BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KONTZILIAZINOAN ZENTRAUTAKO BESTE “ALKARRIZKETAK BARDINTASUNEAN” BAT EGIN DABE

  • Jardunaldia azken fasean dagoan Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planak jasoten dituan ekintzen barruan dago.

 

(Bilbon, 2025eko urriaren 24an).  Bizkaiko Batzar Nagusiek, euren Bardintasun Planaren barruko ‘Alkarrizketak bardintasunean’ zikloaren beste saio bat egin dabe gaur, bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoa uztartzearen inguruan hausnartzen eta esperientziak konpartiduten jarraitzeko.

Jardunaldian Daiteke aholkularitza-enpresak hartu dau parte. Enpresa horrek ibilbide luzea dau administrazino publikoei, enpresei eta alkarteei bardintasunaren arloan laguntzen. Araceli Guerrero Conde enpresako ordezkaria izan da saioa gidau dauena, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakaria, Mahaiko kideak, batzarkideak eta Foru parlamentuko beharginak.

Topaketan zehar kontziliazinoaren eremuan sakondu da, eta hainbat erakundetan gauzatutako esperientzia praktikoetan jarri da arretea. Modu berean, Kontzilia Sarea aurkeztu da. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak bultzatutako ekimen horren koordinazino teknikoan Daiteke erakundeak hartzen dau parte.

Jardunaldian zehar, enpresetako eta administrazino publikoetako esperientzia barritzaileen barri emon da, eta erakundeek kontziliazino-neurri eraginkorrak ezarterakoan dituen erronka eta zailtasun nagusien inguruan eztabaidatu da.

Saio horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek barriro berretsi dabe aukera bardintasunagaz eta genero ikuspegitik gizartea eraldatzea bultzatuko daben alkarrizketa guneak sortzeagaz daben konpromisoa.

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planak hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira.