BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK FUNTSEZKO PRODUKTUEN BEZ TASA MURRIZTUEKIN JARRAITZEA ERABAGI DABE

  • Oliba-orioak aldi baterako % 2ko BEZ murriztua izango dau gabonilaren 31ra arte, eta % 4ko BEZ finkoa 2025etik aurrera.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren mozino bat onartu dau, Aldundiak gazteen artean lan ildoa zabaldu daian, emakumeen eta gizonen arteko bardintasunean eragina daben alderdiak jorratzeko, indarkeria matxistak, diskriminazino sexistea, genero estereotipoak eta bikote hartu-emonak, besteak beste.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoa indarkeriaren biktima guztien aldeko minutu bateko isiluneagaz hasi da eta modu berezian gaur 40 urte hil eben Santiago Brouard Pérez Batzar Nagusietako batzarkide ohia gogoratzeko.


(Gernikan, 2024ko zemendiaren 20an). Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomikoei eta sozialei aurre egiteko neurri jakin batzuk luzatzen dituan eta Balio Erantsiaren ganeko Zergeari buruzko 7/1994 Foru Araua aldatzen dauen urriaren 24ko 4/2024 Foru Dekretu Arauemoilea berretsi dau gaur. Funtsean, dekretuak 4/2024 Errege Lege Dekretuaren neurrien transposizinoa egiten dau, zenbait elikagairentzat BEZaren tasa murriztuen aplikazinoa hedatuz, inflazinoaren ondorioak arintzeko eta kontsumitzaileei laguntzeko, horreetako batzuen denporazko ondorioak amaitu diran arren. 

Aldaketak premina handiko artikulu batzuen BEZaren tasa murriztuak aldatzean edo horreei eustean zentretan dira, baina Batzar Nagusietako talde guztiak ez dira dekretuaren eukiagaz ados egon, hainbat errazoi dirala eta. Testua aldeko 30 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), kontrako 2 botogaz (Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) eta 16 abstentzinogaz (EH Bildu eta Bizkaiko Talde Popularra) onetsi da.

Laburbilduta, dekretuaren berrespenak baieztu egiten dau irailera arte zenbait elikagairen BEZa % 5eko (elikadura-pastak eta hazi-orioak) eta % 0ko (behar-beharrezko elikagaiak eta oliba-orioak) tasetan egon zala. Urritik aurrera eta gabonilaren 31ra arte, zerga-tasa horreek ehuneko 7,5 eta ehuneko 2ra igon dira, hurrenez hurren.

Oliba-orioari aplikau beharreko zerga-taseari jagokonez, aurreko % 5etik % 0ra jatsi da irailaren 30era arte, eta % 2ko tasea ordainduko dau 2024ko urriaren 1etik gabonilaren 31ra arte. Dekretuan 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera behar handiko elikagaien zergea % 4ko tasa “supermurriztuan” finkatu da. Holan, 2023an bakarrik % 44,4ko igoerea izan eban oinarrizko produktu horren prezioa arintzen lagunduko da, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azpimarratu dauenez.


ESKAEREN ETA HERRITARRAKAZKO HARTU-EMONETARAKO BATZORDEAREN BALANTZEA

Bizkaiko Batzar Nagusietako araudiak marketan dauen lez, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeak urtebeteko jardunaren balantzea egin dau osokoan. 2023ko garagarriletik aurtengo garagarrilera bitartean batzordea sei bider bildu da, hainbat kolektiboren zortzi eskariri erantzuteko, Asier López de la Fuente batzordeburu eta batzordekide jeltzaleak azpimarratu dauenez.

Egindako saioetan Batzar Nagusietako taldeek gai honeen inguruko herritarren eskariak entzun ditue: motoen tratamendu fiskala, Forum Filatelicoko kaltetuen PFEZaren tributazinoa, ADIFek Bizkaian dituan inbertsino planak, 1.080 euroko gitxieneko pentsinoaren aldarrikapena, Sopuertan ezarri gura dan adinbakoen zentroa gelditzeko eskaerea, Las Karreraseko saihesbidea, Enkarterriko mendietan energia eolikorako dagozan proiektuak eta metroaren 5. linearen Usansoloko geltokia.

Oposizinoko taldeek kritikau egin dabe herritarren zortzi eskaeren ibilbideari buruz ezelango informazinork emon ez izana, hainbat taldek batzorde honetara eroan dituen “eskaeretako bakar bati be ez jakolako erantzun”. Modu positiboan balorau dabe parte hartzeko tresna horren balioa, eta, horregaitik, horren barri emoteko informazino kanpainea, tramitazino telematikoa erraztea eta Foru Gobernuko arduradun bat bertan egotea eskatu dabe. EH Bilduk adierazo dauenez, proposamen horreek landutako gai kopuruaren jatsiereagaz dabe zerikusia. Martxan jarri zanetik herritarren eskariak “% 78” murriztu dira, Idoia Buruaga batzordekideak adierazo dauenez.


DISKURTSO ANIFEMINISTA, SEXISTA ETA MISOGINOEN KONTRA BURRUKATZEKO LAN ILDOA

Saioaren bigarren zatian, osokoak lau mozino eztabaidatu eta bozkatu ditu, kontroleko azkenengo osokotik ateratako Itaunetatik eratorritakoak. Holan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, eskoimuturraren zenbait diskurso antifeminista, sexista eta misoginok gizartean eta, batez be, gazteen artean, daben eragin negatiboaz arduratuta, arlo horretan behar egiteko ildoa planteau dau, gizarte bardinzaleagoa eregiteko.

Arazo horregaz bat etorrita, Eneritz de Madariaga talde moreko bozeroaleak Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari hau eskatzea defendidu dau: “gazteakaz lan-ildo bat garatzeko, emakumeen eta gizonen arteko bardintasunari eragiten deutsien arloak jorratzeko; esate baterako, indarkeria matxistak, diskriminazino sexistea, genero-estereotipoak, bikote barruko hartu-emonak, eta bardintasun-politiken eta feminismoaren zereginaemakumeen eta gizonen arteko benetako bardintasun errealalortzeko orduan”.

Mozinoaren alde agertu dira Batzar Nagusietako talde guztiak, bere eukiak “gai alderdikoiei tartea ixten deutselako”, abstenidu dan Bizkaiko Talde Popularra izan ezik.


EH BILDUREN MOZINOAK

EH Bilduk, bere aldetik, lehen sektorearen bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko bost neurri planteau ditu mozino berean, Aldundiak Suspertze Planean planteautakoak “ez diralako nahikoa”. Iratxe Arriola batzordekideak bere taldeak proponiduten dituan planteamentuen errepasoa egin dau, horreen artean tokiko eredu jasangarriko plana, laguntza zuzen gehiago, kanpoko aholkulariak ustiategi txikietarako, uraren prezioaren murrizketea, landa eremuko eta elikadura sistemeagaz zuzenean erlazionauta dagozan udalerri txikietako proiektu sozioekonomikoen sustapena, eta Elikagaien Erreferentziazko Prezio Duinaren inguruko lana, ekoizleen bideragarritasuna eta etorkizuna bermatzeko.

Osokoak ez dau ekimena onartu. Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da, eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia EH Bilduren ekimenaren alde agertu da, mozinoan aldaketa batzuk planteau dituan arren, tramitazino burokratikoa arintzeko neurriak planteauko dituan azterlana egitea eta beste puntu batzuetan aldaketak sartzea, erregaiaren kontsumoa murrizteko plana, adibidez.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, euren aldetik, mozinoaren kontrako botoa emon dabe hobekuntzarik jasoten ez dituen soluzino “isolatuak” planteetan dituala argudiatuta, eta ez jasangarritasunari, barrikuntzeari, ustiategien modernizazinoari eta digitalizazinoari eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko neurriei jagokenez “Suspertze Planak” egiten dauen lez. Talde biek, mozinoan planteetan diran neurrien sortatik “harago” doan eta Foru Gobernuak urrian aurkeztu eban ibilbide orria defendidu dabe. Suspertze Planak “110 eragilegaz”, horren artean baserritarrak, alkarteak, nekazaritzako sindikatuak, LORRA kudeaketa-zentroa eta foru-administrazinoa bera, egindako prozesu parte-hartzailean adostutako ekintza bateratuak jasoten ditu.

Beste alde batetik, EH Bilduk beste mozino batean eskaerea egin deutse Bizkaiko Batzar Nagusiei, 6 hilebeteko epean Eusko Legebiltzarrean otsailean onartutako genero identidadeagaitiko diskriminazinorik ezari eta trans personen eskubideak autortzeari buruzko 24/2024 Legea, gauzatzeko plana batzordean aurkezteko eskatu deioen Aldundiari. Ekimena ez da onartu, Foru Gobernuari eusten deutsien taldeetako eta Bizkaiko Talde Popularreko ordezkariek ezezkoa emon deutsielako. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin da.

EH Bilduk planteautako testuaren alternatiba lez, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek zuzenketa-eske bat aurkeztu dabe, epe horretan bertan Aldundiak talde horren eta beste batzuen diskriminazinoa saihesteko baliabide eta ekintza zehatzak esparru zabalagoan jasoko dituan Aniztasunaren II. Plana Batzar Nagusietan aurkeztu daian. Koalizino abertzaleak ez dau onartu, euren mozinoan trans kolektiboari beren-beregi zuzendutako soluzinoa planteetan ebelako.


BIZIKLETEAREN ERABILEREA BIZKAIAN

Horrez gain, EH Bilduk, mozino baten bitartez, lan ingurunean bizikletearen erabilerea sustatzeko aurrekontu partidea berreskuratzea eskatu dau, 2024an gauzatu ez diran eta 2025eko aurrekontu proiektutik desagertu diran neurriak, hain zuzen be, Raul Mendez batzordekidearen berbetan. Hori dala eta, koalizino abertzaleak datorren urtean zehar bizikletearen erabilerea bultzatzeko planaren barruan martxan jarteko hiru neurri zehatz azpimarratu ditu: uriko bizikleten sarbidea eta mantentze-lanak errazteko neurriak; araudi fiskalari buruzko bideragarritasuneko azterlana egitea; eta enpresakaz proba pilotua egitea. Zuzenketa-eske baten bitartez, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, proposamena aurkeztu dauen taldearen adostasunagaz, beste jarduketa batzuk sartu ditu, adibidez, bizikletak mantentzeko guneak martxan jartea Bizkaiko hirugarren sektoreagaz.

Proposamen hori be ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen ezezkoagaitik. Aldundia gauzatzen ari dan jarduketak (bidegorrien sarea, Bizkaibizi, bizikleten aparkalekuak…) azpimarratu ostean, talde biek, zuzenketa-eske baten bitartez, eskaria egin deutsie Foru Aldundiari, oraintsu batzordean aurkeztu dauen zerga barrikuspenean mobikortasun planak ezarten dituen enpresentzako kenkaria jaso daian, eta enpresetan mobikortasun planak sustatzeko kanpainak egin daizan, bizikleta bidezko mobikortasuna barne.


MINUTU BATEKO ISILUNEA

Osokoa minutu bateko isiluneagaz hasi da, biktima guztien omenez, joan dan zemendiaren 10ean euskal erakundeek Memoriaren Egunean egin eben oroimenezko ekitaldia Gernikan eszenaratuz. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Bizkaiko Batzar Nagusiek omenaldi horregaz bat egitea proponidu dau, baita laster Eusko Legebiltzarrak Santiago Brouard Perezi egingo deutsonagaz be, bere hilketearen 40. urteurrenean, legebiltzarkidea ez eze, Batzar Nagusietako batzarkidea be izan zalako.