ALDUNDIAK IA 17 MILIOI EURO EMON DITU HIRU URTETAN BIZKAIKO UDALEK KIROL INSTALAZINOAK HOBETU DAIEZAN
- Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan jakinarazo dauenez, aurrekontu barriek “zaharkituta” geratzen ari diran kirol instalazinoak, futbol zelaiak, ugerlekuak, frontoiak edo kirol gune “bereziak” barriztetako laguntzak jasoko ditue.
- Aldundiko arduraduna berak eskatuta etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietara, KIROLA ON eta BIKEE ekimenen barri emoteko.
(Bilbon, 2024ko urriaren 29an). Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak, udalerriek euren kirol instalazinoak hobetu daiezan azken hiru urteetan Aldundiak emon dituan diru-laguntzen errepasoa egin dau. Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian adierazo dauenez, udalek aldi horretan aurkeztu dituen 181 proiektuetatik, bere sailak 110 proiektu onartu ditu, eta 16.867.621 euro bideratu ditu horreetara.
Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, gaur egun dagozan 113 udaletatik 99k jaso dabe hainbat kirol instalazino hobetzeko edo eregiteko diru-laguntzaren bat, baina denporea igaro ahala partidek behera egin dabela jakinarazo dau, udalek urtetik urtera “behar gitxiago” daukiela ikusi dabelako. 2021-2022 denporaldian emondako laguntzak ia 10 milioi eurora iritsi ziran (9.974.024), baina hurrengo denporaldian dirulaguntza horreek 4 milioitan geratu ziran (3.995.650) eta azkenengoan 2,9 milioitan (2.897.947).
Gertuko etorkizunari begira, Arrizabalagak adierazo dauenez, hurrengo aurrekontuetan bere saila “zaharkituta” geratu diran instalazino “asko” hobetzen zentrauko da. Instalazino horreen artean, besteak beste, futbol zelaiak, frontoiak, ugerlekuak edo Berrizko belodromoa lako kirol gune “bereziak” aitatu ditu. Modu berean, laguntzak emongo dira udalerriek daborduko eregitako espazioak “egokitu” ahal izan daiezan, kirol diziplina desbardinen jardunbidera egokitzeko, eta “lehentasun handiagoa” emongo jake udalerri txikiei, baliabide gitxiago daukiezalako.
KIROLA ON ETA BIKEE
Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak KIROLA ON izeneko tresna barria aurkeztu deutse Batzar Nagusietako taldeei. Tresna hori “integrala eta aitzindaria” da, lurraldeko kirol arloan egon daitekezan umeen kontrako indarkeria egoerak detektetako eta kudeatzeko. Arlo horretan “44.000 ume baino gehiagok” hartzen dabe parte asteburu guztietan.
KIROLA ON komunikazino-kanal konfidentzial lez sortu da, batez be Bizkaiko kirolari adinbakoentzat, edozein unetan zalantzak, galderak, kezkak edo indarkeria-egoerak zuzenean salatzeko aukera izan daien. Modu berean, kirol-jardueraren inguruko edozein persona edo eragileri zuzenduta dago. Edozein arrisku-egoera hautematen dauen edo salaketa jarri gura dauen edozeinek www.kirolaon.eus webgunean sartu edo aplikazinoa jatsi eta inprimaki bat bialdu baino ez dau egin behar.
Horrez gain, eta 2017an eskola kirolean euskerea normalizetako sortu zan BIKEE (Bizkaian Kirola Ere Euskeraz) programearen barruan, Aldundiko arduradunak aurreratu dauenez kirol denporaldi honetan eskolako kirol komunidade osoa konprometidu gura dauen hizkuntza dekalogoa egongo da, umeek euskeraz berba egin daien sustatzeko. Ganera, epaileen identifikazino-besokoak (gorriak eta berdeak) itzuliko dira, eta Athletic Club eta Bilbao Basket lako erreferente barriak sartuko dira.