BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK GARRAIO PUBLIKOAREN EGUNGO TARIFA-DESKONTUAK 2026KO ZEZEILAREN 20RA ARTE LUZATZEA PLANTEAUKO DAU, ESTADUKO ZIURBAKOTASUNAREN AURREAN “ZUHURRAK” IZATEKO

  • Bizkaiko Talde Popularrak Gerediagako Foru egoitzan gaur egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osokoan egin dauen Itaunaren aurrean, Elixabete Etxanobe Landajueja Ahaldun Nagusiak adierazo dau gai hori Bizkaiko Garraio Partzuergoaren hurrengo kontsejuan planteauko dabela, “zuhurrak” izateko, Kongresuan deskontuak berandu onartzeak eragin daikezan atzerapenak saihesteko.


(Gerediagan, 2025eko urriaren 29an). Gerediagako Batzar Etxeak kontroleko beste osoko bat hartu dau gaur goizean, eta bertan eguneko gai zerrendako hamar gaiak landu dira, itaunen eta ahozko erantzun-eskeen artean erdibana banatuta. Horreetako batean, eta Bizkaiko Talde Popularrak 2026rako garraio publikoaren tarifen politikearen ganean egindako itaunari erantzunez, Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak adierazo dau Bizkaiko Foru Aldundiaren erespidea datorren urtean bere tarifen politikea “ez aldatzea” dala, kalidadeko garraio publikoari eustearen eta herritarrak erabiltera animetearen arteko orekea bermatzeko. 

Etxanobek gogora ekarri dauenez, Aldundiak esfortzu handia egiten dau aurrekontuetan, urtero “200 milioi euro ingurukoa”, garraio publikoko zerbitzuak herritarren mobikortasun beharrei erantzungo deutsela ziurtatzeko. Etenbako hobekuntzea lehentasunezko ildoa da Foru gobernuarentzat.

Espainiako Gobernuak datorren urtean beherapenen jarraipenaren inguruan erabagirik hartu ez izanak sortutako ziurbakotasunari jagokonez, ahaldun nagusiak “funtsezko” mezu bi emon ditu. Lehenengo eta behin, aurreko urteetako egoerea errepikauko ez dan itxaropena agertu dau. Horreetan, deskontuen Errege-dekretuak azken orduan (gabonilaren 28an) argitaratu ziran, tarifen edozein aldaketak ezarritako epeak bete behar ditualako. Gobernu zentralari dei egin deutso, segurtasun juridikoa handitzeko eta garraio publikoan eskumena daben erakundeei autonomia handiagoa emoteko formulak bilatu daizan.

Bigarrenez, eta aurreikuspen eta erantzukizun neurri lez, Etxanobek iragarri dau Aldundiak datorren zemendiaren 6an Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) Kontsejuari helduarazoko deutsola gaur egun indarrean dagozan tarifen politikako neurriak partzuergoko tituluetan zabaltzeko proposamena. Helburua da erabiltzaileek “deskontu berberak izatea 2026ko zezeilaren 20ra arte”.

Etxanobek adierazo dauenez, Gobernu Zentralak herritarrentzat onuragarriak izango diran deskontu barriak bultzatzen baditu, Aldundiak “orain arte moduan jokatuko dau bizkaitarrek beherapen hori jaso daien”. Unean uneko neurri horreez gain, Aldundiak egiturazko neurriak ezarten jarraituko dau garraio publikoaren erabilerea sustatzeko, besteak beste, eremuak 5etik 3ra murriztea, Bizkaibusen eta beste garraio batzuen barruko garraio-aldaketen ordainketea kentzea, 12 urtetik beherakoentzako dobakotasuna eta aldi baterako tituluetan % 20ko deskontuak apliketako konpromisoa, gaur egun indarrean dagozan deskontu neurriak bertan behera geratzen badira.


BESTE GAI BATZUK

Osokoan, oposizinoko taldeek, entzumen-desgaitasunen bat daukienentzako foru zerbitzuei buruzko informazinoa emotearen; Egoitzen Planaren elaborazinoaren; Aldundiak Bizkaiko kobazuloen inguruan daukan politikea azaltzearen; eta Usansolon metroaren geltokiari buruz egin dan herri kontsultearen emaitzea errespetetearen inguruko eskaerak egin deutsiez Foru gobernuari beste itaun batzuetan.

Ager Izagirre Loroño diputatua izan da Gerediagako San Salbador eta San Klemente Baseleizako atrilera gehien igon dan foru arduraduna. Bertan eskualdeko ordezkariak be egon dira (Abadiño, Durango, Zaldibar, Iurreta, Berriz, Atxondo, Mallabia eta Garaiko alkateak, Elorrioko alkateordea eta Durangaldeko Mankomunidadeko presidentea). Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak entzumen-desgaitasunen bat daukienentzako zerbitzuei buruz egin dauen Itaunari erantzunez, diputatuak baieztu egin dau Aldundiak ez daukala baliabide propio espezifikorik kolektibo horren beharrak modu esklusiboan beteteko. Halanda be, esan dau Aldundia buru-belarri ari dala beharrean persona gorrek eta gor-itsuek behar dituen tresnak eukitea bermatzeko. Interpreteen zerbitzuari jagokonez, Gizarte Ekintza Sailak 54.890 euroko diru-laguntzea emon eutsan Euskal Gorrak alkarteari 2025ean zeinu-hizkuntzako interpreteen zerbitzurako, komunikazinorako oztopoak kentzeko, eta Aldundiak zerbitzu horretan ez dauela gabeziarik hauteman adierazo dau.

Egoitzen Planari jagokonez, Izagirrek EH Bildu taldeari esan deutso egoitzen planari behin betiko formea emoteko behar diran tresnak eta dokumentuak 2026an egongo dirala prest, agintaldiko planean ezarritakoa betez. Baieztu dauenez, momentuz, planak Bilbon dagozan eraikinetan baino ez dau eragina, eta bere helburu nagusia herritarrei emoten jaken arretea hobetzea da. Beste helburu garrantzitsu batzuk dira administrazino-eraginkortasuna hobetzea, gastua murriztea, energia-eraginkortasuna handitzea eta beharginei lan-ingurune hobea emotea. Zerbitzuak egoitza barrira eroaten diranean hutsik geratuko diran Aldundiaren jaubetzako lokalei jagokenez, Aldundiaren ondarearen barruan geratuko dira, eta ondare hori kudeatzeko modurik eraginkorrena aztertuko da, azterlan sakona egin eta gero. Izagirrek adierazo dauenez, oraindino goiz da Casillan eregiko dan egoitza barrira zein zerbitzu eroango diran jakiteko.


BIZKAIKO KOBAZULOAK EZAGUTUARAZOTEKO POLITIKEA

EH Bilduk Bizkaiko kobazuloen kudeaketearen ganean itaundu deutso Foru Aldundiari, lurraldean historiaurreko aurkikuntzak ugaritzen ari diralako. Gai horretan, Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kiroleko diputatuak, “Kobazulo experience” izeneko esperientziaren barruan zenbait koba jentearentzat zabaltzeko aukerea aztertzen jarraituko dauela baieztu dau. Une honetan, lurraldean dagozan 1.600 kobetatik 17k labar-artearen aztarnak ditue. Horri jagokonez, Lekeition erreferentziazko zentro bat egokitzeko aukerea aztertzen ari da Bizkaia, lurraldeko lurpeko ibilbideetan ezkutetan dan historiaurreko ondare aberatsa ezagutuarazoteko. Aldundia hartu-emonetan jarri da Udalagaz, zentro hori Maderas de Lekeitio konpainiaren instalazinoetan egokitzeko. Arrizabalagak adierazo dau asmoa datorren urtean proiektu bat aurkeztea dala.


METROAREN GELTOKIARI BURUZKO KONTSULTEA USANSOLON

EH Bilduren beste Itaun batean, Usansolon, erdialdean metroaren geltokia eregiteko egin dan herri kontsultearen emaitzea onartu ete dan galdetu da. Kontsulta horretan botoa emon eben 1.700 personetatik % 95a (botoa emoteko eskubidea ebenen % 50a) metroaren geltokia urigunera eroateko aukerearen alde agertu zan. Gai horretan, Ager Izagirre Loroño diputatuak kontsultea errespetetan dauela erantzun dau, baina gogora ekarri dau ez dala loteslea, ez dabelako erakunde eskudunek deitu. Horri jagokonez, EH Bilduk gobernetan dauen Galdakaoko Udalaren ordenantza bera ekarri dau gogora. Ordenantza horrek arautzen ditu kontsultak, eta udal eskumeneko gaien inguruan deitu behar dirala ezarten dau. Foru gobernuarentzat horrek koalizino abertzalearen “koherentzia faltea” erakusten dau, Gobernuan edo oposizinoan dagoanean gauza desbardinak planteetan ditualako.


AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Horrez gain, Aldundiak, oposizinoak Iurretako EITBren instalazinoen erabilerearen, Basauriko Bizibarritzeko Mahaiaren, adin nagusitasunera heltzean babesik barik geratzen diran gazteen egoerearen, BBK Live “Interes Publiko Bereziko Gertakari” izentateko zergaitiaren eta Muntsaratzen (Abadiño) Bizkaibusen geraleku baten instalazinoaren inguruan egin dituan ahozko bost erantzun-eskeri erantzun deutse.

Atal horretan, Aldundiak iragarri dau alegazino bat aurkeztu dauela 2025eko bagilean hasieran onetsi zan Iurretako urigintza plangintzaren aurrean, EITBren egoitza zaharreko instalazinoetan jarduera ekonomikoen erabilerea baimendu daiten.

Beste esku-hartze baten, Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatuak argitu dauenez, Estaduko Gobernuak BBK Live jaialdiaren 20. urteurrena “Interes Publiko Bereziko Gertakari” izentau izanak ez dau esan gura aintzatespen hori Bizkaian aplikauko danik. Estaduaren aintzatespen hori lurralde erkidean laguntzen daben zergadunentzako zerga-onurei lotuta dago. Bizkaian 4/2019 Foru Arauaren pean onura fiskalak apliketako Foru Dekretu bat onartu beharko litzateke beren beregi, baina hori ez da jazo. Berrojalbizek gogora ekarri dauenez, aintzatespen horren aurrekari bakarra 2000. urtean Bilbo Hiria sortu zaneko 700. urteurrena izan zan.