BIZKAIKO OGASUNAK 432 MILIOI EUROKO ERAGIN NEGATIBOA AURREIKUSI DAU DIRU-BILKETAN MUTUALISTEI EGINDAKO ITZULKETEA DALA-ETA
- Aldundiak “106,7 milioi euro” itzuli deutsez azkenengo Errenta-aitorpenean 1979 baino lehen mutualidade bati kotizau eutsien Bizkaiko pentsinodunei, eta preskribidu bako ganerako urteak (2019-2022) hurrengo hilebete bietan itzultzea espero dau.
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeak ez dau onartu hurrengo erreforma fiskalari buruz eztabaidatzeko lantaldea sortzea.
(Bilbon, 2024ko irailaren 30ean). Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta, mutualidade bati iraganean egindako ekarpenakaitik pentsinodunei zor jakezan kopuruak itzultzeko prozesua zein unetan dagoan azaltzeko. Preskribidu bako bost urteetan (2019tik 2023ra) pentsinodunen kolektibo horri itzuli beharreko gehieneko zenbatekoa 432 milioi euro ingurukoa izango dala kalkuletan da, eta horrek eragin “negatiboa” izango dau aurtengo diru-bilketan. Berrojalbizek baieztu dauenez, Ogasunak 106,7 milioi euro itzuli ditu daborduko 2023ko ekitaldian zor ziran kopuruengaitik.
Kopuru hori bat dator errentaren azkenengo kanpainan likidautakoagaz, eta 1979a baino lehenagoko kotizazinoak dabezan 128.000 aitortzaileei Ogasunak egindako zirriborroetan aplikautako 71 milioi euroak eta 1967a baino lehenagoko kotizazinoetan sartu ziran 35,7 milioiak –kanpainaren hasierako unean itzuli ziran– gehituta lortzen da. Preskribidu bako azkenengo lau ekitaldietako likidazinoen barrikuspena, 325 milioi inguru, hurrengo hilebete bietan egingo da, urrian eta zemendian.
Auzitegi Gorenaren epaien aplikazino prozesu bien laburpen lez, 1979. urtea baino lehen laneko mutualidadeetan kotizautako erretiro- edo baliaezintasun-pentsinodunen 2023ko ekitaldiko aitorpenei jagokenez, “109.509” personak batez beste 974,47 euro murriztu dabe euren zerga-kargea. Elkarrekin Bizkaiak egindako erantzun-eskeei erantzunez, Berrojalbizek kontuak egin ditu, eta 2019. urteko preskripzino epea “gaur bertan” amaituko dala iragarri dau.
Preskribidu bako lau ekitaldietako (2019-2022) ganerako likidazinoak barrikustea eskatu daben zergadunen kasuan, Foru Aldundiak datozan hilebeteetan itzuliko ditu, eta Foru Ogasunak barrikuspen prozesua amaitu eta gero ez da beharrezkoa izango ezelango ekintza gehigarririk egitea eta ezelango dokumentazinorik aurkeztea. Bizkaiko Foru Aldundiak itzulketa hori aplikauko deutse Erakundeak horretarako prestautako bitartekoen bidez eskatu dabenei, hau da, Ogasunaren egoitzako formularioa, telefono bidezko kanalak eta aurrez aurrekoak eta errenta-aitorpena aurkeztean horretarako gaitutako erlatxa.
Ogasunak ekitaldi horreetako aitorpenak egin beharreko barrikuspena izango daben zergadunen gehieneko kopurua “104.826” da, baina likidazinoak “95.407” izango dira. Kasu horretan, Berrojalbizek argi itxi dau 2023ko likidazinoan lez, “eskatzaile guztiek ez dabela itzulketea jasoteko eskubiderik izango”. Ogasuneko diputatuak adierazo dauenez, barrikuspena prozesu “automatiko” baten bitartez bideratuko da, baina “eskuzko tratamentua” izango daben “kasu bereziak” egongo dira, hildako personak dagozalako edo betebeharretik salbuetsita egoteagaitik aitorpenik aurkeztu ez eben zergadunak egon ziralako.
ERREFORMA FISKALARI BURUZKO LANTALDEA
Beste alde batetik, Ogasun eta Finantza batzordeak ez dau onartu laster etorriko dan erreforma fiskalaren inguruan gizarte eta ekonomia arloko eragileen agerraldiaren bitartez informazinoa batzeko EH Bilduk Lantaldea sortzeko egin dauen proposamena. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldea neurriaren alde agertu da, Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe.
Foru Gobernuari eusten deutsien taldeak proposamenaren kontra agertu dira, “berandu” datorrela uste dabelako eta eztabaidak ekitaldia amaitu baino lehen aurrera ateratea aurreikusten dan Foru Arauaren proiektuaren onarpena “atzeratu” daikelako. Batzar Nagusietako talde bientzat beste bide batzuk dagoz tramitazino parlamentarioan Aldundiak aurkeztu behar dauen arauzko proiektuan herritarrek eta Batzar Nagusietako taldeek aldaketak (alegazinoak edo zuzenketa-eskeak) sartu ahal izan daiezan.
Halanda be, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak defendidu dabe oraindino “ez dala berandu” hainbat eragilegaz eztabaidea zabaltzeko, beste lurralde bietan egin dan lez. Lantalde hori sortzeko proposamena bagilean erregistrau zala deitoratu dabe. Arau aldaketea “ez da edozein eztabaida”, eragile sozial eta ekonomikoakaz eztabaidatzea merezi dauen “ikuspegi luzeko eta ondorio askoko” araua dalako, EH Bilduko Arantza Sarasolak defendidu dauenez.