BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GAINBALIOAREN GANEKO ZERGEAREN GEHIENEKO KOEFIZIENTE BARRIAK ONARTU DITUE
- Bizkaiko Udalek sei hilebeteko epea izango dabe euren ordenantza fiskalak Gernikan egindako Bizkaiko Batzar Nagusietako ohiko osoko bilkuran gaur onartu dan Foru Dekretu Arauemoilean ezarritakora egokitzeko.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek, Balio Erantsiaren ganeko Zergan, Elektrizidadearen ganeko Zergan eta Energia elektrikoaren produkzinoaren balioaren ganeko Zergan aldaketak ekarriko dituan transposizinoari buruzko Foru Dekretu Arauemoilea onetsi dabe, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Aldundiari, 2025ean Iraupen Luzeko Zainketen I. Trantsizino Planaren ebaluazinoa egin daian eta Batzar Nagusietako taldeen, gizarte arloko eragileen eta adituen ekarpenak kontuan izanda bigarren plana egin daian.
(Gernikan, 2024ko apirilaren 17an). Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien ohiko osokoak, Uri Lurren Balioaren Gehikuntzearen ganeko Zergearen koefiziente barriak jasoten dituan Foru Dekretu Arauemoilea onetsi dau gaur goizean. Aldundiak aurkeztu dauen dekretuak 31 ordezkariren aldeko botoa izan dau (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta ganerakoen abstentzinoa (EH Bildu, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeetako 18 ordezkari).
Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak, koefiziente maximo barri horreen onarpena defendidu dau Gernikan, “izaera tekniko-juridikoko errazoiak dirala-eta” Foru Dekretu Arauemoilea aurkeztuz. Dana dala, ohikoena, igaz gertatu zan lez, ekitaldi bakotxeko Aurrekontuen proiektuan sartzea izango litzateke. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero, Udalek sei hilebeteko epea izango dabe euren ordenantza fiskalak dekretu horretan xedatutakora egokitzeko.
Higituezin edo uri-lursail bat saltzeko unean lurraren balioari aplikau beharreko koefizienteen gehieneko zenbatekoak aldatu egiten dira sortu diran aldiaren arabera, eta egindako salerosketa-eragiketen prezioen bilakaerea kontuan hartuta eguneratzen dira urtero. 2024. urterako, koefizienterik txikiena 0,09koa izango litzateke 12 urtetik 15 urtera bitarteko higituezinen jaubetzetan, eta handiena 0,40koa 20 urteko edo gehiagoko aldietan.
Oposizinoko taldeek kritikau egin ditue zerga hori Aurrekontuen Foru Arautik aterateko Aldundiak emon dituan errazoiak, eta Estadu mailan aurkeztutako koefiziente “berberak” bermatuko dituan “ezelango txosten teknikorik barik” ekarteagaitik Batzar Nagusietara, Arantza Sarasola EH Bilduko batzordekideak adierazo dauenez. Ostean, osokoak ez dau onetsi koefiziente horreek Foru Arau bidez onartzerik, koalizino abertzaleak proponidu dauen lez.
BEZ-AREN JAITSIEREA OINARRIZKO ELIKAGAIETAN ETA ENERGIAN
Osokoak, Diputatuen Kongresuak, abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege Dekretuaren bitartez, lurralde erkiderako adostu ebazan BEZaren aldaketen transposizinoa be onartu dau. Martiaren 7ko 1/2024 Foru Dekretu Arauemoileak, Gobernu zentralak 2022ko udabarrian Ukrainako gerrea eta prezioen gorakadea zala-eta proponidutako neurriak “apurka-apurka” kentzea jasoten dau; igoera hori “desagertuz joan da 2023ko azken hiruhilekoan”. Gerrearen luzapenak eta Ekialde Hurbilean gerra gatazka barriak sortzeak, prezioetan “erreboteak” egotea ekarri leikie, horri krisiaren kontrako neurrietatik “bat-bateko erretireteak” gehitzen bajake, Ogasun eta Finantzetako diputatuak adierazo dauenez.
Beraz, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeen aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Bizkaiko Talde Popularraren abstentzinoagaz, lurraldean % 5eko Balio Erantsiaren Zergea (BEZ) bagilaren 30era arte apliketea erabagi dabe oliba orioan eta jateko pastetan, eta % 0koa ogian, ogia egiteko urunetan, esnean, gaztaietan, arrautzetan, frutetan, barazkietan eta lekaleetan, besteak beste.
Holan, gaur onartutako aldaketek energiaren prezioetarako BEZa marketan dabe. % 10ekoa izango da (lehen % 5ekoa zan) martiaren 31ra arte gas naturalerako, eta abenduaren 31ra arte elektrizidaderako. Zerga-murrizketearen luzapena pelletei, briketei eta egurrari be aplikauko jake, kasu horreetan, bagilaren 30era arte. Azkenik, BEZean nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide sinplifikaua eta araubide berezia apliketako mugak 2024ko zergaldira luzatuko dira.
IRAUPEN LUZEKO ZAINKETAK
Gaur egin dan saioan beste ekimen parlamentario batzuk eztabaidatu eta bozkatu dira. Holan, Batzar Nagusietako taldeek, kontroleko azkenengo osokoan lau Itaunen bidez iradoki ziran gobernu jardunaren aldaketak defendidu ditue.
Lehenik eta behin, talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak familiako zainketearen garrantzia murriztea proponidu dau, erantzukizun publikoko zainketea areagotuz. Talde hori, azkenean, akordio batera heldu da Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeakaz, erdibideko zuzenketa-eske baten bitartez testu alternatibo bat aurrera eroateko. Hori dala-eta, besteak beste, 2025eko lehenengo seihilekoan Aldundiak Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizinoko lehen Planaren ebaluazinoa egin beharko dau.
Ebaluazino horretatik abiauta, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Foru Gobernuari, foro parlamentario horretan “emaitzak, ondorioak eta jardunbide egokiak konpartiduteko”, “gitxienez jarduketa ildoak, proposamenak, proiekzinoak, estaldurea eta plazak ezarri ahal izateko, bai egoitza-zerbitzuen eta eguneko arretaren tipologia desbardinetarako, bai etxean zaintzeko laguntzak emotera zuzendutako prestazino eta zerbitzuetarako”. Bizkaiko Parlamentuak Batzar Nagusietan arlo horretako gizarte eragileek eta adituek parte hartuko daben “lantalde bat” sortu daitela eskatu dabe. Horreen iradokizunak “ekarpenen dokumentu” batean sartuko dira.
Batzar Nagusietako hiru taldeen arteko akordioak Bizkaiko Talde Popularreko ordezkarien aldeko botoa jaso dau eta EH Bildu abstenidu egin da. Akordioak 2025eko bigarren seihilekoan Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizinorako bigarren Plana egitea be eskatzen dau, Zainketen Euskal Itunagaz eta lantalde horretan egiten diran ekarpenakaz bat etorrita.
ONARTU EZ DIRAN EH BILDUREN EKIMENAK
Bukatzeko, osokoak ez ditu onartu EH Bilduk eztabaidatzeko Gernikara ekarri dituan hiru mozinoak. Koalizino abertzaleak adostasuna eskatu dau Usansoloko “herriaren borondatea errespetauko dauen” metroaren 5. linearen trazauaren “alternatiba onena” lortzeko; krisian dagozan industria-enpresentzako “loteslea, erakundeartekoa eta eraginkorragoa” izango dan “Protokolo Integrala” sartzeko; edo Zainketen aldeko Herri Ituna garatzeko “sektore arteko” organua sortzeko.