BATZAR NAGUSIEK GAIKUNTZAREN SORREREA, 2020KO BIZKAIKO KONTU OROKORRA ETA ITUNAREN BATZORDE MISTOAREN AZKEN ERABAKIAK ONARTU DITUE

  • Osokoak Babes Neurrien Hornidurarako Gaikuntza Institutuaren, Bizkaiko Tutoretza Erakundea ordezten dauen foru erakunde barriaren, sorrerea berretsi dau.
     
  • Bizkaiko parlamentuak EH Bilduren mozino bat onetsi dau, Aldundiak Usansoloko metropoliko trenbidearen 5. linearen trazauaren alternatiben azterlana Eusko Jaurlaritzari eskatu deion.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek ez ditue onartu Urdaibain Guggenheim handitzeko proiektuari buruz herri-kontsultea egiteko eta etxebizitzetan eguzki-plakak jarteko zerga-beherapenak eta zuzeneko laguntzak sartzeko oposizinoak aurkeztu dituan beste ekimen batzuk.

 

(Gernikan, 2023ko zezeilaren 15ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gernikan egin dan osokoan, argi berdea emon deutsee gaur Gaikuntza - Babes Neurrien Hornidurarako Institutua sortu eta arautzen daben, 2020ko Lurraldeko Kontu Orokorra onartzen daben eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren azaroaren 17ko eta igazko abenduaren 27ko azkenengo akordioak berresten dituen hiru foru arau proiekturi. 

Lehenengo eta behin, Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen aldeko botoakaz, osokoak, gaur egun indarrean dagoan Bizkaiko Tutoretza Erakundea ordeztuko dauen Gaikuntza, Babes Neurrien Hornidurarako Institutua, sortzea onartu dau. Testu arauemoile barriak foru araudia egokitzen dau, ezgaitasun judiziala ezabatzen eban 8/2021 Legea indarrean sartu dalako. Horrek foru araudia aldatzera behartu izan dau.

Batzar Nagusietako ohiko osokoan gaur onartu dan eta 6 artikulutan egituratuta dagoan foru arauaren helburu nagusia “tutoretzaren ordez laguntza neurriak ezartea” da, eta horrek “eskubideen titular izatera pasauko diran” persona desgaituentzat “paradigma barria” ekarriko dau, azpimarratu dau Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak, arau proiektua osokoaren aurrean aurkeztu dauenean. Azpimarratu dauenez “ez da terminologia aldaketa hutsa, ikuspegi barria baino, eta bertan, desgaitasuna daukien personak eskubidearen titular dira. Giza Eskubide kontua da”, esan dau.

Gaikuntzan, Babes Neurrien Hornidurarako Institutu barrian, kendu egingo da adin nagusikoen tutoretzea, eta horrek 18 urtetik beherakoengan baino ez dau izango eraginik. Hori bai, laguntza-kuradoretzea eta ordezkaritza-kuradoretzea salbuespenezko laguntza-neurri judizial lez hartzen dira. Murillok iragarri dauen beste aldaketa “garrantzitsua”, justiziak persona bakotxarentzat “neurrira egindako jantzia” izan beharko dauela da, desgaitasuna dauen personak behar dituan laguntza judizial “zehatzak” ezarriz. Aldundiak erakunde barriaren bitartez erantzun beharko deutso horri.

Foru arau proiektua Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen aldeko botoakaz onartu da. Batzar Nagusietako beste talde biek –EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia– kontrako botoa emon dabe zuzenketa-eskea aurkeztu daben artikuluetan.

Arrakastarik barik, talde moreak, bere 21 zuzenketa-eskeen bitartez, araudian genero ikuspegia sartzea, arauari berari laster tramitau behar jakon Estatutua sartzea eta erakundearen izaera juridikoa aldatzea eskatu dau, enpresa erakunde publikoa izan beharrean Foru Organo Autonomoa izan daiten, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak gomendatu dauen moduan.

EH Bilduk bat egin dau talde moreagaz eta “2017tik” gomendio hori egin dauen tribunalagaz. Izan be, Bizkaiko Tutoretza Erakundeak “ez dau merkaduko baldintzetan jarduten”, eta, beraz, bere izaera juridikoa aldatu egin behar da. Koalizino abertzaleak, bere 4 zuzenketa-eskeen bitartez, erakunde horretako plantilla publikoa handitzea be eskatu dau, gaur egun “9 gizarte langilek” “2.000 persona baino gehiago” artatzen dituelako.


KONTU OROKORRA ETA ITUNAREN BATZORDE MISTOA

Horrez gain, osokoak 2020ko Bizkaiko Kontu Orokorra onartu dau. José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren berbetan, pandemiak “eragin handia” izan eban urte horretako jarduketetan eta zenbatekoetan. Diru-sarrera arruntak “7.559 milioi eurokoak” izan ziran eta gastu arruntak “7.281 milioi eurokoak”. Holan, “170” milioi euroko inbertsino garbian eta “107” milioi euroko finantzaketa-gaitasunean islatzen diran “278 milioi” aurreztu ziran. Kontabilidade-doikuntzen ostean, aurrekontuaren superabita “80 milioi euro ingurukoa” izan zan. Pandemiaren lehenengo urteko ekitaldiko zorpetzea handitu egin zan, eta ekitaldia ixtean “1.465,25 milioi eurokoa” izan zan, 298,6 milioi gehiago. Kontu horreek Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen baiezkoa izan dabe, EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren ezezkoa, eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen abstentzinoa.

Eta, irakurketa bakar bidez, Bizkaiko Batzar Nagusiek, 2022ko azaroaren 17ko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren Lehenengo Akordioaren eta 2022ko abenduaren 27ko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren Lehenengo Akordioaren foru arau proiektua onartu dabe. Iruarrizagaren berbetan, lehenengo akordioan, berrerabilgarriak ez diran Plastikozko Ontzien ganeko Zerga Bereziaren eta Berotegi Efektuko Gas Fluordunen ganeko Zergaren kontzertazinoa nabarmentzen dira. Berrogei egun geroago, euskal administrazinoek eta Gobernu zentralak akordioa lortu eben lurralde historikoetako fiskalitatean Fortuna Handien Alkartasun Zergea sartzeko, Ondarearen ganeko Zergaren “osagarri” lez. Akordio biak jasoten dituan foru arau proiektua aldeko 37 botogaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu), kontrako boto 2gaz (Talde Berezia-PP) eta 6 abstentzinogaz (Elkarrekin Bizkaia) onartu da.
 

ALDAKETAK 5. LINEAN 

Aitatutako foru arauak onetsi ostean, osokoak oposizinoko taldeek aurkeztutako hiru ekimen eztabaidatu ditu. 5. linearen trazauari buruzko EH Bilduren mozino bat; Urdaibaiko Guggenheimi buruzko Elkarrekin Bizkaiaren beste bat; eta hirugarren bat, Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen arauz besteko proposamena, norbanakoen etxebizitzetan eguzki plakak instaletako laguntzen bitartez energia-autokontsumoa susteteari buruzkoa. 

Lehenengo eta behin, Bizkaiko Batzar Nagusiak, kontrako boto barik, koalizino abertzalearen mozino baten alde agertu dira. Mozino horretan 5. linearen trazauan, Usansolon, hainbat alternatiba sartzea eskatzen jako Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari. EH Bilduk, Bilboko metropoliko trenbidearen 5. linearen informazino-azterlanean “bideragarritasun teknikoari buruzko azterlana” gehituz planteau ditu aldaketa horreek. Azterlan horren jente aurreko erakusketea eta alegazinoak aurkezteko epea joan dan urtarrilaren 31n amaitu ziran. 


 Alde batetik, mozinoaren lehenengo puntuan, “jatorrizko proiektuak Usansolon planteautako geltoki bakarraren kokapena aldatzea” eskatzen da. Modu berean, “lurpeko geltoki horretako sarbide-kainoietako bat udalerriaren erdigunerantz mugitzea” planteau dau. Eta, azkenik, “udalerriaren erdigunean, lurpeko geltoki barria proiektetea, ospitalearen ondoan planteautakoaz gain” eskatu dau. Raúl Méndez EH Bilduko batzarkideak aldaketa horreek planteau ditu Usansoloko garraioa “hobetzen” ahalegintzeko eta “ez okertzeko”, herrigunetik “200 metrora” dagoan egungo geltokia kendu eta Usansolo eta ospitalearen artean autobus-anezkea martxan jartea jasoten dauen soluzinoa aurkeztu dalako zirriborro lez.

Mozinoaren bigarren puntuan, Aldundiari eskatzen jako bitartekari lana egin daiala “Usansoloko herritarrek eta eragileek jendaurrean jarteko prozesuan aurkezten dituen alegazinoak aztertu eta balioesteko, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren aurrean esku hartzeko, alegazino horreek kontuan hartu daitezan”.

Puntu biek aurrera egin dabe bozketa banatan, proposamena egin dauen taldeak bere mozinoan sartutako puntu biak bakotxa bere aldetik bozkatzea onartu dauelako. Holan, lehenengo puntuan, EH Bilduk Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dau, eta ganerako taldeak abstenidu egin dira. Eta mozinoaren bigarren zatia Batzar Nagusietako talde guztiek onartu dabe, abstenidu egin dan Talde Berezia-PP Bizkaiak izan ezik. 


URDAIBAIKO GUGGENHEIM ETA EGUZKI PLAKAK 

Kontroleko azkenengo osokoan landu dan beste Itaun bati erantzunez, Elkarrekin Bizkaiak eskaerea egin deutse Bizkaiko Batzar Nagusiei, Busturialdea-Urdaibai eskualdeko udalakaz batera, Urdaibaiko Guggenheim Museoa handitzearen inguruan herritarrek daukien eretxia ezagutzeko “herri kontsultea” diseinau eta gauzatu daian. Oraingo honetan, talde moreak EH Bilduren aldeko botoa baino ez dau jaso, eta, beraz, ekimenak ez dau aurrera egin. Aurrean, Batzar Nagusietako beste hiru taldeak egon dira. 

Amaitzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu arauz besteko proposamen batean jasoten zan Talde Berezia-PP Bizkaiaren asmoa. Proposamen horretan, kenkari eta hobari fiskal handiagoen bitartez etxebizitzetan autokontsumorako eguzki plakak instaletea sustetea, eta instalazinoaren % 40 ordaintzeko laguntza zuzenak gehitzea planteetan zan. Oposizinoko beste talde bien aldeko botoa edo abstentzinoa jaso arren, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota dabe popularren proposamena, hori onartzeak Gobernu zentrala daborduko zabaltzen ari dan laguntza lerroa “bikoiztea” ekarriko leukelako.