ADINBAKOAK GENEROAREN ARABERA BEREIZTEKO FISKALTZAK EGINDAKO ESKAEREA AZTERTUKO DAU ALDUNDIAK

  • Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak ukatu egin dau Batzar Nagusietan, Aldundiak aukera horri daborduko ezezkoa emon deutsonik 2023an adinbakoen kontrako bortxaketek gora egin dabela eta Bizkaiko Batzar Nagusietara etorteko eskatu deutson Bizkaiko Talde Popularrak adierazo dauen lez.

 

(Bilbon, 2024ko gabonilaren 16an). Aldundiak, sexu erasoak gertatu ez daitezan orain aste batzuk tutoretzapeko adinbakoen zentroak bereiztea eskatu eban Euskadiko Fiskaltza Nagusiaren eskaria aztertuko dau. Fiskaltzaren eskaria “jaso” eta eskari hori “aztertu egingo dogu”, erantzun dau gaur Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak, Bizkaiko Talde Popularrak Bizkaiko Batzar Nagusietan eskatu dauen agerraldian. 

Antxustegik, Euskadiko Ministerio Fiskalak oraintsu argitaratu dauen txostenean emondako datuak “argitu” gura izan ditu. Txosten horretan egiaztetan danez, 2023an adin txikikoen kontrako sexu askatasunaren kontrako 80 delitu egon ziran Euskadin (24 sexu abusu eta 56 sexu eraso). 2023an, 42 salaketa aurkeztu ziran EAEn (30 izan ziran 2022an), eta horreetatik 6 artxibau egin ziran egileak 14 urtetik beherakoak ziralako, eta beste 5 atzera bota ziran, delitu penala ez egoalako “behar bezala justifikauta”.

Foru diputatuak adierazo dauenez, jende aurrean jakinarazo dan datu “garrantzitsua” da 12 kasutan bakarrik –42 salaketa horreetatik– egozala adinbakoak administrazinoren baten tutoretzapean, eta “kasu guztietan” babeserako erakunde publikoak berak salatu ebazala gertakariak fiskaltzaren aurrean. Txostenean, foru erakundeek kasuak salatzerakoan egindako “lan ona” aitatzen da, eta hori izan daiteke “datuen igoerearen arrazoietako bat”, azpimarratu dau.

Foru Diputatuak komunikabideetan argitaratzen diran informazinoakaz “zuhur” jokatzeko eskatu dau, adinbakoen “estigmatizazinoa saihesteko” eta horreen “babesa bermatzeko”. 2017tik 2022ra bitarteko urteei jagokenez Aldundiak esku artean dituan datuek erakusten dabenez, sexu askatasunaren kontrako 31 salaketa aurkeztu dira adinbakoen kontra, (6 kasutan biktimak gizonezkoak izan dira eta 25 emakumezkoak). Antxustegik azpimarratu dauenez “kasu bakar batean” jazo zan delitua foru harrerako zentro batenan. Ganerako kasuetan, adinbakoak ez egozan foru sarean sartuta, eta horrek baieztu egiten dau Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako zentroetan kasuak aurkitzea “ez dala ohikoa”. Une honetan 2023ko “hiru atestadu” dagoz zabalik.

Antxustegik alarmarik ez sortzeko eskatu deutso alderdi popularrari. “Ez da estigmatizau behar, ezta informazino horreek aldez aurretik kontrastatu barik zabaldu be”, esan dau. Popularrek zemendiaren 21ean eskatu eben agerraldia, “Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko adinbakoen zentroetan sexu abusuakaitik Fiskaltzan jasotako salaketen inguruan” prentsan agertutako albisteak zirala eta.

Raquel González popularren bozeroaleak “oso larritzat” jo ditu salatutako 12 kasuak, eta Aldundiaren esku dagozan zentroak generoaren arabera ez bereizteko erabagia “barriro pentsetea” eskatu dau, egun batzuk geroago Aldundiak, antza, aurreratu eban ezezkoan oinarrituta. Saioa, “harrera zerbitzuaren erabateko narriadurea” salatzeko aprobetxau dau.

Gizarte Ekintzako foru diputatuak argi itxi gura izan dau zentroen segregazinoaren gaia dala eta oraindino ez deutsiela erantzunik emon Fiskaltzari, eta erabagi horrek, “beti be erispide teknikoei” erantzungo deutsela adierazo dau. Hori kontuan hartzeko orduan, ahaidetasun elementuak hartuko dira kontuan, bere ustez “ongizate emozinonalarengaitik” “ez dalako komenigarria” arrebak nebengandik bereiztea.

Batzar Nagusietako ganerako taldeak bat etorri dira Aldundiagaz gai horretan, eta PPk sexu-erasoak eta helduen laguntza barik etorri diran adinbakoentzako arreta publikoa lotzeko dauen asmo “tamalgarria” arpegiratu deutsie. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia adinbakoak sexuaren arabera bereiztearen kontra agertu dira. Eta Foru gobernuari eusten deutsien taldeen aldetik, erabagia profesionalen eretxia kontuan izanda eta bakarrik erespide teknikoak erabilita hartzeko eskatu dabe. Juan Otermin bozeroale sozialistak PP taldeak gai hori Gizarte Ekintzako batzordera ekartean erakutsi dauen “fede txarra” deitoratu dau. Adinbakoak “ezin dira inoiz publizidaderako edo eskarnio publikorako arrazoi izan”, esan dau.