BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK LURRALDEKO ARAUGINTZAKO HERRI-EKIMENA ARAUTZEA ONETSI DABE BATZORDEAN

  • Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek baiezkoa emon deutsie Aldundiak aurkeztu dauen testuari, hurrengo osokoak berretsi beharko dituan zenbait aldaketakaz.
     
  • Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak, batzorde sustatzailean parekotasuna bilatzeko EH Bilduk aurkeztu dituan zuzenketa-eske bi onartu ditu.
     
  • Talde jeltzaleak erdibideko zuzenketa-eskeak iragarri ditu, gaur onartu dan testuak 20.000tik 7.000ra murriztu dituan beharrezko sinaduren kopuruan eta kanpoan geratu behar diran gaietan aldaketak proponiduteko.


(Bilbon, 2022ko abenduaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusiek argi berdea emon deutsie gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean, lurraldeko araugintzako herri-ekimena arautzeko  Aldundiak egin dauen testuari. Foru Arauaren proiektua Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordera heldu da, proiektuak jasoten dituan 15 artikuluak eta oposizinoak aurkeztu dituan 13 zuzenketa-eske eztabaidatu eta bozkatu daitezan. EH Bilduk artikulu horreetako batzuen aurreko 5 aldaketa proposamen defendidu ditu. Elkarrekin Bizkaiak zuzenketa-eske bakarra defendidu dau. Eta Talde Berezia-PP Bizkaiak gauza bera egin dau beste 7 zuzenketa-eskegaz. Azkenean, batzordearen erespena hurrengo osokora helduko da, batzorde sustatzailean gizonen eta emakumeen parekotasuna bilatu daiten EH Bilduk planteautako aldaketa bigaz berresteko. 

Araugintzako herri-ekimena arautzeko testu barriak, testuak berak jasoten dauenez “eraginkortasun txikikoa” izan dan bagilaren 28ko 4/1985 Foru Araua eguneratu gura dau, baita “erakundeak herritarrengana gehiago hurreratzea” lortu be, jagokezan gaietan hareen partaidetzea erraztuz, denpora horretan kanal digitalen garapena eta baliabide fisikoakaz daukien bizikidetzan oinarrituta.

Barrikuntzen artean, azpimarratzekoa da arauaren proiektuak Batzar Nagusietan ekimen bat aurkezteko sinadura kopurua murrizten dauela. 20.000 izatetik 7.000 izatera igaroko litzateke. Ganera, bitarteko elektronikoen bidezko izapidetzea erraztu egiten da, eta sustatzaileek parlamentuko eztabaidan ahotsa izatea proponiduten da, osokoan defendiduteko. Zabalik geratzen da sustatzaileek Konstituzino Auzitegian babes-errekursoa jarri ahal izateko aukerea, onartzeko modukoa ez dalako Batzar Nagusietako Mahaiak proposamena tramiteteari uko egiten badeutso.

Une honetatik aurrera, osokoan onartu arte, aldaketak izan daikezan gaietako bat, araugintzako herri-prozesua hasteko behar diran sinaduren kopuruari buruzkoa da. Holan, proiektuak jasoten dauenez, ezinbestekoa izango da gitxienez Bizkaian erroldatutako personen 7.000 sinadura, eta oposizinoko taldeek, zuzenketa-eskeen bitartez, baldintzatzaile hori aldatzea gura eben. EH Bilduk kopuru hori 5.200 sinadurara jaistea eskatu dau, eta Elkarrekin Bizkaiak 5.000ra.

Bukatzeko, Jesús Lekerikabeaskoa Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak erdibideko zuzenketa-eskea aurkeztuko dauela iragarri dau, gai horretan akordioa lortzeko. Oposizinoaren eretxiz, 5.000 personako kopurua Bizkaiko erroldatik gertuago dago, lurraldeko biztanle-kopurua eta Eusko Legebiltzarrak Herri Ekimen Legegilea izapidetzeko 10.000 sinadura behar izatea ezarten dauela kontuan hartuta.

Bozeroale jeltzaleak aldaketak arauaren beste alderdi batzuetara zabaldu ditu, baztertutako gaiei jagokenez, adibidez EH Bilduk planteetan ebana, proiektutik “Plan Sektorialei” jagokena kentzea, kontzeptu hori “zabalegia dalako eta interpretazino murriztaileak ahalbidetzen ditualako”. Sustatzaileak batzordean agertu ahal izateko aukerea aztertzeko be prest agertu dira, Talde Berezia-PP Bizkaiak zuzenketa-eske batean eskatzen eban moduan.


ALDUNDIAREN JOKABIDE-GIDEA

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu EH Bilduren aldeko botoa eta Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen kontrakoa jaso dauen Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamena, Aldundiaren Jokabide-Gidea “ez beteteagaitik” diputatu bat eta hiru foru diputatu zigortzea eskatzeko, joan dan Aste Nagusian zezenketak ikusteko sarreren oparia onartzeagaitik.

Xabier Benito Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekidearen eretxiz, Foru Gobernu Kontsejuko lau kidek “animaliak torturetan diran ikuskizun makabro batera” joateko sarrerak onartu ebezan, eta hori “arazoa” eta “pribilegioa” da, izan be, opari horreek baztertu egin behar dira, gida horrek ezarten dauen lez, “erakundeen arteko hartu-emon baten barruan emoten diran kasuetan izan ezik”.

Hain zuzen be, Juan Otermin sozialistak eta Unai Lerma jeltzaleak adierazo dabenez, Aldundiko agintariek zezen-ikuskizunean parte hartzea, “erakundeen arteko protokolozko gonbiteak” onartzearen ondorioa da. Kasu horretan, zezen-plazea kudeatzen dauen soziedadearen eta Aldundiaren artekoak. Bien eretxiz, jarrera horrek ez dau ez gida hori, ez 5/2018 Foru Araua urratzen.

Talde morearen ekimenak, animalien kontrako tratu txar mota guztiak desagertuarazoteko “konpromisoa” jasoten eban, eta Foru Gobernuari, tauromakiagaz erlazionautako erakundeakaz akordioak, hitzarmenak edo edozein diru-laguntza edo kontratu debeketako eskatzen jakon. Dana dala, Elkarrekin Bizkaiak iragarri dauenez, salaketea aurkeztuko dau bermeen foru organuan.