BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK PREMINAZKO ELIKAGAIEN BEZ-AREN BEHERAPENA URTE AMAIERARA ARTE LUZATZEA ONARTU DABE

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek, oinarrizko saskiko produktuak, orioa, arrautzak, ogia, pastea, esnea eta frutak, barazkiak eta ortuariak, besteak beste, zergapetzen dituan zergan araubide komunean egin diran aldaketetara egokitu dabe araudi fiskala.


(Gernikan, 2023ko urriaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gernikako Batzar Etxean egin dan ohiko osokoan FORU DEKRETU ARAUEMAILEA onartu dabe gaur. Dekretu arauemaile horren bidez 1/2023 Foru Dekretu Arauemailea, zezeilaren 28koa, balio erantsiaren ganeko zergan, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergan, ez-egoiliarren errentaren ganeko zergan eta ekonomia-jardueren ganeko zergako tarifetan tributu-neurriak apliketeari buruzkoa, aldatzen da. Aurtengo gabonilaren 31ra arte egongo da indarrean, eta dekretu hau onartzeak esan gura dau hasiera batean Ukrainako gerrak eragindako prezioen igoerea arintzeko ezarri ziran BEZaren tasa murriztuak luzatu egingo dirala elikagai freskoen edo premina biziko elikagai batzuetan. 

Bizkaiko Batzar Nagusiek dekretu hori aho batez onartu izanak, 2022an % 4ko tasa murriztua eben oinarrizko produktuak barriro be BEZ barik ixtea dakar, baita % 10eko kargea eukien beste batzuk % 5ean mantentzea be. Lehenengoen artean, ogi arrunta, ogi-urunak, esnea, gaztaiak, arrautzak eta frutak, barazkiak, lekaleak, tuberkuluak eta zerealak dagoz. Eta, BEZaren erdia ordainduko daben bigarrenen artean, oliba eta hazi orioak eta jateko pastak dagoz.

Presino fiskalaren murrizketa horri esker, “elikagai horreen azken prezioa murrizten lagundu daiteke”, baina aldi baterako BEZ barri horren aplikazinoa hurrengo hilebete bietan (zemendian eta gabonilean) azpiko inflazinoaren urte arteko tasearen (energia eta landu bako elikagaiak alde batera ixten dituana) bilakaeraren araberakoa izango da, eta % 5,5etik jasten bada neurria kendu egingo da, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak azaldu dauenez. Orain arte ez da halan izan, izan be, irailean, azpiko inflazinoa balio hori baino hiru hamarren handiagoa izan zan (% 5,8), eta, beraz, zergen beherapena urte amaierara arte luzatuko da.
 

ETXEBIZITZAREN ALOKAIRURAKO KENKARIAK

Horren ostean, osokoak oposizinoaren ekimen bi eztabaidatu ditu. Alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak etxebizitzen alokairurako PFEZan dagozan zerga-pizgarriak aldatzen saiatzeko aurkeztu dauen mozinoa, gaur egungo araudiak “ez deutsolako laguntzen” etxebizitzak ohiko bizitegi erabilerarako alokairuko merkadu librera urteteari, ezta pisu turistikoen erabileraren aldaketeari be, Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroalearen berbetan. Talde moreak Estaduko Etxebizitzeari buruzko Legeak jasoten dituan kenkariak sartu gura ebazan foru araudian, alokairuak “ordaintzeko moduko” prezioetan eskaintzen dituen jaubeentzat “% 90era arteko” kenkaria ezarriz. Ekimena ez da onartu, kontrako 31 boto (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra) eta aldeko 15 (EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) jaso ditualako.

Proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dau onartu foru Gobernua eusten daben talde bien osoko zuzenketa-eskea. Jeltzaleek eta sozialistek, edozein neurri ezarri aurretik, ohiko etxebizitzara zuzendutako higituezinen errentamenduen pizgarri fiskalen azterketea eskatu dabe, eta hori Aldundiak urtea bukatu baino lehen Batzar Nagusietan aurkezteko konpromisoa hartu dauen 2014ko eta 2018ko erreforma fiskalen ebaluazino txostenetan sartzea. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, kenkari hori 2024ko ekitaldian egitea aurreikusten dan barrikuspen fiskalean aztertzea eta analizetea defendidu dabe.

Beste erakunde batzuetan jorratutakoa kontuan hartzearen alde agertu ostean, 2021-2023 Etxebizitzaren Plan Zuzentzailean edo Eusko Legebiltzarrean onartutako ebazpenetan adibidez, talde biek Aldundiaren azken urteetako politika fiskalak defendidu ditue. Holan, “ez da hutsetik abiau”, neurri batzuk Bizkaian “emaitzak emoten ari diralako”, Mikel Bagan jeltzaleak azaldu dauenez. 2017tik 2021era bitarteko ekitaldi fiskalen artean, higituezinen urteerea bultzatu da, zerga kargak “% 45”murriztu diralako, eta, holan, “75.000 etxebizitza” dagoz. Ganera, Baganek gogora ekarri dauenez, “% 35” igon da zerga-pizgarriak jasoten dituen aitorpenen kopurua, eta horrek gastu fiskala “% 45” handitzea ekarri dau. José Alberto Álvarez Castrejón sozialistaren berbetan, alokairuko etxebizitzetarako kuotaren kenkarien ondoriozko gastu fiskal hori 51,8 milioi izan da Foru Ogasunarentzat.

Beste alde batetik, EH Bilduk, talde moreak onartu ez dauen beste osoko zuzenketa-eske baten bitartez, Aldundiak hiru hilebeteko epean PFEZ aldatzeko proposamena aurkeztea planteau dau, alokairuarengaitiko kenkaria errentarien errenten araberako kenkari progresiboagoa bilakatzeko, orain errenta-maila hori bat edo beste izan “oso antzekoa” dalako.

Bizkaiko Talde Popularretik kritikau egin dabe “askok” errekurritu daben Etxebizitzari buruzko Estaduko Legea eta leku guztietan soluzino berberak apliketea, higituezinen merkaduko “tentsionautako eremuak” ezartea, besteak beste.


EGOITZETAN BERO BOLADEI AURRE EGITEA

Legealdiko ohiko bigarren osokoan ez da onartu EH Bilduren mozino bat. Mozino horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz eta Arabako eta Gipuzkoako aldundiakaz batera, “dibertsitate funtzionala daben personentzako eta edadekoentzako egoitzetan eta zentroetan bero boladen aurrean jarduteko protokoloa” ezartea eskatzen jakon Aldundiari, talde abertzalearen berbetan gaur egun holangorik ez dagoalako. Ekimenak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldearen aldeko eretxia jaso dau. Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe EH Bilduren idea onartu.

Gero eta “luzeagoak eta musturrekoagoak” diran fenomeno klimatiko horreen ugaritzearen aurrean, koalizino abertzaleak uste dau beharrezkoa dala aitatutako zentroetarako “beren beregiko” protokoloa egitea. Bertako egoiliarrak, musturreko gertakari meteorologiko horreetan, “modu berezian dira zaurgarriak deshidratazinoaren, gaixotasun kronikoen larriagotzearen, edo baita bero kolpe baten aurrean be”, justifikau dau Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak.

Foru Gobernua eusten daben talde biek ontzat emon ditue Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatu andreak gai horren inguruan kontroleko azkenengo osokoan egin jakon itaunean emon ebazan erantzunak. Koalizino abertzaleari erantzunez, Aldundiko arduradunak foru egoitzek erabili behar dituen “jarduketa protokoloak” ezartearen barri emon eban. Zentro bakotxeko profesionalen esku ixten ditue bero-boladen aurrean ezarri beharreko prebentzino-neurriak.

Holan, Juan Otermin sozialistak Bizkaian egiten dan beharra defendidu dau, ez dalako senideen salaketarik egon, eta ez dalako “ezelango eragozpenik” aurkitu Aldundiak egoitzetan egiten dituan ikuskapenetan. Protokolo espezifikoa egiteari jagokonez “hutsunerik” edo “preminarik” ez dagoala ikusteko, koalizino abertzaleak kontrakoa iradokitzen eban arren, eguneroko hilkortasuna monitorizetako estaduko MoMo sistemeak emoten dituan datuak hartu dira kontuan, eta horreetan Bizkaiak “ez dau kaltetuta urtetan”.