“50EKO EMAKUMEAK. LANDA ETA LANTEGIEN ARTEAN” ERAKUSKETEA BALMASEDARA EROANGO DA

  • Gerraosteko industriari eusteko orduan emakumeak bete eban leku erabakigarria erakusten dauen Bizkaiko Batzar Nagusien argazki-erakusketea Horcasitas jauregian ikusi ahal izango da zemendiaren 27ra arte.

 

(Balmasedan, 2022ko zemendiaren 4an). “50eko emakumeak. Landa eta lantegien artean” erakusketea Horcasitas jauregian dago ikusgai zemendiaren 27ra arte. Bizkaiko Batzar Nagusien eta Enkarterrietako Museoaren erakusketea herriaren industrializazinoan leku garrantzitsua bete eben Bizkaiko emakume guztiei egindako omenaldia eta aintzatespena da. Enkarterriko hainbat alkartek, udalek eta norbanakok lagatako berrogei argazkik hamarkada haretako Bizkaiko industriako lanpostuetan emakumeek egindako lana erakusten dabe; La Conchita edo La Encartada-ko (Sodupe eta Balmaseda) edo Rica Hermanos-eko (Alonsotegi) harigintzatik hasi eta Garsan (Gordexola) txorizoak ekoiztera edo Plomos-en hodiak egitera. 

Erakusketea, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Abellanedako Enkarterrietako Museoak prestau dauen “Emakume Langileak” proiektuaren parte garrantzitsuenetakoa da. Proiektuak Javier Barrioren “Obreras. Lantegietako Emakumeak” liburuaren argitalpena eta Enkarterrietako Museoan izen beragaz ikusgai dagoan gai berari buruzko formatu handiko beste erakusketa bat be hartzen ditu. XIX., XX. eta XXI. gizaldietako Bizkaiko industriaren garapenean emakumeek egin eben ekarpena autortzeko, eta horren inguruan lan egiteko gogoaren barruan dago ekimena.

Balmasedako erakusketearen kasuan, zuri-baltzeko argazkiek 50eko hamarkadatik ibilbidea egiten dabe, begiradea Cadagua bailarako 11 lantegitan jarrita (Lacabex-La Guata, La Papelera, Serrano, Plaza, Plomos, Garsa, La Conchita, Rica, Muebles, Rodet eta La Encartada). Enkarterriko enpresa horreetan, funtsezkoa izan zan emakumearen presentzia, kasu batzuetan ezinbestekoa eskualdeko enpresa-ehunak bizirik irauteko. Irudiak, La Encartadak, Ganbara Elkarteak (Sodupe), Harresi Elkarteak (Balmaseda), Zallako eta Gordexolako udalek eta eskualdeko hainbat bizilagunek, Esther Vegas Zugastik eta Mari Jose Zarzosak, besteak beste, itxi ditue.

Irudiek garai haretan sendotzen ari zan errealidadea islatzen dabe, hau da, emakumearen gero eta presentzia ugariagoa lurraldearen industrializazino-prozesuan. Lantegi batzuetan, emakumeak gehiengoa ziran. Enkarterriren kasuan, zakuak, txapelak, mantak, haginak garbitzeko pastarako hodiak, komuneko papera, ezpainzapiak edo papera egin ebezan, altzariak bernizatu, hestebeteak egin… eta gero produktu horreek merkaturatu egiten ziran. 50eko hamarkadarako, emakumeak zeregin garrantzitsua eukan Bizkaiko industrian.

 

BISITA GIDAUAK

Ganera, Balmasedako Udalaren, Laura Peñaren (Bapore Atelier Elkartea) eta Enkartererrietako Museoaren laguntzari esker, erakusketak hiru bisita gidau izango ditu: zemendiaren 9an, 16an eta 23an, eguaztenetan,  19:00etatik 20:00etara. Erakusketea ikusi eta gero, bertaratutakoek Bajera kalera urtengo dabe, inguruko hainbat elementu ezagutzeko, horreen artean errota zaharra eta martinetea, edo hiltegia; izan be, behar hori beti gizonakaz lotzen badogu be, leku horreek erlazino estua izan eben emakume beharginakaz.

Kultur ekimen barri hau Bizkaiko Batzar Nagusien Berdintasun Planean jasotako ekintzen barruan dago. Plan hori barritu egin da orain dala gitxi, alderdi politiko guztien laguntzeagaz gizonen eta emakumeen arteko bardintasunezko tratua sustatzeko bigarren ibilbide-orria onartuta. Bere garaian, Bizkaiko Batzar Nagusiak izan ziran estaduan bardintasun-plan bat onartu eben bigarren erakunde legegilea, Nafarroako Parlamentuaren ostean. Azken legegintzaldietatik hona, bertako hemizikloan, gizon adina emakume dago.

Lotutako estekak: