BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GOGOR GAITZETSI DABE GAUR GOIZALDEAN GERNIKAKO BATZAR ETXEAN INDARREZ SARTU IZANA

  • Batzar Nagusietako Mahaiak –EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Elkarrekin Bizkaiak– erabateko gaitzespena adierazo dau pintadearen eta bandera ofizialen lapurretearen aurrean, askatasunaren, demokraziaren eta bizikidetzaren kontrako ekintzak diralako.


(Gernikan, 2025eko abenduaren 6an). Bizkaiko Batzar Nagusiek gogor gaitzetsi ditue gaur goizaldean Gernikako Batzar Etxean izandako indarkeriazko ekintzak. Goizaldean indarrez sartu dira eraikin ofizialera, eta egunsentian sarrerako harmailetan “GUREA IKURRIÑA” inoan pintadea agertu da eta Espainiako eta Europar Batasuneko banderak lapurtu ditue. 

Persona arduradunak edo arduradunek, Bizkaiko herri soberanotasunaren sinboloa dan eta Gernikako Arbolea, Euskal Herriaren askatasunaren, demokraziaren eta bakearen ikur unibersala, hartzen dauen espazioaren kontra egin dabe. 

Bizkaitar guztien egoitzearen kontrako eraso hau bizikidetza baketsuaren giroa eta euskal gizarteak normalizazinoaren, bakegintzaren eta giza eskubideen errespetu osoaren alde dauen konpromiso sendoa urratzea da. Ganera, lurraldeko kultur ondarearen eta urtero milaka bisitari erakarten dituan leku baten irudiaren kontrako erasoa da. 

Bizkaiko Batzar Nagusiek berretsi egin dabe indarkeriazko ekintza bakar batek be ez daukala lekurik askatasunagaz konprometidutako gizarte demokratiko eta pluralean.