BATZAR NAGUSIEI BURUZKO ERAKUSKETA IBILTARIAK ERANDION HASIKO DAU BIZKAIAN ZEHARREKO IBILBIDE BARRIA

  • “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea gaur goizean inaugurau da Erandioko metroaren geltokiko zabalgunean, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Aitziber Oliban Gutiérrez Erandioko Alkatea bertan zirala.
     
  • Erakusketea Bizkaiko udalerri horretan egongo da jorrailean, eta bertatik Trapagara (maiatza), Amorebieta-Etxanora (bagila) eta Ondarroara (garagarrila) eroango da.

 

(Erandion, 2025eko jorrailaren 4an). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Aitziber Oliban Gutiérrez Erandioko alkateak, Mahaiko eta Udalbatzako kideakaz batera, “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea inaugurau dabe gaur goizean metroaren geltokiko plazan, Erandion. Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa ibiltariak barriro ekin deutso Bizkaian zeharreko ibilbideari, XIV. mendetik lurraldearen gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan dan eta Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat dala uste dan erakundearen garrantzi historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa emoteko. Eskumaldeko herritik erakusketea Trapagara (maiatza), Amorebieta-Etxanora (bagila) eta Ondarroara (garagarrila) eroango da. 

“Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz”, formatu handiko 9 panel dituen 3 erakusketa-euskarri handik osatzen dabe. Panel horreetan erakunde parlamentario lez dauen eskumen-egitura zabala azaltzen da, eta baita bere egoitzetan dagoan kultur ondare aberatsa be. Erakusketan ibilbide xumea eskaintzen da Batzar Nagusietako lau egoitzen, danak martxan (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) eukian zehar, Gernikako Batzarretxean zehaztasun handiagoagaz geldituz, Gernikako Arbolaren, demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloaren, babeslekua dalako. Erakusketak, halaber, erakundeak gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren alde, eta Deiadar Mendien Eguna lako kondairazko errotzea dauen herri tradizinoa berreskuratzearen alde egiten dauen lana ezagutarazoten dau.

Lurraldean egingo dan ibilbide barriaren hasierean, Ana Otadui Biterik azpimarratu dau Batzar Nagusiak kalera urtengo dirala herritarrek “erakunde parlamentario honen funtzionamentua eta lurraldeko arkitektura instituzionalaren barruan dauen garrantzia ezagutu daien”, baita “Batzar Nagusiek daukien ondare kultural aberatsa” ezagutu daien be. Otaduik azpimarratu dauenez, legadu parlamentario eta kultural aberatsa izan arren, bera buru dauen erakundea “XXI. mendeko parlamentua da, modernoa, arina, aldaketetara egokitua eta ordezten dituan herritarrakaz eten barik komunikauta dagoana”. Bukatzeko, gogora ekarri dauenez, “oso antxinako garaietan” egozan 119 jesarlekuetatik Erandiok 45. eserlekua beteten eban. Gaur lau barrutitako 51 ordezkari ditu.

Aitziber Oliban Gutiérrez Erandioko alkatearen eretxiz, herritarrek Batzar Nagusiak erakunde “urruna” dirala uste dabe, eta, horregaitik, uste dau Bizkaiko lurralde historikoarentzat oso garrantzitsuak diran erabagiak hartzen diran erakunde hori Erandioko emakume eta gizonei gerturatzeak “eragin nabarmena eta neurgarria izan daikela udal gobernantzan, eta udalerrientzako aukerak hobeto aprobetxetan laguntzen dauela, zalantzarik barik”. Eskumaldeko herriko agintariak, erandioztar ahaldunak lehen aldiz aitatzen diran Gernikako Batzarretxeko artxiboetan dagoan lehenengo dokumentua aitatu dau, 1558. urtekoa, baina, esan dauenez, “jakina da aurretik be egon zirala Erandioko ordezkariak Batzar Nagusietan”. Beraz, “holango ekimenakaz hain aspaldikoa dan hartu-emon horri balioa emon behar jako”, gehitu dau.

Kontua da Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizino historiko handia dabela, eta tradizino horren jatorria Erdi Aroa baino lehenagokoa dala, eta, jakina, Gernikako Batzarretxea eregi aurrekoa. Bizkaiko Batzarretxea Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat izatea askotan oharkabean pasetan da herritarrentzat, eta, hori dala eta, Batzar Nagusietako Lehendakaritzak erakundea barriro bere lau egoitzetatik ataratea eta Bizkaian zehar ibiltea erabagi dau, modu grafikoan eta eszenaratze barriagaz, erakundearen balio historiko aberatsa eta Lurralde Historikoko herritarren ordezkaritzaren eta parte-hartzearen organu gorena da horretan hartzen diran erabagi garrantzitsuak erakusteko. Erakusketaren hurrengo geltokiak Trapaga (maiatzean), Amorebieta-Etxano (bagilean) eta Ondarroa (garagarrilean) izango dira, aurreko edizinoetan Bilbo, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Durango edo Galdakao lako herriak atzean itxita, besteak beste.