BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK BEHARREAN HASI DIRA ERAKUNDEAREN III. BARDINTASUN PLANAREN ELABORAZINOAN
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasun Taldeak 2022tik indarrean egon dan bigarren Bardintasun Planaren ebaluazinoa aurkeztu dau gaur. Bertan, hurrengo lau urteetarako bardintasunaren arloko hurrengo ibilbide-orria egiteko kontuan hartu beharreko gomendioen atal bat dago.
(Bilbon, 2026ko maiatzaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusiek modu formalean hasi dabe euren III. Bardintasun Planaren elaborazinoaren prozesua, bigarren planaren (2022-2025) azken ebaluazinoaren txostena aurkeztu ostean. Itxierako dokumentu horrek azpimarratzen dauenez, erakundeak bardintasuna bere ekintza politiko eta administratiboaren zeharkako ardatz lez sendotzea lortu dau, eta, aldi berean, emakumeen eta gizonen bardintasunaren arloan Parlamentuaren egiturazko eraldaketan sakontzeko ibilbide-orri barria gidatuko daben erronka tekniko eta estrategikoak identifikau ditu.
II. Planaren ebaluazinoaren laburpen globalak balantze positiboa emoten dau funtsezko arloetan, beharginen kudeaketean, adibidez, izan be, bertan emakumeen eta gizonen arteko egitura orekatuari eusten jako eta ia ez dago soldata-arrakalarik (% 0,1). Modu berean, Bardintasunezko Komunikazino Gidearen erabilera sendotu da, eta indarkeria matxistearen aurrean erakundeek daben jarrera indartu da. Halanda be, txostenak datuen sistematizazinoa eta gauzatutako ekintzen benetako eraginaren neurketea hobetzeko beharraz ohartarazoten dau, egungo adierazle batzuk ezin diralako kuantifikau.
Aurkikuntza teknikoen artean, dokumentuak adierazoten dau genero-ikuspegiaren integrazinoa ez dala bardina jarduketa-eremu guztietan. Kontratazinoan eta komunikazinoan aurrerapen esanguratsuak izan diran bitartean, oraindino garapen txikiagoa dago ikuspegi hori aurrekontu orokorretan eta araugintza-izapideetan apliketeari jagokonez. Modu berean, “zaintzak aintzatesteari” eskeinitako ildo estrategikoa da betete maila txikiena dauen arloa, gehienbat kontziliazino neurriei lotuta, estrategia propio finkaturik barik.
III. Bardintasun Planaren diseinuari begira, txostenak gai horreek eta jasotako esperientzian oinarritutako "lehentasunezko gomendio" batzuk kontuan hartzea proponiduten dau. Neurri horreen artean azpimarratzekoa da adierazle espezifikoen, neurgarrien eta alderagarrien sistemea barriro definidutea, urteko ebaluazino zorrotza egin ahal izateko eta eraginaren azterketea errazteko.
Gobernantzaren esparruan, aurrekontuak egitean eta araudi instituzional osoko genero-eraginari buruzko txostenetan genero-ikuspegia modu sistematikoan txertatzea gomendatzen da. Beharginen arloan, kontziliazino-diagnostikoaren gomendioen aplikazinoan aurrera egitea eta laneko malgutasuna hobetzea proponiduten da, erantzukidetasuna bultzatzeko telelana lako proposamenak barne. Bukatzeko, proposamenak talde feministentzako eta sexu aniztasunekoentzako (LGTBIQ+) parte-hartze mekanismoak indartzea eskatzen dau, bardintasuna Bizkaiko Batzar Nagusietako politika publiko guztietan guztiz txertatuko dala ziurtatuz.
III. Bardintasun Plan hori prestauta, Bizkaiko Batzar Nagusiek, euren bardintasunerako politikak eten barik hobetzeko eta fiskalizetako konpromisoa indartu dabe. Bardintasunagazko konpromiso hori aitzindaria da, Bizkaiko Batzar Nagusiek, 2017ko udan aho batez onartu zan bardintasun plana euki eben Espainiako Estaduko bigarren erakunde legegilea izan ziralako, Nafarroakoaren atzetik bakarrik.