ORAIN DALA 45 URTE IZAN ZIRAN LEHENENGO HAUTESKUNDE DEMOKRATIKOAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Bizkaiko Batzar Nagusietarako 1979ko apirilaren 3an egindako hauteskundeen ostean, Bizkaiko Kamarea barriro bildu zan hilabete bereko 28an Gernikako Batzar Etxean, azken bilkurea egin zanetik 102 urtera. Izan be, 1877ko apirilaren 26an egin zan ha, foruak indarbakotu ostean.
     
  • Hamabi legegintzaldiotan, Bizkaiko Legebatzarrak gorabehera historiko garrantzitsuak euki ditu: Gernikako arbola biren landaketea, sei ahaldun nagusiren eta Kamarako lau presidenteren izendapena, ehunka foru-arauren onarpena, egoitza eta eraikin historikoen zaharbarritzea, museo baten eraikuntza, parekotasuna ailegetea Kamarara, baita pandemia baten ondorioz legebatzarra gelditu behar izatea be. 

 

(Bilbon, 2024ko apirilaren 2an). 1979ko apirilaren 3an egin ziran diktadurea amaitu ondoko lehenengo udal- eta foru-hauteskundeak. 100 urte baino gehiago aboliduta egon zan Kamarea atzera ezarteko momentua zan, 1876an foruak kendu ziranetik, hain zuzen. Hauteskunde hareetan, Bizkaiko 90 ordezkari aukeratu ziran, gehienak gizonak. Gaur egun, 51 ahaldunek osotzen dabe Bizkaiko Kamarea, andren eta gizonen artean.

Apiril hatan, Bizkaiko Legebatzarrak beste etapa bati ekin eutson, bere eskumeneko gai garrantzitsuetan (fiskalidadea, gizarte-ekintza, errepideak...) foru-arauak garatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduerea kontroletako gaitasuna daukan erakunde parlamentario lez. Legebatzarraren egoitza nagusiak, Gernikako Batzar Etxeak, Bizkaiko ordezkariak ehun urte inguruko haretxaren alboan batzen ikusi ebazan barriro.

Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeen ondoren, apirilaren 3an, Batzar Nagusiak barriro bildu ahal izan ziran 1979ko apirilaren 28an Gernikako Batzar Etxean, azken bilerea egin eta 102 urtera, 1877ko apirilaren 26an egin zan-eta ha, foruak indarbakotu ostean. 1979ko maiatzaren 3an eratu eta hilebetera, Bizkaiko Foru Aldundi barria aukeratu zan, José M. Makua Zarandona ahaldun nagusi zala.

Aro demokratikoan, eta berrezarri ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoaren instituzionalizazino-prozesuaren eta euskal lurraldeen eskubide historikoak berreskuratzeko prozesuaren protagonista nagusi izan dira Bizkaiko Batzar Nagusiak. Gaur egun, erakundearen XII. agintaldian gagoz. Igazko bagilean hasi zan legegintzaldi hau, Ana Otadui Biteri hirugarrenez lehendakari dala. 

Bizkaiko Kamarearen egituera eta osaerea aldatu egin dira hamabi legegintzaldi honeek igaro ahala. Gaur egun, 51 batzarkidek osotzen dabe erakundea, sufragio unibertsal eta zuzenaren bidez aukeratuak, lau urtean behin udaletakoakaz batera egiten diran foru-hauteskundeetan; orain arteko azkenak 2023ko maiatzaren 28an egin ziran. Aukera politiko guztien artean, herritarrek euren ordezkariak aukeratzen dabez Bizkaia osotzen daben lau barrutietan (Bilbo, Enkarterri, Busturia-Uribe eta Durango-Arratia).

Antolatzeko modu horrek hainbat gorabehera euki ditu lau hamarkada eta erdi honeetan, ordezkarien kopuruari jagokonez, eta, batez be, Bizkaiko Legebatzarrean emakumeek parte hartzeari jagokonez. Lehenengo agintaldian 90 ordezkarik parte hartu eben, eta horreetatik 5 baino ez ziren andrazkoak. Emakumeen presentzia nabarmen aldatu da hemizikloan XXI. mendean. Gaur egun, gizon baino andrazko gehiago dago Gernikako Osoko Bilkuren Aretoan: 27 andra eta 24 gizon.

Urteotan, beste jazoera garrantzitsu batzuk be izan dira; esaterako, Gernikako arbola bi landatzea (2005eko eta 2015eko neguetan). Foru-erakundeak ikusi dau lau presidente aukeratzen zirala: Anton Aurre Elorrieta, Aitor Esteban Bravo, Ana Madariaga Ugarte eta Ana Otadui Biteri. Eta haretx historikoan kargua zin egin edo berba emon dabela sei ahaldun nagusik (José María Macua Zarandona, José Alberto Pradera Jauregui, Josu Bergara Etxebarria, José Luis Bilbao Eguren, Unai Rementeria Maiz eta Elixabete Etxanobe Landajuela) eta bost lehendakarik (Carlos Garaikoetxea Urritza, José Antonio Ardanza Garro, Juan José Ibarretxe Markuartu, Patxi López Álvarez eta Iñigo Urkullu Renteria).

Aro barri honetan beste efemeride batzuk nabarmentzen dira; berbarako, Enkarterrietako Museoa eregitea Avellanedako Juntetxean (1994), eta Gerediagako San Salbadore eta San Klemente Ermita zaharbarritzea, Gerediagako Batzar Etxe lez (2003). Egoitzarik enblematikoenean, Gernikako Batzar Etxean, 1980ko martiaren 31n, beste une historiko bat izan zan: Eusko Legebiltzarraren lehenengo saioa.

Momenturik gatxenetako bat COVID-19aren ondoriozkoa izan zen. 2020ko martitik aurrerako pandemiaren ondorioz, lau hamarkadatan lehenengoz, Legebatzarraren jarduerea minimora murriztu zan, nahiz eta aurrerapen teknologikoei esker saioak online eta herritarrei edegita egin ziran.