ALDUNDIA, ERABILGARRITASUN ETA ERRENTA ERESPIDEAK IZANGO DITUAN DESKONTU “PROGRESIBOEN” TARIFA SISTEMEA ARI DA LANTZEN BIZKAIKO GARRAIO PUBLIKORAKO

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Gerediagako Batzar Etxera eroan dabe Agintaldiko kontroleko bigarren osokoa,


(Gerediagan, 2023ko urriaren 25ean). Gerediagako Batzar Etxeak Bizkaiko Batzar Nagusietako agintaldiko kontroleko bigarren osokoa jaso dau gaur. Eguneko gai zerrendan, lau Itaun eta ahozko bost erantzun-eske. Horreen bitartez oposizinoak gai honeen inguruko informazinoa jaso gura izan dau: AHTren finantziazinoa, garraio publikoko deskontuen jarraipena, etorkizunean Sestaon eta Abadiñon egongo diran adinekoen zentroetako zainketen eredua eta Elorrion eguneko zentro bat instaletea, bai eta 2024ko erreforma fiskala edo Mecaner enpresaren egoerea be. Foru Gobernuak emondako erantzunetako batean, Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako saileko diputatuak, Bizkaiko garraio publikoan erabilgarritasun eta erabiltzaileen errenta erespideak izango dituan deskontu “progresiboen” tarifa sistemea lantzen ari dirala azaldu dau. 

2024rako garraio publikoan deskontuakaz jarraitzearen ganean EH Bilduk egin dauen Itaunari emondako erantzunean Aldundiko arduradunak baieztu dauenez, Espainiako Gobernuak deskontuak luzatzea erabagiko baleu Aldundiak kontuan hartuko ditu. Foru Gobernuaren “borondatea” gaur egun % 50era heltzen diran deskontu horreei jarraipena emon ahal izatea da, baina ohartarazo dau beherapen horreek “aldi baterako” laguntza lez planteau behar dirala, garraio publikoaren arloan lurraldeko agintariak eredu “integrala” eta “mailakatua” lantzen ari diralako, bidaiari bakotxaren erabilerea eta errenta mailea kontuan hartuko dituen “egiturazko” neurriakaz. Koalizino abertzaleak iragarri dauenez, deskontuak datorren urtean luzatzeko mozinoa aurkeztuko dabe.

Garraio publikoaren egoereak hartu ditu osokoan oposizinoak egin dituan galderetako asko. AHTa Bilbora heltzeko beharko dan finantzaketaz be galdetu dabe, eta Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak gogora ekarri dauenez Bilboko geltokiaren eraikuntza-proiektua zehaztuta egon arte ez da barrikuntzarik egongo. Horrez gan, oposizinoko taldeek Bilboko Metroak jasan dituan matxuren eta euren adina dala eta daborduko derrigorrezko hezkuntzan ez dagozan ikasleen mobikortasun beharrei erantzuteko garraioan egin diran egokitzapenen inguruan galdetu dabe, joan-etorrien prezioaren igoerea kontuan izanda.

Azkenengo puntu horretan, eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak egin dauen Itaun batean, Garraio, Mugikortasun eta Turismorako diputatuak adierazo dau Bizkaibusek garraio eskaintza “zabala” eskaintzen dauela, “finkoa eta egonkorra”, eta estaldura mailea “ezin hobea” dala. Bizkaiko biztanleen % 96ak bi garraiobide ditu, % 92ak geltoki bat dauka bizilekutik 300 metro baino gitxiagora, eta % 98ak 34 abiatze baino gehiago ditu egunero. Datu horreek emon ostean, Sonia Pérez diputatuak gogorarazo dauenez, zerbitzuak dauen estazionalidadea dala eta, Bizkaibusek “ezin deutse aparteko eskaerei edo sortzen ari diran beharrei erantzun”, Eneritz de Madariaga talde moreko bozeroaleak eskatu deutsan moduan. Halanda be, Perezek adierazo dauenez, datozan hilebeteetan foru autobusen emakida barriak (emakiden pleguak) marraztu beharko dituan azterlanean, urigune handietatik urrun dagozan herri txikietan bizi diran ikasle horreen egoerea sartuko da.

Metroari jagokonez, Bizkaiko Talde Popularrak bagiletik irailera bitartean Bilboko metroaren zerbitzuan “bata bestearen atzetik” etorri diran dozena erdi gorabeheraren inguruko azalpenak eskatu ditu. Modu berezian “larria” izan zan irailaren 7an gertautakoa. Egun horretan Zazpi Kaleen eta Abandoren arteko zerbitzua etenda egon zan, katenaria bat apurtu zalako, “100.000 persona baino gehiagori” eraginez. Oraingo honetan, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia izan da Gerediagako (Abadiño) San Salbatore eta San Klemente baseleiza zaharraren atrilera igon dana, Bilboko metroak “kalidade handiko zerbitzua bermatzeko” mantentze eta kontserbazino arloan egiten dauen ahalegina defendiduteko.

Ahaldun Nagusiaren berbetan, inbertsino arloko ahalegin horrek gora egin dau azken urteetan. 2018an, “29 milioi euro” bideratu ziran horretara, eta 2022an “36,6 milioi” izan ziran. Horrek ez dau saihesten metroaren eraginkortasuna % 100era ezin iristea. “Guzurra esango neuke etorkizunean matxurarik ez dala egongo esango baneu”, erantzun deutse popularrei. Aurton, zerbitzuaren prestazino mailea “% 99,5ean” dago, aurreko urtean baino hamarren bat gitxiago. Eta puntualtasuna “% 96an” dago, 2022koa baino puntu bat beherago. Holan, esan dauenez, “jakina matxurak dagozala”, baina “ez lehen baino gehiago” eta konpromisoa “hobetzen jarraitzea” da.


EGOITZAK, ERREFORMA FISKALA ETA MECANERREN EGOEREA

Kontroleko osokoan EH Bilduk Bizkaian ezarriko dan egoitza eredua ezagutzera zuzendu ditu bere itaunetako batzuk, eta, zehatzago esanda, Sestaoko eta Abadiñoko etorkizuneko zentroetan, eta Elorrion Eguneko Zentro bat eregiteko Udalak egin dauen eskaereari erantzuteko aukeran. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak ez dau orain arte emon dana baino informazino gehiago emon. Oraindino, ez da gehienez 25 personako bizikidetza unidadeak izan beharko dituen egoitza barri bien kudeaketa eredu “publiko edo pribaduari” buruzko erabagirik hartu. Bermatuta dagoana da eskainiko dan zerbitzua “kalidade handikoa” izango dala. Eta Elorrion Eguneko Zentroa, Idoia Buruaga batzarkidearen berbetan udal txosten batek bermatu dauen azpiegiturea, instaletako eskaereari jagokonez, Gizarte Ekintzako diputatuak itxi egin dau momentuz azpiegitura horretarako atea, argudiatuta III. mailako mendekotasuna daukien Elorrioko “43” erabiltzaile potentzialentzako erreferentziako jomugea dan Durangoko zentroan oraindino ez dagozala beteta “erabilgarri dagozan 78 plazak”. Gaur egun, “53” plaza erabilten dira.

Beste alde batetik, EH Bilduk barriro ekarri dau osokora urtea amaitu aurretik Batzar Nagusietan aurreko bien (2014 eta 2018) balantzea aurkeztu ostean foru Gobernuak mahai gainean jarri beharko dauen balizko erreforma fiskala. Iker Casanova bozeroaleak galdetu dau ia erreforma horretan fortuna handien ganeko zergarako erabilten diran “erispide berberak” aplikauko diran, izan be, bere eretxiz, holan “mesede” egiten jake Bizkaiko ondare handienak daukiezan personei. Bere datuen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak daborduko onartu dauen arauaren aurreproiektua aplikau ezkero, aldi baterako zerga horrek “51” zergadunengan izango dau eragina eta “2 milioi euroko diru-bilketea” ekarriko dau.

Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak ukatu egin dau Bizkaiko zerga sistemeak persona aberatsenei mesede egiten deutsenik, aberastasun handien ganeko zergea “hareen kargan plusa” dalako. Argi itxi dauena da sistema horretan etorkizunean etorriko diran aldaketek “progresibidade eta nahikotasun” printzipioak hartuko dituela kontuan. Ogasuneko arduradunak Bizkaiko egungo zerga eredua, “sendoa eta nahikoa” dala esan dau, eta “egoera zaurgarrienean dagozan personen ondoan egon dala” ganeratu dau.

Bukatzeko, Stellantis multinazionalaren esku dagoan Mecaner enpresako beharginen ordezkaritza bat Gerediagan egon da. Osokoan, batzarretako talde bik (EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) informazinoa eskatu deutsie Aldundiari enpresaren egoerearen inguruan eta, zehatzago esanda, bertako 148 beharginen etorkizunaren inguruan.

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak berretsi dauenez, multinazionalak Urdulizen daukan lantegia zarratuko dala iragarri ostean konponbidea bilatzera zuzendutako jarduketa protokoloa zabaldu da. Lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzagaz, eragindako udalakaz, enpresa-batzordeagaz, zuzendaritzagaz, akzinodunakaz eta konkurtso-administrazinoagaz komunikazino-bidea ezartea aurreikusten da. Eta, bestetik, enpresa-proiektua bideragarri egingo daben balizko inbertitzaileen eta alternatiben bilaketa bideratu gura da.

Hain zuzen be, enpresa horretako beharginen ordezkaritza bat osokoan egon da gaur, jarlekuak partekatuz Gerediagako Batzar Etxean eskualdeko zenbait alkategaz eta Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunidadeko Presidenteagaz.