BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KULTURA SUSTATZEKO PIZGARRI FISKALAK ONARTU DITUE BATZORDEAN
- 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, ikus-entzunezko ekoizpenetarako, zuzeneko ikuskizunetarako eta liburugintzarako pizgarri fiskalak jasoko leukezan foru-arauaren proiektua aurrera ateratea itxaroten dau Aldundiak.
(Bilbon, 2022ko zemendiaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusiek lehenengo pausua emon dabe gaur goizean Bizkaian 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera ikus-entzunezko produkzinoetarako, zuzeneko ikuskizunetarako eta liburugintzarako pizgarri fiskalak aktibetako. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz, Ogasun eta Finantzetako batzordeak baliozkotzat jo dau Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako arau-proiektua. Batzordearen erespena osokoak berretsi beharko dau orain, indarrean jarteko.
Pizgarri fiskalak soziedadeen ganeko zergan eta PFEZn aplikauko dira, eta udan baimendu ebazan Europako Batzordearen bermea dabe, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak orain dala hilebete bat batzorde batean aurreratu eban moduan. Testuak ez dau aldaketarik jaso batzordean, izan be, oposizinoak aurkeztutako 25 zuzenketa-eskeak (EH Bilduren 6 eta Elkarrekin Bizkaiaren 19) atzera bota ditue Foru Gobernua babesten daben talde biek. Beraz, aldaketarik ez dagoanez, Aldundiak ez deutso Europako Batzordeari beste baimenik eskatu beharko.
Arau-proiektua artikulu biren bitartez egituratzen da. Alde batetik, Soziedadeen ganeko Zergan hiru pizgarri sartuko dira. Lehenengoak, ikus-entzunezko lanak ekoiztera bideratutakoak, % 35etik % 60ra bitarteko kenkaria izango dau, Bizkaian egindako gastuen eta inbertsinoen ehunekoaren arabera, eta beste % 10 handituko da euskara hutsean filmautako obrea bada. Gaur egun, ikus-entzunezko ekoizpenetarako kenkaria ez jake apliketan atzerriko ekoizpenei, ez eta formatu digital barriei be, eta % 30ekoa edo % 40koa da euskara hutsean filmautako ekoizpenetarako.
Beste alde batetik, arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunetarako kuota likidoan % 30eko kenkari barria egongo da. Ikuskizuna euskeraz bada, kenkaria % 40raino igongo da. Sortutako kenkaria ezingo da 1.000.000 eurotik gorakoa izan. Baldintzen artean, zergadunak irabazien % 50 gitxienez ikuskizun barriak egiteko inbertiduko dauela barriro ezarten da.
Eta industria-ekoizpenaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen daben liburuak argitaratu ezkero, kuota likidoaren % 5eko kenkaria izateko eskubidea emongo da.
Oposizinoko taldeek egin gura ebezan aldaketa guztiak Foru Gobernua babesten daben talde bien ezezkoa aurkitu dabe. Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk kritikau egin dabe onartuko diran kenkari fiskalak ekoizle handientzat edo goiko tarteetan dagozan zergadunentzat onuragarriak izango dirala. Modu berean, talde moreak kenkari gehiago planteau ditu emakumeek egindako edo euskeraz egindako obretarako. Eta EH Bilduk kenketa guztietarako % 25eko muga orokorra ezarri gura eban, besteak beste.
AURREKONTUEN AURREPROIEKTUA BESTE FORMATU BATZUETAN
Beste alde batetik, arauz besteko proposamen baten bidez, Elkarrekin Bizkaiak defendidu dau lurraldeko aurrekontuen aurreproiektua “XLS” edo “CSV” formatuan aurkeztea, azterketa-lana errazteko. Neurria atzera bota dabe Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, eta beraz, etorkizunean Batzarretako Taldeek aurrekontuen dokumentazinoa paperean eta “PDF” formatuan jasoko dabe barriro.
Abstenidu dan EH Bilduren berbetan, aurton informazino ekonomikoaren parte bat lehenengo egunetik emoten da Excel formatuan webgunean. Informazino hori “behar dan moduan” justifikauta dago, “datuen zaintzaren segurtasunagaitik”, Foru Gobernua babesten daben taldeetatik adierazo danez.
Kontrara, Elkarrekin Bizkaiak informazino bera formatu guztietan emoteko eskatu dau, webguneko Excel dokumentu “bakar batek be ez” dauelako jasoten pdf edo paperean emoten dan informazino “guztia”. Talde Berezia-PP Bizkaia talde morearen eskariaren alde agertu da.