BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 116 SAIO EGINDA EMON DEUTSIE AMAIEREA 2022ARI
- Legealdia amaitzeko urte eta erdi falta diranean, Batzar Nagusietako taldeek Bizkaiko Gobernua kontroletako euren lana areagotu eben igaz, Aldundiaren eskumenekoak diran gaiei erantzunak bilatzeko 411 ekimen parlamentario (itaunak, ahozko erantzun-eskeak, idatzizko erantzun-eskeak, agerraldi eskaerak, mozinoak eta arauz besteko proposamenak) aurkeztuta.
- Urtea amaitzeko, 18 arau-ekimen onartu dira, foru-arauen eta dekretuen artean. Azkena abenduaren 28an izan zan: 2023ko Bizkaiko Aurrekontuak.
(Bilbon, 2023ko urtarrilaren 10ean) Bizkaiko Batzar Nagusiak urte erdira dagoz XI. agintaldia ixteko, eta azkenengo hamabi hilebeteetan ikusi dabe Batzar Nagusietako taldeek areagotu egin dabela euren kontroleko lana eta foru araudia aurrera aterateko edo garai barrietara egokitzeko betekizuna. Datuek holan erakusten dabe. 2022an, Bizkaiko Batzar Nagusiek 23 osoko eta 93 batzorde egin ebezan, hau da, 116 saio parlamentario, Mahaiaren (50) edo Bozeroaleen Batzordearen (21) bilerak kontuan hartu barik.
Bizkaiko parlamentuaren azken urteko balantze kuantitatiboak beste zifra garrantzitsu batzuk be erakusten ditu, bai Foru Gobernuaren kontrol lanakaz zerikusia daukanari jagokonez, bai Lurralde Historikoen Legeak eskumena autortzen deutsazan gaietan Bizkaiko araudia aurrera eroateko dauen eginkizunari jagokonez. Gernikako Batzar Etxean egindako osokoek testu arauemoile barriak sortu ebezan, azkena, abenduaren 28an onetsi zan 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen Foru Araua. Bizkaiko Batzarr Nagusiek, igaz, guztira, 10 Foru Arau, transposizinoko 4 Foru Dekretu, Preminazko 3 Foru Dekretu eta Foru Dekretu 1 onartu zituen.
Aurtengo aurrekontuak onartzeaz gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek pandemiaren, gerraren eta prezioen igoerearen ondorioei aurre egiteko edo arintzeko arauzko testuak eroan ditue aurrera. Onartutako foru arau gehienak fiskalidadeagaz egozan lotuta, bai iruzurraren kontrako prebentzino eta burruka neurriak hartzeko, bai tributu batzuk aldatzeko, besteak beste, BEZ, Soziedadeak, PFEZ, OHZ edo Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren ganeko Zergea (gainbalioa), “Google” eta “Tobin” tasak Bizkaiko zerga-sisteman sartzeaz gain.
Zerga arloko gai horreetatik kanpo, Bizkaiko Batzar Nagusiek, eukaliptoak landatzeko, Bizkaiko bost errepidetan kamioientzako bidesariak sartzeko edo Usansoloko segregazinorako lau urteko luzamendua ezarteko arauzko proiektuak be onetsi ebezan, beste gai batzuen artean.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEN KONTROLEKO LANAK
Batzar Nagusietako taldeek –batez be oposizinokoek– ahalik eta gehien estutu ditue Batzar Nagusietako Araudiak eskaintzen deutsiezan kontroleko eginkizunak, itaunen, ahozko eta idatzizko erantzun-eskeen, agerraldi eskaeren, mozinoen eta arauz besteko proposamenen bitartez. Horreen guztien artean, 411 ekimen parlamentario batu ziran.
2022an egindako kontrolerako zortzi osokoetan, Aldundiko arduradunek euren kudeaketeari buruzko azalpenak emon behar izan ebezan, 40 itaunetan eta ahozko 49 erantzun-esketan. Batzordean –guztira 93 saio egin dira– ahozko beste 53 erantzun-eskeri eta 55 agerraldi eskariri erantzun deutsee. Bere ekimenez, Aldundiko kideren bat beste 21 aldiz agertu da. Ganera, Foru Gobernuak idatziz erantzun deutsee oposizinoaren 143 informazino eskariri.
Batzar Nagusietako jarduera trinko hori handitu egin da aurton, Bizkaiko garraio publikorako konponbide onenetan sakontzeko eta, zehatzago esanda, Bizkaiko “Garraioaren 2018-2028 Plan Estrategikoa” eguneratzeko lan handia egin dauen batzorde bereziaren bitartez.
Batzar Nagusietako buru dan Ana Otadui Biteriren bigarren legealdiko azken parteak, “sendotu egiten dau erakunde hori –Batzar Nagusietako lehendakariaren berbetan– alkarbizitzarako askotariko gune lez, gure Lurralde Historikoaren errealidade sozio-politiko aberatsaren isla eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernua parlamentuan kontroletako tresna eraginkor lez”. Batzar Nagusietako kide guztien lehentasunezko helburua “Bizkaia arlo guztietan garatzen lagunduko daben ekimen guztiak bultzatzea” da.