ALDUNDIAK “POSITIBOTZAT” JO DAU AURREIKUSITAKOAREN ARABERA ZABALTZEN JARRAITUKO DAN ETXETIC EREDUAREN URTEKO LEHENENGO BALANTZEA

  • Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, urtebeteko esperientzia bete ostean Bilboko EtxeTIC zentroaren zaintzaileek eta erabiltzaileek egin dituen lehenengo balorazinoak aurkezteko.
     
  • Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek ereduaren hedapena gelditzeko eskatu dabe, ez dalako argi geratu zaintzaileen gainkargea murrizteko balioko dauenik.

 
(Bilbon, 2024ko zezeilaren 26an). Aldundiak Bilboko Etxaniz kaleko EtxeTIC zentroaren balorazinoa egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, martxan egon dan lehenengo urtearen ostean. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuak, 132 personari egindako inkestearen datuak emon ostean, zerbitzu horrek mendekotasuna daukien personen eta zaintzaileen artean “nahiko harrera positiboa” izan dauela ondorioztatu dau. “Erabilgarria egiten jake eta gustura dagoz” etxean bizi diran eta beste batzuen laguntzea behar daben personen zerbitzua hobetzeko teknologian oinarritzen dan zainketa ereduagaz. 

Martxan jarri barri danez, zerbitzua “moduletan joango da” etorkizunean, eredu hori Bizkaia osoan zabaltzen jarraitzean. EtxeTICek daborduko hiru zentro ditu (Bilbo, Etxebarri eta Zalla), eta bost izango dira 2024ko lehen seihilekoan, Basaurikoak eta Mungiakoak edegi eta gero. Ganera, zerbitzua Ugaon, Leioan, Abanton, Santutxun, Sestaon eta Ondarroan egongo diran beste instalazino batzuakaz zabalduko da. Ereduak, beraz, lurralde osoan hedatzen jarraituko dau.

Antxustegik ziurtatu dauenez, bai zaintzaileen, bai erabiltzaileen “bizi-kalidadea hobetzen ari da”. Zaintzaileei, teknologiak, mendekotasun-egoeran dagoan personeagaz alkarrekintzan jarduteko “erabilteko erraza” dan tresnea eskaintzen deutse.  Behargin soziosanitarioentzat eta kasuen kudeaketarako eragina be “positiboa da, batez be eraginkortasunagaz erlazionautako parametroetan”.

Gainkargearen murrizketeari jagokonez, Antxustegik azaldu dau oraindino ez dagoala “gainkargearen mailea murriztu danaren ebidentzia estadistikorik”, eta “gomendagarriena” ebaluazino hori barriro egitea izango litzatekela, “datu-baseak findu eta gainkargaren jarraipen handiagoa sartu ostean, Guberman eskalaren bidez neurtuta”. Hau da, “azterlanaren denbora esparrua zabaldu” behar da, baita adierazle “osagarriak” sartu be.

Hain zuzen be, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek, ebidentzia falta horretan oinarrituta, EtxeTIC eredua Bizkaian zabaltzeari buruzko “gogoetea” eskatu dabe, eta hedapena “moteltzea”. Perzepzino horrek, dana dala, Batzar Nagusietako ganerako taldeen jarrerakaz egin dau topo, ebaluazino-aldia “laburra” dala ikusten daben arren, euren eretxiz sistemea zaintzaileei eta mendekotasuna daukienei euren egoerea hobetzen laguntzeko “osagarri ona” izan daitekelako. Adierazo daben lez, Foru Aldundiaren zerbitzuak personea bere etxean egonda zaintzeko laguntzea izan gura dau, horretarako zaintzailearen gainkargea murriztuz eta gura ez dan erakundetzea atzeratuz.
 
Mendekotasuna daukien personen 30 eretxi be badituan galdeketatik, zainketetan emakumeek zama handiagoa hartzen jarraitzen dabela eta zerbitzua, emakumeek zainketetan daukien gainkarga hori murrizteko “beharrezkoa dan laguntzea” izan daitekela be ondorioztatzen da. 


EMAKUMEEN ZEREGINA ETXEKO ZAINKETETAN

Aldundiak, generoaren ikuspegitik, mendekotasun-egoeran dagozan personen etxez etxeko zainketa formalari eta informalari buruzko azterlan kuantitatiboa be aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzorde berean. Azterlan horretatik, Gizarte Ekintza Sailak ondorioztatu dau azkenengo hamarkadetan herritarren osasun eta gizarte arloko zainketa beharren hazkunde “progresiboa” ikusi dala, eta hori “alkarren artean erlazionautako faktore batzuengaitik” jazo dala. Horreen artean azkenengo hamarkadetan gertatzen ari dan aldaketa demografikoa azpimarratu dau.

Zainketa beharren igoera horregaz batera, gertuko etorkizunean zainketa behar horreei erantzuteko moduari buruzko ardurea “gero eta handiagoa” da. Antxustegik emondako datuetan ikusten danez, Administrazinoak erronka demografiko horretara “egokitu” egin beharko dau. 1981-2031 aldian, 65 urtetik gorako biztanleria % 10etik % 28ra igaroko da. Ganera, persona bakarreko Bizkaiko etxeen kopurua % 28,4koa izan zan daborduko 2020an. Gero eta “persona gehiago bizi dira bakarrik Bizkaian”. Biztanleen % 12 dira daborduko.

“Zainketen krisi edo dimentsino anitzeko krisi” testuinguru horren aurrean, gero eta gehiago dira “zainketen antolaketa soziala aldatzeko eta zainketa horreek beste modu batera banatzeko edo demokratizetako beharra” ikusten daben ahotsak –adierazo dau Antxustegik–. Bere berbetan, COVID-19ak eragindako pandemiak be agirian itxi eban zainketa sistemearen “hauskortasuna”.

Bere esku-hartzean, diputatu andreak batez be emakumezkoak diran lurraldeko persona zainduen eta zaintzaileen argazki ebolutiboa egin dau. Bizkaian persona bakarreko hamar etxetatik sei emakumezkoek osotutakoak dira (% 57,2).

Diputatu andreak, laguntzen (FIZZPE, Gizatek, Telelaguntza…) eta zainketen sektorearen errepasoa egin dau. Izentatzaile komuna dabe: emakumeak dira nagusi estadistika guztietan. Holan, emakumeek hartzen ditue euren gan, “gehienbat”, etxeko zainketa lanak. FIZZPE prestazino ekonomikoa (familia ingurunean zaintzeko laguntzak) jasoten daben hamar personatik zazpi emakumeak dira. Zainketagaitiko eszedentziei jagokenez, % 78,4 emakumeak dira. Adinekoak artatzeko Gizarte Segurantzan alta emonda dagozan emakumeak kontuan hartuta, kopurua % 96,1era iristen da.


AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Beste alde batetik, Gizarte Ekintzako diputatuak, Zaintzailearen Estatutua lurralde osora zabaltzearen eta kudeaketa pribaduko adinekoentzako egoitzen kontrol ekonomikoaren inguruan EH Bilduk egin dituan ahozko erantzun-eske biri erantzun behar izan deutse. Antxustegik azaldu dauenez, datuak biltzeko ari dira beharrean, etorkizunean informazino hori Batzar Nagusien aurrean aurkezteko.