AURREKONTUEN FORU ARAU PROIEKTUAREN TRAMITAZINOAK HILEBETE BI IRAUNGO DITU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Aldundiak gaur erregistrau ditu 2025eko Kontuak Bizkaiko parlamentuan; sailetarako erabilgarri egongo dan kopuruari jagokonez inoizko altuena dan 1.650,3 milioiko partidea aurreikusten da.
     
  • Aldundiko sail bakotxeko diputatuek zemendiaren 6tik aurrera azalduko ditue euren kontuak Ogasun eta Finantzetako batzordean.
     
  • Herritarrek hamar eguneko epea izango dabe, zapatuen honetatik zemendiaren 13ra, Batzar Nagusien webgunean Aurrekontuaren aurreko alegazinoak aurkezteko.

 

(Bilbon, 2024ko urriaren 31n). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak 2025ko Lurraldeko Aurrekontuen Foru Arau Proiektua jaso dau gaur Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren eskutik. Holan hasi da Aurrekontuen Bizkaiko Batzar Nagusietako tramitazinoa. Batzar Nagusien Bilboko administrazino-egoitzan kontu publikoak euskarri elektronikoan entregetako eta erregistretako ohiko irudiagaz, horreek onartzeko prozedurea hasiko da. Prozedurea hurrengo hilebete bietan luzatuko da. 

Batzar Nagusietako Mahaiak arauaren proiektua onartu ostean, foru diputatuek euren sailen kontuak azaldu beharko ditue informazino-batzordeetan. Azaroaren 6tik aurrera, sail bakotxeko arduradunak Ogasun eta Finantzetako Batzordera joango dira -bederatzi saiotan- hurrengo urterako jarduketa-ildo nagusiak eta proiektuak zehaztera. Fase hori herritarren alegazino-aldiagaz bat etorriko da.

Herritarrei aurrekontuetan parte hartzeko aukerea emongo jake, Batzar Nagusietako Araudiak jasoten dauen moduan. Aste honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek “jjggbizkaia.eus” webgunean azalduko dabe arau-proiektu osoa, bizkaitarrek euren ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketak helarazoteko aukerea izan daien. Epea hamar egunez egongo da zabalik, zemendiaren 2tik 13era bitartean.

Aurrekontuen eztabaida prozesua urtea amaitu baino lehen bukatu daiten dago antolatuta. Horretarako, diputatuen agerraldien ostean, eta herritarrek dokumentuaren aurrean alegazinoak aurkezteko daben epea amaitu eta gero, beste epe bat zabalduko dau Batzar Nagusietako bost taldeek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) aurrekontuei zuzenketa-eskeak aurkezteko. Aurrekontuak 10.660,8 milioi eurokoak dira eta diru kopuru horretatik sailek 1.650,3 milioi euro izango ditue erabilgarri.

Zuzenketa-eskeen aldia itxi eta gero –seguruenik abenduaren 2an–, Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko ditue, lehenengo osoko batzarrera deitu aurretik osoko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar hori abenduaren erdialdean egingo da eta, ostean, zuzenketa-eske parzialak batzordean eztabaidatuko dira, halan bajagoko. Batzar Nagusietako tramitea hilebete horren amaieran bukatuko litzateke, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske parzialak aztertuko dituan beste osoko bategaz.