan zan, Nafarroakoaren ostean. 2017ko udan onartu eban.

Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira.