ALDUNDIAK “GIZARTE KOHESINO HANDIAGOA IZANGO DAUEN ETA HERRITARRAK ZAINDU ETA ARTATUKO DITUAN LURRALDE OPAROA ETA LEHIAKORRA LORTZEKO” EGINGO DAU BEHAR
- Elixabete Etxanobe Landejuela Ahaldun Nagusiak lurraldeko Politika Orokorreko Osokorako kudeaketearen lehenengo balantzea egin dau, eta ikasturte politiko honetarako jarduketa ildoak zehaztu ditu.
- Ahalegin handiagoak iragarri ditu enpleo tasak eta jarduera ekonomikoa hobetzeko, ekintzailetza proiektuak, enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programak eta sektore estrategikoetan (energia edo automobilgintza) zerbitzu aurreratuak bultzatuz.
- Barriro ekarri ditu gogora Urdaibaiko Guggenheimen, ibai azpiko errepidea eta mobikortasun jasangarriagoaren aldeko apustua.
- Oposizinoak fiskalitatearen erreformea eskatu dau, eta “kontinuistatzat” jo ditu Etxanoberen Gobernuaren politikak.
- Gaurko osokoak datorren eguaztenean, urriaren 2an, jarraituko dau, Batzar Nagusietako taldeek aurkeztuko dituen ebazpen-proposamenen eztabaideagaz.
(Gernikan, 2024ko irailaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek Politika Orokorreko Osokoa egin dabe gaur Gernikako Batzar Etxean. Bertan, Elixabete Etxanobe Landejuela Ahaldun Nagusiak urtea amaitzeko geratzen diran hilebeteetarako eta datorren 2025erako jarduketa ildoak azaldu ditu. Holan, bere Gobernuak ikasturte politiko honetan egindako beharra honan laburbildu dau: “kohesino sozial handiagoa izango dauen eta herritarrak zaindu eta artatuko dituan lurralde oparoa eta lehiakorra lortzea”.
Ordu eta lauren inguruko bere esku-hartzean lekua izan dau “Bizkaia Denontzat” ibilbide orrian dagozan proiektuak errepasetan joateko, izan be, plan horretan aurreikusitako ekintzen “% 98” “daborduko hasita dagoz”.
“Zerbitzu publikoak onak diranez eta Bizkaian bizi kalidade ona dagoanez” abiapuntua “ona” dan arren, badagoz “hobetu beharreko puntuak”. Onartu dau “arazoak” egon badagozala, baina herritarrei “katastrofismoetan ez jausteko” mezua helarazo deutse. Bere berbetan, “herritar gehienak oso pozik dagoz eta ez leukie Bizkaia beste ezein lekurengaitik aldatuko”.
Etxanobek, bere esku-hartzearen hasieran, bere Gobernuak enpleo tasak eta jarduera ekonomikoa hobetzeko egingo dituan ahaleginak azpimarratu ditu, Bizkaiko ekonomia “inguruko beste ekonomia batzuk baino hobeto eusten ari dan arren”. Kapitulu honetan, ekintzailetzea azpimarratu dau, “horren esku dagoalako Bizkaiko etorkizun ekonomikoa”. “Bizkaia with the talent” proiektuak, BAT ekintzailetza zentroa eta ETEei eta sektore estrategikoetako zerbitzu aurreratuei (AIC, BIQAIN, EIC edo Global Smart Grids Innovation Hub) laguntzea aitatu ditu.
“Lehentasun” lez, lurralde kohesinoaren arloan Aldundiak egiten dituan ahaleginak aitatu ditu. Hemen, eskualdeko planen lanketea eta garapena azpimarratu ditu. Hurrengoak Debabarrenekoa eta Busturialdea-Urdaibai plan estrategikoa izango dira. Azken horri jagokonez “martian” onartuta izatea espero dau, gero lehenengo jarduketei ekiteko. Plan sektorialei jagokenez, Hirugarren Sektorerako plan espezifikoa egitea aitatu dau.
Fiskalitatearen arloan, 2024an Bizkaiko zerga sistemea “barrikusteko proposamena” aurkeztuko da Bizkaiko Batzar Nagusietan, gauzatuko diran beste ekimen batzuk ahaztu barik, errentarik txikienetarako 200 euroko kenkariaren luzapena edo lehen sektoreko behargin autonomoentzako eta merkantzien garraioko profesionalentzako % 70eko forfait-aren finkapena, besteak beste.
Arlo horretan, Aldundiak ohartarazo dau datorren urtean gatxa izango dala oraingoa lako aurrekontua eukitea, mutualistei egindako itzulketek “400 milioi euro inguruko” zuloa itxiko dabelako, aurreikusitako diru-bilketearen “% 4koa”, hain zuzen be. Gorabehera hori gertatu dan arren, Ahaldun Nagusiak esan dau ez dala beharrezkoa izango “aurrekontuetan doikuntzarik” egitea. Diru-bilketearen datuetan oinarritu da hori esateko. Abuztura arte, “6.190 milioi euro jaso dira, % 3 gehiago”.
Datorren urtean mugarria izango da BATUZ sistemearen hedapena eta finkapena, urtarriletik aurrera derrigorrezkoa izango dalako sistema hori ezartea. Adierazo dauenez, gaur egun Ogasunagaz zerga informazinoa eredu horren bitartez partekatzen daben “61.000 autonomo eta enpresa” dagoz.
Fiskalitatearen kapitulua ixteko, Etxanobek adierazo dau beharrean ari dirala erregulazino propioa eta bereiztua ezarteko Pilar 2 izenekoan, mundu mailan 750 milioi eurotik gorako negozio bolumena daukien enpresen kasuan gitxienez % 15eko efektiboa bermatuko dauen Soziedadeen ganeko zergearen osagarria.
Bere esku-hartzearen beste atal batean, Etxanobek zainketen eredu barrirako trantsizino prozesua jarri dau bere ekintza politikoaren erdian. Helburua da “urte amaieran” etxeTIC zentroetan artatutako “5.000” persona egotea, “733” adineko bizikidetza unidadeetan bizitzea edo Eusko Jaurlaritzagaz lankidetzan “125 plaza soziosanitario” izatea. Aldi berean, Getxoko belaunaldien arteko zentroak ateak 2025ean zabaltzea espero dau, adinekoentzako “100 plaza” eta gazteentzako “40” apartamentu eskiniz.
Aldundiak biztanleen bizitza luzatzeari be erantzun gura deutso, Gizarte Ekintza Sailari atxikita egongo dan zuzendaritza barria sortuz.
Egoera zaurgarrian dagozan personei jagokenez, Etxanobek mugarritzat aurkeztu ditu Bilbon “2025. urtearen hasieran” minusbaliotasuna daben personentzat sortuko diran “egoitzetako 50 plazak”. Eta ez dau alde batera itxi gura izan Bizkaiko adinbakoen zentroek bizi daben “larregizko okupazinoa”. Kapitulu horretan, Estadu mailan “errazoizko planifikazinoa” eskatu dau, foru sistemak “ez dauelako gehiagorako emoten”, profesionalen eta zentroen baliabideak “urtez urte” gehitu diran arren.
Kulturaren atalean, bere aldetik, biztugarri fiskalak jasoten ebazan foru araudi barria onartu zanetik ikus-entzunezkoen industrian sortu dan aukerea azpimarratu dau. Holan, Punta Zorrotzan ikus-entzunezko hub-a instalau eta gero etorkizun hobea ikusten dau. Modu berean, kulturaren alor horretan aurrera egiten jarraituko da Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren definizinoan. “Ez da Busturialdeari edo Urdaibaiko Biosfera Erreserbeari kalte egingo deutsan ezer egingo”, azpimarratu dau. Modu berean, datorren urtea urte ona izango da “munduagaz konektetako eta geure nortasuna indartzeko”, Rekalde Aretoaren eta Euskal Museoaren edegierei eta Arte Eder Museoaren handitzeari esker.
Ahaldun Nagusiak udalerriakaz dauen konpromisoari eta Udalkutxa bidezko finantziazinoari eutsi deutse. Aldundiak “adostasuna erraztearen” alde egingo dau behar, “ahalik eta akordio onena” lortzeko. Argi itxi dau udalerriei jagokela “funts horreek banatzeko erabili behar diran erispideak erabagitea”.
Aldundia bere administrazinoaren trantsizino digitalean dago murgilduta, aurrez aurreko arretea alde batera itxi barik, herritarrek “arreta eredu biak eskatzen dituelako”. Banda zabalaren hedapenagaz batera, lurralde osoan bulego gehiago edegiko dira. Gertu sarea indartu egingo da, Getxon eta Bilbon beste egoitza bi zabalduz.
Mobikortasunari jagokonez, errepideetako apustu handiak Itsasadarraren ibai azpiko errepidearen lanak hastea eta La Avanzadako obretan aurrera egitea izango dira, eta, aldi berean, Errekaldeko zubibideak erasteko pleguak prestetea. Aldundiak Itsasadarreko tuneleko lanen eragina arintzeko aurkeztu diran “herritarren alegazinoen % 75 onartu ditu, osorik edo zati batean”. Etxanobek aurreikusi dauenez, lan horreek “hilebete batzuk barru” hasiko dira.
Aldundiak garraio publikoaren erabilerea sustatzen jarraituko dau. Aldi baterako bonuei eta garraioko deskontuei transbordoen ezabapena gehituko jake “laster”, eta aurrerago tarifen bateratzea eta sinplifikazinoa, maiztasunen hobekuntzea eta bikoiztasunak saihesteko plana. 4. linearen eraikuntzari jagokonez, “proiektua gehiago ez atzeratzearen” eta Eusko Jaurlaritzak mahai ganean jarri dauen trazauaren proposamen barriari buruzko erabagia hartzearen alde egin dau. Bizikleta bidezko mobikortasunari jagokonez, “laster” hasiko da eregiten Amorebieta-Larrabetzu “Bizipistea”.
Amaierarako itxi dau ingurumenaren hobekuntzearen aurreko kezkea. Zeharkako ardatz hori hainbat ekimenetan gauzatuko da, horreen artean hondakinen kudeaketea hobetzea. Berrerabiltze, birziklatze eta konpostatze zifrak hobetzea etorkizunerako helburua da. Horretarako, 2025etik aurrera, hondakinak sailkatzeko BZB instalazinoa zabalduko da eta Artigaseko biometanizazino plantea eregiteko lanak hasiko dira. “Urtea bukatu baino lehen” Zamudioko Parke Teknologikoan Waste Lab Bizkaia egongo da zabalik, hondakinen murrizketeari eta tratamentuari buruzko ikerketarako “erreferentea”, hain zuzen be.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK
Ordu eta erdiko etenaldiaren ostean, Batzar Nagusietako taldeen erantzunagaz ekin jako barriro osokoari. Erantzunen txandea Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak edegi dau, ahaldun nagusiari “erronka sozialei aurre egiteko ezelango neurri eraginkorrik” ez dauela mahai ganean jarri aurpegiratuz. “Marketin asko” bota dau “herritarren beharrak kontuan hartzen ez dituen politika kontinuistakaz”. De Madariaga zerbitzu publikoen narriaduran eta industria-sarearen galeran, herritarren pobretzean, etxebizitzarako eskubidean, energia-mendekotasunean, jasangarritasun-erespiderik ezean edo zerbitzu publikoen pribatizazinoan oinarritu da. Talde moreko bozeroaleak zerga sistemearen “paradigma aldaketea” eskatu dau, aberastasunaren birbanaketea elementu “nuklearra” izan daiten.
Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, bere aldetik, “Etxanobe zigilua” deitu dauena bota dau faltan foru politiketan. “Ez dago norabide propiorik. Dana tramitean egoan, eta egoan modu horretan hartu da”, kritikau dau, adibidez, Usansoloko 4. linearen trazauari, Urdaibaiko Guggenheimi edo Ermuko edo Las Carreraseko saihesbideei jagokenez. Batzarkide popularra harrituta agertu da lurraldearen egoera ekonomikoaren eta lan egoeraren aurrean erakutsi dauen “etsipenarengaitik”. Izan be, bere berbetan, Bizkaia hazkunde ekonomikoaren “atzekaldean geratzen” ari da; Arabatik eta Gipuzkoatik “hamarren bi beherago”, eta beste Autonomia Erkidego batzuetatik urrun, hareek Ekonomia Itunak eskaintzen dituan abantailak ez dituen arren. Zergen beherapen orokorra ekarriko dauen “asmo handiko” zerga-erreformea eskatu dau. “Kendu bidesariak eta lagundu industriari. Ez jarri arrautza guztiak BAT torrean”. Azkenean erronkea bota dau, Aldundiak norabidea aldatu daian. “Kontau gugaz Bizkaia hobetzeko eta batu indarrak”, Gonzalezen berbetan “oinordetzan jasotakoa egokitu egin behar dalako”.
Euskal Sozialistak Taldetik, Goyo Zurro bozeroalea arduratuta agertu da populismoak eta ultraeskumak aurrera egiteak dakarren arriskuarengaitik, “zerbitzu publikoak desegitea bilatzen dabelako”. Horren aurrean, demokrata guztiok “itun sozial bat” egitera eta sinatzera “interpelauta gagoz”. Zurrok adierazo dauenez, Bizkaia “ez da ugarte bat eta ezin da Europako ingurunean gertatzen danetik kanpo egon”. Sozialistok “gobernuetan gagoz –tokikoetan, foraletan, autonomikoetan, nazionalean eta europarrean– gauzak aldatzeko eta herritarren erronkei urtenbideak emoteko eta erantzuteko”. Testuinguru hori marraztu ostean, txalotu egin dau Jaurlaritzatik “lehenengo egunetik” jeltzaleakaz adostu eben ibilbide-orria martxan jarri izana. Zurrok desbardintasun sozialak gitxitzea eta “benetako bardintasunerantz aurrera egiteko politika ausartak” gauzatzea azpimarratu dau. “Ongizate estadua ofentsibara pasa daitela” esaldiaren ostean, bere ardatzak zentrau ditu. Horrek esan gura dau kalidadezko enpleoak sustatzea, negozio txikien transmisinoa, lanbakoentzako laguntza-programak, migratzaileei arreta emotea edo fiskalitate justu eta progresiboaren aldeko apustua egitea, besteak beste.
Iker Casanova EH Bildu taldeko bozeroalearen eretxiz, ostera, foru Gobernua “inertzietan oinarrituta” ari da beharrean. Lehen baegoan plan bat, politika neoliberalak apliketea, zergak jeistea edo ekitaldiak bultzatzea, baina orain “dagozan erronka handien aurrean ez dago norabide aldaketarik”. Erronka horreen artean, maila teknologikoko aldaketa disruptiboak edo klimaren krisia aitatu ditu. Bere eretxiz, funtsezkoa da “herritarrak euren erakundeakaz barriro konektetea” eta, horretarako, beharrezkoa da egungo gobernantza eredua aldatzea, beste eredu “edegi, garden eta parte-hartzailea” ezarriz.
Gobernantza ereduak talka egiten dau Urdaibaiko Guggenheim Museoaren proiektuagaz. Bere eretxiz, “anakronikoa” da museo batek turistak erakarteko bakarrik balio izatea. Foru Gobernua kritikau dabe museoaren aldeko apustua egiteagaitik, “aurrerantz egindako igesa” dala esanez. Herritarrei berbea emotea eskatu dau, Urdaibairen etorkizuna eurak erabagi daien. Eta diru-bilketea handitzeko fiskalitatea aldatzea eta hausnarketarako denpora bat emotea eskatu dau, “ez nostalgiatik”, industriaren etorkizuna bermatzeko, baino. Beste elementu garrantzitsu bat garraioa da. “Garrantzitsuena ez da erreiak egitea, automobilak kentzea baino”. Beste paradigma aldaketa bat egin behar da zaintza sisteman, “publikoa eta komunitarioa” izan daiten.
Bukatzeko, Jesus Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak Taldeko bozeroaleak bat egin dau Ahaldun Nagusiak lurraldearen egoereari buruz egin dauen diagnostikoagaz. Objektibotasunez begiratzen bada, Bizkaia “ondo dago”. Txalotu egin dau Aldundiak “erronka barriak, aurre egiteko proposamenak eta jarrera barriak” planteau izana, eta, aldi berean, oposizinoaren esku-hartzeak kritikau ditu, “ez dauelako aldaketarik ikusten”. Batzarkide jeltzaleak txalotu egin dau legealdiko planeko proposamenen % 98 daborduko martxan egotea, eta foru Gobernuak “erronka nagusiak” enpleoan eta biztanleriaren zahartzean jartea. Konponbideak bilatzeko, garrantzitsua da Batuz sistemeagaz hobetuko dan zerga-sistema sendoa izatea. Sistema horri esker, Foru Ogasunak “bere lana hobeto egin ahal izango dau eta iruzurra egiten dauenak gero eta gatxagoa izango dau herritarrei lapurtzea”.
Amaitzeko, Lekerikabeaskoak ingurumen eta kultura arloko hainbat ekimen nabarmendu gura izan ditu. Gertuenekotik hasita, “laster” eroango da osokora Hondakinen Planaren onarpena, “ibilbide luzea eta beharrezkoa egin eta gero”. Modu berean, Parlamentu honetan basoen eremua arautuko dauen araua lantzen ari da. Eta, kulturaren arloan, Bizkaian ikusizko arteen aldeko apustua, Rekalde Aretoak bertoko artistentzat dauen garrantzia eta Arte Eder Museoa eta Euskal Museoa handitzeko lanak azpimarratu gura izan ditu. Amaitzeko, berba batzuk izan ditu Urdaibaiko Guggenheim proiekturako. “Benetan uste dogu proiektu ona izango dala eskualdearentzat eta lurraldearentzat”, esan dau. Eta “alkar zapaldu barik guztion artean lan egitea” eskatu dau.
EBAZPEN PROPOSAMENEN OSOKOA
Eztabaidea amaituta, Batzar Nagusietako bost taldeek 48 orduko epea izango dabe datorren eguaztenean, urriaren 2an, eztabaidatuko diran ebazpen proposamenak aurkezteko. Batzar Nagusietako Mahaiak bilera horren aurretik batzartu beharko dau, Ahaldun Nagusiak gaur mahai ganean jarri dituan gaiakaz erlazionauta dagozan Ebazpen Proposamenak onartzeko.