BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EHUKO INCREARTE MASTERREKO IKASLEEN ARTELANEZ OSOTUTAKO “PERLA, AZALA, KATEA” ERAKUSKETEA HARTUKO DABE

  • Garazi Calvo Fernándezen eta Nora Goyalde Aguirreren sormenak hartuko dau abenduaren 15era arte Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko Erakusketa Aretoa (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua).

 

(Bilbon, 2023ko azaroaren 7an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Arte Eder Fakultadeak daben akordioaren emaitzea dan beste erakusketa bat jasoko dau. “PERLA, AZALA, KATEA”, graduondoko ikastaro espezializau horretan egon eta gero Garazi Calvo Fernández eta Nora Goyalde Aguirre Artearen Sorkuntza eta Ikerketa Masterreko (InCreArte) ikasleek espazio horretarako sortu daben baterako erakusketea da. Erakusketea abenduaren 15era arte egongo da zabalik, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 08:00ak arte, astelehenetik barikura. Sarrera doakoa da. 

Erakusketea gaur goizean edegi da, artista biek, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Mahaiko kideek parte hartu daben ekitaldian. Otaduik, beste behin, Leioako “gure artisten harrobitik” datozan erakusketa-proposamenen “originaltasuna” azpimarratu dau; erakusketa horrek artistek “barruan daroen diamante gordina” fintzen amaitzeko balio dau. Euren artea fintzen daben bitartean, sortzaileek “Masterrean egon diran bitartean egindako lan gogorraren ondoriozko ideak, kezkak, sentimentuak edo emozinoak” erakusten ditue, azpimarratu dau.

Erakusketak, modu ezbardinean lan egiten daben artista bien eskulturak eta pieza grafikoak biltzen ditu. Garazik egunerokotasunaren argazki eta marrazkien bidez sortzen ditu konposizinoak eta bere lanak bere lengoaia propioa sortzea bilatzen dau material hori gainjarriz. Gorputzak eta marra gogorrak bere irudietan errepiketan diran elementuak dira.

Norak, aldiz, forma eta kolore sinpleakaz eta errepiketan diran objektuakaz (pegatinak, zilindroak...) egiten dau lan. Horreen bidez, forma desbardinak eregiten ditu, hurbiletik edo distantzia jakin batetik ikuslearengan eragiten dauen efektuagazko interesa erakutsiz.

Aurkezpenean gogora ekarri dan lez, erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko EHUko Arte Eder Fakultadeagaz orain dala hamar urte baino gehiagotik daukien akordioaren beste kapitulu bat da. Horretarako, Batzar Nagusiek hiriaren erdialdean daukien gunea lagaten dabe, unibersidadeko ikasleen sormena Bizkaiko ikusleengana errazago heldu daiten. Hitzarmen horren ondorioz, 2011z geroztik hiru erakusketa antolatzen dira urtero unibersidadeko ikasketak amaitzen dituen ikasleakaz.

Lotutako artxiboak: