BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK SAN MAMESEN JOKATUKO DIRAN UEFAREN FINAL BIEN ANTOLAKUNTZARAKO ERREGIMEN FISKAL ESPEZIFIKOA ONARTU DABE
- Gaur osokoak onetsi dauen Foru Dekretu Arauemoileak zerga-salbuespenak jasoten ditu PFEZren, Soziedadeen ganeko Zergearen, Ez Egoiliarren ganeko Zergearen eta tokiko zergen arloan.
- Ogasunak 2025eko abenduaren 31ra arte eragina izango daben zerga-betebeharrak kudeatzeko eta beteten dirala egiaztetako talde espezializaua eratuko dau.
- Oposizinoaren parte batek kritikau egin dau zerga horreen ordainketea “parkatzeak” Bizkaiko Ogasunerako izango dauen eragin ekonomikoa zein izango dan ez jakitea.
(Gernikan, 2024ko maiatzaren 22an). Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien ohiko osokoak, San Mamesen jokatuko diran UEFAko final bien, zapatu honetan, maiatzaren 25ean, jokatuko dan emakumezkoen Champions Leagueko finalaren, eta datorren denporaldiko gizonezkoen Europa Leagueko finalaren, antolakuntzarako araubide berezia ezarten dauen preminazko Foru Dekretu Arauemoilea onartu dau. Dekretua aldeko 32 botogaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra) eta kontrako 16gaz (EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) balioztatu da. Horrez gain, ez da onartu neurri horreek foru arau lez izapidetzea, EH Bilduk eskatu dauen moduan.
Foru Dekretu Arauemoile horretan ezarritako araubide fiskala UEFAri eta final horreek dirala-eta erakunde antolatzaileak eratutako persona juridikoei aplikauko jake, bai eta partidu horreetan parte hartuko daben taldeei be. Zerga-salbuespenak aplikauko jakez parte hartzen dauen edozein erakundetako beharginei, delegauei, ordezkariei eta agenteei, komunikabideei eta, oro har, akreditautako beharginei.
Gaur onartutako Dekretuak PFEZren, Soziedadeen ganeko Zergearen eta Ez-egoiliarren Errentearen ganeko Zergearen eta tokiko zergen ganeko zerga-arauketea jasoten dau ezarpen iraunkorreko bitartekaritzeagaz jarduten daben zergadunentzat. Estaduan indarrean dagozan arau substantibo eta formal berberek arautzen dituen zergak, hau da, ezarpen iraunkorrik barik jarduten daben zergadunentzako BEZ eta Ez Egoiliarren zergak, beste Foru Dekretu baten bidez onartu beharko dira, oraindino Kongresuan ez diralako egokitzapen horreek onartu, Ogasun eta Finantzetako diputatuak argitu dauenez. Itxaso Berrojalbizek azpimarratu dauenez, Dekretu hori “beharrezko izapidea” da ekimen horreek aurrera eroateko, eta, beraz, “fiskalidadearen ikuspegitik Bizkaia nazinoartekotzeko estrategian bere aletxoa gehitu baino ez dau egiten”.
Parlamentua bitan banatu da kirol ekitaldi horreek Bizkaian egiteko UEFAren “eskakizun” horren alde egoteari edo ez egoteari jagokonez. Talde Mistoak eta EH Bilduk kritikau egin dabe egoitzea Suitzan dauen korporazino multinazional bati “alfonbra fiskala” jartea. Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak esan dauenez, dekretua “ganerako bizkaitarrek jasoten ez dogun mesedezko tratua da” eta “baliabideak kentzen deutsoz zerbitzu publikoak hobetzeari”. De Madariagak, zerga salbuespen horren eragin ekonomikoa eta euskal administrazinoek final biak lortzeko mahai ganean jarriko dituen baliabideak zein diran ez jakitea aurpegiratu dau.
Modu berean, EH Bilduk kritikau egin dau UEFAri ezarten jakon errenten “salbuespen” hori. Arantza Sarasolak kritikau egin dau Dekretu hori Bizkaiko Batzar Nagusietara ekarteko “horrenbeste denpora behar izana”, agenda publikoan aspaldi egoanean, eta taldeek zuzenketa-eskeak aurkeztu ahal izateko Foru Arauaren figurea erabili beharrean Foru Dekretua “in extremis” erabiltea. Bizkaiko Ogasunaren txosten ekonomikoa be kritikau dau, ez dauelako “ezelango ahalegin” ekonomikorik eragingo, Espainiako Gobernuak berak ekitaldi horreek antolatzeagaitik “diru-bilketan galerak autortzen dituan arren”.
Foru Gobernuari eusten deutsien talde biak –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– eta Bizkaiko Talde Popularra dekretuaren berrespenaren alde agertu dira, UEFAk berak Espainiako Erresumaren aurrean ezarten dauen “betekizuna” dalako, final biak San Mamesen jokatzea eta “segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzea” ahalbidetzeko. Final biak Bizkaian jokatzeak eragina izango dau lurraldearen sustapen turistikoan eta nazinoartean dauen posizinonamenduan, eta eragin ekonomiko “oso garrantzitsua” ekarriko dau, argudiatu dabenez.
Zapatu honetako UEFA Champions Leagueko finalari jagokonez, EH Bildu kexau egin da, Rakel Goñi batzarkideak adierazo dauenez urian gaztelania eta ingelesa nagusi diran publizidade euskarrietan euskerea ez dalako agertzen. Errazoi hori eta beste batzuk dirala-eta, koalizino abertzaleak mozino batean defendidu dau Aldundiari eskatzea “euskerea, kulturea eta identidadea bultzatuko daben neurriak hartzeko baliabideak jarri daizala, barruko zein nazinoarteko ikuspegiagaz”. Horrez gan, etorkizunerako, Bizkaian egiten diran nazinoarteko ekitaldi guztien kontratuetan “euskerea, kulturea eta kirola errespetetako eta bultzatzeko klausulak” sartzea eskatu dabe.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia EH Bilduren ekimenaren alde agertu da, baina ekimena ez da onartu, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra taldeek kontrako botoa emon dabelako. Bere eskumenen barruan, Aldundiak “beti bermatuko eta bultzatuko dau euskerearen erabilerea eta gure kulturearen zabalkundea”, erantzun dau María Isabel Landa jeltzaleak. Bere esanetan, final horretan egongo da euskerearen eta euskal kulturearen presentzia. Partiduaren atarian, dinamizatzaile bat arduratuko da ekitaldia euskeraz aurkezteaz eta aurretik emakumez osotutako talde euskaldun batek kontzertu bat emongo dau.
BEHARGINEN KONTRAZINOA FORU SEKTORE PUBLIKOAN
Beste alde batetik, EH Bilduk mozino bat aurkeztu dau osokoan, Bizkaiko Foru Sektore Publikoa osatzen daben erakundeek, euren egiturazko plazak beteteko aukeraketa prozesuetan Aldundiak egiten dituan deialdien prozedura bera errespetau daien. EH Bilduren proposamenak, aldi baterako kontratuetarako prozedurea Aldundiaren deialdietatik bertatik datorren lan boltsa propioaren bitartez betetea be jasoten eban. Hautagaiei ordena jakin bati jarraituta deituko litxakie, Aldundiaren beraren lan boltsetatik hasi eta Aldundiko beste erakunde batzuetakoetatik (GUFE eta HAEE, lehenengo) eta beste euskal erakunde batzuetakoetatik (Aldundiak, Osakidetza eta udalak) jarraituz.
Osokoak ez dau ekimena onartu, kontrako 33 boto eta aldeko 17 jaso ditualako. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia baino ez da mozinoaren alde agertu, eta ganerako taldeek ez dabe onartu. Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dabe, foru erakunde horreei euren hautaketa prozesuetan Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legean ezarritakora egokitu daitezan eskatzeko, eta “modu egokienean gauzatu daien, zerbitzu publikoa ahalik eta modu eraginkorrenean emoteko, beti be prozesu horreetan parte hartzen daben personen interesa eta eskubideak zainduz”. Euren proposamenean, jeltzaleek eta sozialistek “jardunbide egokien zenbait erespide” prestetea eskatzen eutsien Aldundiari, “bardintasunaren, merituaren, gaitasunaren eta publizidadearen printzipioak betez eta kudeaketan ahalik eta eraginkortasun eta gardentasun handienagaz egingo dirala bermatzen jarraitzeko”.
UIOLAK ERANDION
Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak Aldundiari “All Iron” zubiaren proiektua aldatu daiala eskatzeko mozino bat aurkeztu dau, holan, Itsasadarraren babes-kotea handitu eta etorkizunean Erandion gerta leikezan uiolak saihesteko, udalerri honetan martiaren 11n jazo ziranak modukoak, besteak beste. Ekimen hori ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeetako ordezkariek ezezkoa emon dabelako. EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, ostera, alde agertu dira.
Saitec-en kanpoko auditoretzaren irakurketan oinarrituta, Gobernuari eusten deutsien talde biek baztertu egin dabe Raquel González popularraren arabera kuotea 10 zentimetro jatsi eben zubiaren lanek eraginik izan ebenik uioletan. Teknikariek Itsasadarrak ganezka egitearen errazoiak beste inguruabar batzuen kateamendura bideratu ebezan. Horreen artean, Ignacio Jerónimo sozialistak, besteak beste, aurreko euriak, presino atmosferiko altuak eta egun horretan izandako marea “historikoa” aitatu ditu. Obrak egon edo ez, uiolak “bardin gertatuko ziran”, eta horrek errutik salbuesten dau Aldundia.
1.080 EUROKO PENTSINOAK
Saio berean, EH Bilduk eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak mozino bateratua aurkeztu dabe, Batzar Nagusiek eskaerea egin deien Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari, pentsinodunen gitxieneko pentsinoa 1.080 eurora arte osotzeko, 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrileko atzeraeraginagaz, zezeilaren 2an egin zan Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordean Euskadiko Pentsinodunen Mobimentuak eskatu ebana betez. Ekimen hori ez da onartu, ganerako taldeek ezezkoa emon dabelako.
Bizkaiko Talde Popularrak esan dauenez, “ekonomiaren ikuspegitik ez da posible” eta planteetan dana, berez, DSBEaren erreforma bat da. “Ados gagoz horregaz”, adierazo dau Raquel Gonzálezek.
Euskal Sozialisten eretxiz, gitxieneko pentsinoen igoerea pentsinoen sistema publikotik bertatik etorri behar da, eta ez sistematik kanpo. Goyo Zurro bozeroaleak 2018tik Euskadin izan dan pentsinoen errebalorizazinoa azpimarratu dau. Une honetan, “ia 300.000 pentsinodunek” batez beste “1.562 euro” kobretan ditue Bizkaian, hau da, pentsinoek % 18,2ko hazkundea izan dabe sozialistak Gobernu zentralera heldu ziranetik.
Jeltzaleen berbetan, Euskadiko pentsinoak “altuenak” dira eta “Europako estandarretara egokituta” dagoz. Ziortza Álvarezek adierazo dauenez, 2024ko Euskadiko Aurrekontuetan “382 milioi euro” bideratuko dira behar bezala babestuta ez dagozan pentsinodunen diru-sarrerak bermatzeko. 2023an bakarrik, DSBEak 14.300 personaren pentsinoak osotu ebazan. Elkarrekin Bizkaia taldea kritikau dau, ekimen hori Batzar Nagusietan aurkeztu dauelako, talde moreak zenbatekoak jazoten ebazan Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Oinarrizko Sistemearen 2022ko Legea onartzearen alde egin ebanean. Laguntza jasoten daben pentsinodunen kasuan, 2023an gitxieneko kopurua “1.013,79 euroraino” igon zan.
AUTONOMOEN KUOTAK
Osokoa, kolektibo horrentzat autonomoen kuotan beherapenak eta fiskalidadean kenkariak bultzatzeko Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena baztertuz amaitu da. Holan, lau punturen bitartez, Aldundiari “zero kuotea” eskatzen jakon autonomo barrientzat, lehenengo 12 hilebeteetan gitxienez; eta kuota horren zati bat hobaritzea landa munduan egiten daben jarduerarengaitik diru-sarrerak sortzen dituenentzat. Ganera, PFEZn, pentsino-planetarako ekarpenengaitiko kenkariak handitzea eta lehenengo urtean lehenengo behargina kontrateteagaitiko karga fiskala murriztea eskatzen zan.
Talde guztiak proposamenaren kontra agertu dira, hainbat errazoi dirala-eta. Elkarrekin Bizkaiak adierazo dauenez, ez dau babestuko BGAEentzako hobekuntza fiskalak proponiduten dituan ekimenik. EH Bildu abstenidu egin da, ekimenak “alderdi ilun asko” marraztu ditualako, eta Gizarte Segurantzea Euskadira transferidutearen alde egin daiela eskatu deutse popularrei. Jeltzaleentzat beharrezkoa da aurretiazko azterlana egitea, planteautako neurriak bideragarriak diran ala ez jakiteko.