BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GAIKUNTZA ERAKUNDEA ERATZEA ONARTU DABE BATZORDEAN, ERAKUNDE BARRI HORREK BIZKAIKO TUTORETZA ERAKUNDEA ORDEZKATUKO DAU

  • Gaur eguerdian Gizarte Ekintzako Batzordeak onetsi ostean, Legez ezgaituta dagozan personentzako Babes Neurrien Hornidurarako lnstitutua, Gaikuntza, arautzen dauen Foru Arau proiektua Osokoak berretsi beharko dau indarrean sartzeko.

 

(Bilbon, 2023ko urtarrilaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordeak onartu egin dau Babes Neurrien Hornidurarako lnstitutua, Gaikuntza, jasoten eta arautzen dauen foru arauren proiektua. Osokoak proiektua berresten dauenean Gaikuntza izango da Bizkaiko Tutoretza Erakundea (BTE-ITB) ordeztuko dauen erakundea. Ezgaitasun judiziala ezabatzen eban 8/2021 Legea indarrean sartzearen ondorioz, aldatu beharra egoan urriaren 31ko 9/2000 foru araua, legeak agindutakoari egokitzeko.

Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistrau dauen foru arau proiektuak ez dau ia aldaketarik jasoko tramitazino prozesuan, Foru Gobernua eusten daben talde biek ez dituelako oposizinoko taldeek aurkeztutako zuzenketa-eskerik gehienak onartu. Hain zuzen be, oposizinoak aurkeztutako 30 zuzenketa-eskeetatik 29 baztertu ditue jeltzaleek eta sozialistek. 5 Talde Berezia-PP Bizkaiarenak ziran; 21 Elkarrekin Bizkaiarenak; eta 4 EH Bildurenak.

Foru Gobernua eusten daben talde biek, Gaikuntza erakundearen funtzionamentua arautzen daben zortzi printzipio gidari sartzeko esaktuz Talde Berezia-PP Bizkaiak aurkeztu dauen zuzenketa-eske bat onartu dabe. Jane Eyre Urkieta jeltzaleak adierazo dauenez, Gizarte Ekintzako sailak talde horren beste zuzenketa-eske baten edukia be jasoteko konpromisoa hartu dau, kanpoko auditoretzak egin ahal izateko, baina alderdi hori Estatutuen 10. artikuluan sartuz. Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak iragarri dauenez, Estatutu horreetan, Elkarrekin Bizkaia taldeak Gobernu Organuan “ordezkaritza orekatuaren printzipioa” onartzea eskatzen eban beste zuzenketa-eske baten edukia sartuko da, Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako Foru Arauagaz bat etorrita.

Gaur egungo Bizkaiko Tutoretza Erakundearen (BTE-ITB) helburu soziala da legez ezgaituta dagozan eta Bizkaian bizi diran adin nagusien tutoretzea eta kuradoretzea gauzatzea, agintaritza judizialak halan erabagiten dauenean, bai eta ezgaitze-prozesu baten dagozanak auzitegietan defendidutea be. Betebehar horreek bardinak izango dira erakunde publiko barrian.

Gizarte Ekintzako Batzordean gaur onartu dan foru arauaren proiektuak 6 artikulu ditu eta bere helburu nagusia da “tutoretzaren ordez laguntzarako neurriak hartzea”, eta horrek “paradigma barria” dakar, persona ezgaituak “eskubideen titular izatera pasauko diralako”, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak igazko azaroan arau proiektua aurkeztu zan egunean azpimarratu ebanez. Babes Neurrien Hornidurarako lnstitutu barrian, adin nagusikoentzako tutoretzea kenduko da eta aurrerantzean tutoretzak 18 urtetik beherakoengan baino ez dau izango eragina. Hori bai, laguntza-kuradoretzea eta ordezkaritza-kuradoretzea -jasoten dira salbuespenez, laguntzarako neurri judizial lez.

Murillok orduan iragarri eban beste aldaketa “garrantzitsu bat”, justiziak persona bakotxarentzat “neurrirako jantzia” egin beharko dauela izan zan, desgaitasuna dauen personak behar dituan laguntza judizial “zehatzak” ezarrita. Aldundiak erakunde barriaren bitartez erantzun beharko deutso horri.

Arauaren aldaketea egokitu egiten jako, batetik, New Yorkeko 2006ko Konbentzinoari, desgaitasuna daben personen eskubideen ibilbide-orri barria ezarri eban dokumentuari; eta, bestetik, bagilaren 2ko 8/2021 Legeari, persona horreei laguntzeko legeria zibila eta prozesala barriztau ebanari.

Ba<ztertuta geratu dira oposizinoko taldeek sartu gura ebezan beste aldaketa batzuk. Talde Berezia-PP Bizkaiak Gaikuntza erakundeak jardueren memoria bat egin behar dauela planteau dau. Beste alde batetik, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak Gaikuntzaren figura juridikoa aldatzeko beharra planteau dabe, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak BTE-ITBgaz iradoki eban lez, baina proposamenak ez dau aurrera egiterik lortu. Talde biek Foru Erakunde Autonomoaren figuraren aldeko apustua egin dabe, enpresa erakunde publikoaren ordez, gaikuntza erakundeak ez dauelako merkadu-baldintzetan jardungo.