USANSOLOREN BANAKETEAK LEHENENGO IZAPIDE PARLAMENTARIOA GAINDITU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak gaur onartu ostean, Bizkaiko parlamentuaren Osokoak berretsi beharko dau Galdakaoko Udalak Usansolo desanexionetako eta Bizkaiko 113. udalerria sortzeko aurkeztu dauen eskaerea.
(Bilbon, 2022ko urriaren 11n). Galdakaoko Udalak udalerri independente barri bat (Usansolo) eratzeko bere lurraldearen zati bat banantzeko egin dauen eskaereak lehenengo tramitea gainditu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak gehiengo zabalez onartu dau gaur Bizkaiko Foru Aldundiak Batzarrei irailaren erdialdean aurkeztu eutsen udal horren eskaerea. Proposamenak Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide-taldeen baietza (12 boto), Talde Berezia-PP Bizkaia ordezkari bakarraren abstentzinoa eta Euskal Sozialisten ordezkari bien ezetza jaso dita.
2022ko urtarrilaren 22an onartutako eskaeran, Galdakaoko Udalaren Osoko Bilkureak hainbat alderdi zehaztu zituan: zelan deituko dan udalerri barria, zeintzuk izango diran bere mugak eta zelan banatuko diran ondasunak, eskubideak, betebeharrak, zorrak eta kargak. Dokumentuan beste alderdi batzuk be zehaztu ziran; esaterako, zelan emongo diran zenbait zerbitzu publiko, desanexinoak eragingo deutsen langileen (25 langileko plantillearen) araubidea zein izango dan, ze hirigintza-plangintza izango dauen eta zelan eratuko dan arbitraje-batzordea prozesuari jarraipena egin eta gai hori etorkizuneko auzietan defenditzeko.
Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak espedientearen aurrekarien errepasoa egin dau, Galdakaoko Udalak 2020ko zezeilean Aldundiaren aurrean prozesua hastea erabagi ebanetik. Ordutik, espedienteak hainbat etapa igaro ditu, irailaren 13an Gobernu Kontsejuak onartu eban arte.
Galdakaoko Udalaren eskaerea babestu daben batzarkide-taldeek azaldu dabenez, eskaera horrek ondo beteten dau Bizkaian indarrean dagoan araudia, hau da, Lurralde Mugapeei buruzko Foru Araua. Bertan ezarritakoaren arabera, desanexinoa baimentzeko beharrezkoa da, besteak beste, gitxienez 2.500 laguneko biztanleria eta finantza-nahikotasuna eukitea. Usansolok kopuru hori baino bi mila bizilagun gehiago daukaz. Halanda be, popularrek eta sozialistek zehaztu dabenez, errekerimendu horrek talka egin daike Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Estaduko Legeagaz, 2013. urtean 5.000 bizilagunetan ezarri ebalako marrea.
Juan Otermin Euskal Sozialisten taldeburuak esan dauenez, udalerri barria ez litzateke kopuru horretara helduko. Ganeratu dauenez, banantze horren kontrako “hiru txosten juridiko” be agertu dira, ez dalako baldintza hori beteten. Oterminek Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) aurrekaria ekarri dau gogora, Auzitegi Gorenak eta, ostean, Konstituzino Auzitegiak legezko betebehar hori erabili ebelako desanexinoa baztertzeko.
Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek Batzar Nagusietan espedientea izapidetzen jarraitzea babestu dabe. Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak adierazo dau bere taldeak osokoan emongo dauela bere eretxia, eta oposizinoko talde biek adierazo dabenez, “azkenean”, hiru hamarkada baino gehiagoko “traba eta oztopoen” ostean, lotesleak ez diran kontsulta bitan udalerri barria sortzearen alde agertu diran Usansoloko bizilagunen borondatea entzun da. Talde bien eretxiz, lurraldeko mugak ezarteko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoarenak “baino ez dira”, Autonomia Estatutuan esaten danez.
Gaian sakontzeko, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako taldeburuak Andaluziako lau udalerri (Palmar de Troya, Fornes, Torrenueva Costa eta La Zarza) ekarri ditu gogora, biztanleriari jagokon baldintzea bete ez arren banantzea lortu dabelako, guztiak gobernu sozialistakaz. Oterminek, barriz, espediente horreek 2013. urteko Estaduko legearen erreformaren “aurretik” hasi zirala gogorarazo deutso.
Edozelan be, Usansoloren banaketea Bizkaiko Batzar Nagusien osokoak onartzen dauenean gauzatuko da. Lehenago, Taldeburuen Batzarrak aztertuko dau gaia, eta organu horrek argitu beharko dau zein osokotan aztertuko dan gai hori.
URA KARRANTZAN
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak balorazinoa eskatu eutsan Unai Rementeria Ahaldun Nagusiari Karrantzak ur-hornidurea dala-eta bizi dauen egoereari buruz; izan be, eskualdeak jasaten dauen lehortearen ondorioz, udalerri horrek lurraldetik “kanpo” eskatu dau hornidurea bermatzeko laguntzea.
Azkenik, Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak gauzatu dau eskatutako agerraldia, eta, agerraldi horretan adierazo dauenez, Aldundiak “adostasunera heltzeko borondatea dau udala Partzuergoan sartzeko baldintzak berrezarri eta eguneratzeko”, eta horrenbestez “oraingoaren moduko egoerak saihesteko eta Bizkai osorako kalidadeko zerbitzu homogeneoa ziurtatzeko”.
Elkarrekin Bizkaiako Hector Fernandez Medrano haserre agertu da diputatuak ez dauelako ezer esan Karrantzara ura Bizkaitik eroateari ezezkoa emon izanaz, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren gaian udalerri guztietarako “neurtzeko makila bera” erabili gura dala kritikau dau.