“ERMUKO SAIHESBIDEA, VARIANTE YA” HERRI PLATAFORMAK TRAFIKO ASTUNA ALDI BATERAKO DESBIDERATZEKO PLAN ALTERNATIBOA PLANTEAU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- “Ermuko Saihesbidea, Variante Ya” plataformaren eskariak entzuteaz gain, Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak soldata “duinei” eta kalidadeko gizarte zerbitzuei eusteko baliabide “faltagaitik” arduratuta agertu diran APNABIko behargin bi hartu ditu gaur.
(Bilbon, 2023ko zezeilaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak, “Ermuko Saihesbidea, Variante Ya” herritarren plataformako ordezkarien, eta autismoa eta autismoaren espektroko beste nahasmendu batzuk daukiezan personen gurasoen Bizkaiko alkarteko (APNABI) beharginen bisitea jaso dau gaur.
Eguneko bigarren agerraldian, orain dala hamar urte onartu zan eta oraindino amaitu barik dagoan Ermuko Saihesbidearen proiektua aspalditik jasaten ari dan geldialdiagaz nazkatuta agertu dira Ermuko herri plataformako ordezkariak. 2018an inaugurau zan hiru faseetako lehena, Uretamendiko tunelak edegi ziranean.
Herritar talde horren bozeroale lez aritu dan Benito Betegonek, saihesbidea “atoan” errealidade bihurtzen parte hartzeko eskatu deutse Batzar Nagusietako taldeei. Falta dan tartea egin barik dagoanez, Ermuko herritarrek “egunean 1.300 kamioiren igarotea” jasaten jarraituko dabe herrigunetik Goitondo eta Urtia industrialdeetara. Dana dala, trafiko horreek beste errepide batzuetatik desbideratzeko aukera bi planteau ditue.
Ibilgailu astunentzat planteetan diran trafiko murrizketak zehaztu aurretik, alkarte horretako kideak kexu agertu dira Foru Gobernua eusten daben alderdi biek –EAJ-PNV eta PSE-EE– izan daben jarrereagaitik, Ermuagaz “berbea jateagaitik”. Betegonek kritikau egin dau proiektua Errepideen Lurraldeko Arlo Plan barrian sartzeko “atxakiagaz” 4 urte galdu izana. “Pazientzia eskatzen euskuen berberak orain geugaz mobilizetan dira”, esan dau ironiaz.
Euren jarrera dala eta talde biei “errieta” egin ostean, Betegonek esan dau penagarria dala Aldundiak ingurumen txostenak “iraungitzen” itxi izana, horrek diru-kutxa publikoetan daukan kostu ekonomikoa kontuan izanda, “milioi bat euro” adierazo dauenez. Batzar Nagusietako taldeei “benetako konpromisoa” eskatzera etorri dira Batzar Nagusietara, orain arte “20 urte” iraun dauen eta Azpiegitura Sailak “beste 15 urte” luzatu gura dauen “amesgaiztoa” amaitu daiten.
Belarri-tirakadaren ostean, plataformak Ermuko Udalari be bialduko jakon plan “alternatiboa” azaldu deutse taldeei, Bizkaiko udalerriko kaleetatik igaro barik trafiko astuna Urtia eta Goitondo industrialdeetara aldi baterako desbideratzeko.
Plataformak trafikoko desbideratze bi diseinatu ditu (ikusi planoak). Lehenengoari jagokonez, herri plataformak N-634 errepidetik desbideratzea proponidu dau, kamioiek 1,8 kilometro herri bide zehartu behar ez izateko. Ibilbidea 7,6 kilometrora arte luzatuko leuke, herri barruan 100 metro baino ez litzatekez egingo. Gaur egun kamioiek 3 kilometro egiten ditue herri barruan.
Goitondo poligonora heltzeko alternatibari jagokonez, alternatiba hori “gatxagoa” izango litzateke, 4,6 kilometroko ibilbidetik 20,3 kilometroko ibilbidera pasauko litzatekelako. Soluzino horren alde on nagusia da ez litzatekela metro bakar bat be herri barrutik egingo. Kamioiek orain 2,2 kilometro egiten ditue herri barruan industrialde horretara heltzeko.
PREZIOAK/PLAZA EGUNERATU BARIK APNABIN
Beste alde batetik, batzordean izandako lehenengo agerraldian, Batzar Nagusietako taldeek Eusko Jaurlaritzaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren “funts publikoetatik baino bizi ez dan” APNABI jasaten ari dan egoera ekonomiko “gatxaren” barri entzun dabe. Erakunde horretako behargin bi, Marta Bringas eta Alberto Corral, joan dira Bizkaiko Batzar Nagusietara, beharginen kolektiboak bizi dituan arazoak azaltzera.
Lehenengo eta behin, bertaratutakoek APNABIren errepasoa egin dabe. Erakunde horrek 45 urteko historia dau, aitatutako administrazinoagaz hogeita bat hitzarmen ditu sinatuta eta 22 zentroren bitartez emoten ditu bere zerbitzuak (eguneko zentroetako hamaika baliabide, zortzi egoitza eta babesbakotasun egoeran dagozan adinbakoen etxe bi), urtean 122 zerbitzu-egun hartzen dituan arnas-zerbitzuaz gain. Guztira, “Aldundiarekin hitzartutako 337 plaza” eta “lau aurrekontu-esleipen” dira, “733.000 euro” guztira. Alkarteak “1400 familia ditu kide” gaur egun, eta “279 profesionalek (232 emakumek eta 47 gizonek)” osatutako taldearen bitartez emoten deutse arretea TEA daukien personei.
Datu horreek aurkeztu ostean, Bringasek salatu dau Foru Administrazinoagaz sinatutako hogeita bat hitzarmenetatik lau “bakarrik” eguneratu dirala. Lau horreetan bai, plazako prezioa KPIra eguneratu da, “Goikoa egoitzan, Fruiz etxean, Madarias zentroan eta Mendialde etxean”. Ganerakoek urteak daroez prezioak izoztuta. Egoitzei jagokenez, Erandiokoaren prezioa 2014tik dago izoztuta; beste hiru 2015etik; eta bik 2019ko eta 2021eko prezioak ditue, hurrenez hurren. Egoera horren aurrean, “nekez” egin ahal jako aurre egungo egoera ekonomikoari, bai beharginen aldetik, bai APNABIren aldetik, erakunde horrek “ez daukalako funtsik” beharginakaz negozietako, oraintsu 2026ra arteko hitzarmen kolektiboa sinatu dala onartu arren. Testuinguru horretan, Bringasek inflazinoaren prezioak “indexetea” eskatu dau.
APNABIren egoerea “desgaitasun funtzionala daukien personen zainketaren sektore osoak bizi dauenaren antzekoa” da, esan dau. Holan, sektorea “feminizauta eta prekarizauta” dago. GUFEko beharginakazko soldata-aldea “% 60ra” heltzen da, eta, beraz, parekatzea eskatu dabe, soldata baldintza “duinak” izateko. Ganera, beharginen egoerea eta zerbitzuaren prestazinoa aztertzeko eta baliabideak fiskalizetako eskatu deutsie Aldundiari, “egiten ez diran” auditoretza ekonomiko eta sozialen bitartez. Modu berean, APNABIko eta beste alkarte batzuetako administrazinoko beharginen “bikoiztasunak” be salatu ditue.