FORU ALDUNDIAK ADINBAKOENTZAKO ZENTROEN SAREA “DIMENTSIONAUTA” DAGOALA ESAN DAU, “ESPEZIALIZAZINO” HANDIAGOA LORTZEKO “AURRERA” EGIN BEHAR DAUEN ARREN

  •  Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia-PP Bizkaiak eskatuta, Aldundiaren tutoretzapean dagozan adinbakoen inguruan gizarte-hezitzaileek egindako salaketei erantzuteko.
     
  • Gaur egun, emantzipazino-prozesuan inoren kargura ez dagozan “228” adinbako Aldundiaren tutoretzapean dagoz.


(Bilbon, 2022ko garagarrilaren 28an). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian esan dauenez, lagundu bako adinbakoei arretea emoteaz arduratzen dan sare “bakarra” egungo egoerara “dimentsionauta” dago, baina babes barik dagozan persona horreen gizarte- eta hezkuntza-arretan esku hartzen daben profesionalen espezializazinoan “aurrera egin behar da”. 

Aldundiko arduradunak Bizkaiko parlamentuko Gizarte Ekintzako batzordean egindako agerraldian egin dau balorazinoa. Agerraldia Talde Berezia-PP Bizkaia eta Elkarrekin Bizkaia taldeek eskatu eben, bakotxak bere aldetik. Oposizinoak azalpenak eskatu ebazan zentro horreetako gizarte-hezitzaileek komunikabideetan egindako “salaketak” zirala eta; izan be, salaketa horreetan Aldundiaren tutoretzapean, lagundu barik egozan adinbako atzerritar batzuen “kontrolik ezaren” aurrean erakundeen “ekintza faltea” kritiketan eben. Talde biek, Esther Martínez batzordekide popularraren berbetan “erasoak”, “igesak” eta “eskolako absentismoa” saihesteko bere sailak martxan jarriko dituan “neurrien” inguruko azalpenak eskatu deutsiez Gizarte Ekintzako diputatuari.

Gaian sartu aurretik, diputatuak “neurriz eta zuhurtziaz” jokatzeko eskatu deutse Batzar Nagusietako talde guztiei, “larregizko esposizinoagaitik” adinbakoei egiten jaken “kaltea ez handitzeko”, eta hezitzaile horreek aurkeztutako salaketa publikoari buruzko “azalpenak” emon gura izan ditu. “Ez dogu gai horreei buruzko idatzirik ez mezurik jaso, eta horrek penea emoten deusku, ez deuskulako gaiari heltzeko eta, halan bajagoko, gure esku-hartzean hobekuntzak baloretako aukerarik emoten”. Halanda be, diputatuak onartu dau bere taldeak badakiela zer egoera bizi dan zentroetan. Adinbako bakotxeko kasu-koordinatzaile bat dago, “eta harek jasoten ditu gorabehera txikiak edo handiak zentroetan lan egiten daben hezitzaileen aldetik”. Informazino hori “zentroetatik, alkarguneetatik eta adinbako horreentzat antolatuta dagozan beste laguntza-programa batzuetatik be heldu daiteke”, esan dau.

“Dana zentro barruan pasetan ez danez”, beste erakunde batzuekaz be informazino-bideak zabaldu dira. Murillok, “hurbiltzaileen” unidadeen bidez Ertzaintzagaz aktibauta dagoanari buruz egin dau berba. Horren bitartez informazinoa jasoten da eta “arrisku berezian” dagozan adinbakoen egoerea ezagutzen da. Aldizkako bileren bitartez Gizarte Ekintzako foru sailak Ministerio Fiskalagaz edegita daukana be aitatu dau. 

Aldundiak lagundu bako adinbakoakaz aurrera daroazan lan-ildoak, halanda be, sarea preminen, profilen eta adinbako kopuruaren arabera dimentsionetatik hasten dira, eta, ganera, hareekaz esku hartzen daben eragile komunitario guztiakaz komunikazinoa “areagotzen” da. “Protokoloak hobetzeko informazinoa behar dogu”. Beraz, Murillok adierazo dauenez, “edozein bidetik ekarpenak jasoteko prest dagoz, kexak edo bestelako ardurak bideratzeko”.

Sareari jagokonez, Gizarte Ekintzako diputatuak esan dau “dimentsionauta” eta adinaren, bizi-itxaropenen eta adinbakoen profilen arabera “gero eta espezializauago” dagoala; halanda be, hurrengo pausua espezializazino horretan “aurrera egitea” izango da, ez hainbeste zentroena, profesionalena baino. Momentu honetan, Bizkaiak emantzipazinorako prestetako zazpi zentro ditu 14 urtetik gorakoentzat. Handienak 50 plaza ditu, eta txikienak 16. Zehaztu dauenez, beste bost unidadek gehienez 6 adinbako hartzeko edukierea daukie. Guztira, foru sarearen edukierea “250 plazakoa” da, eta horreetatik “228” okupauta dagoz. Murillok esan dauenez, beraz, batez beste “21” plazako edukierea daukien zentroen okupazinoa “% 91,2koa” da.


BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Esther Martinez Talde Berezia-PP Bizkaiako batzordekideak, beharginek salatutako “kontrolik eza” “konpontzeko” “neurriak” eskatu ditu; izan be, “arreta egokia” jaso daien baliabide publiko “nahikoak” dagoz. Aurrekontuek erakusten dabenez, adinbakoak babesteko programak “15.772.000 euro” ditu, hau da, urtean “65.000 euro baino gehiagoko” gastua adinbako bakotxeko. PPko ordezkariaren berbetan, bere sailari ez jakola jakinarazpen ofizialik heldu esan dauanean Murillok “atxakia epela” emon dau. Zentro bakotxean gertatzen ari danaren barri “zuzenean” jasoteko eskatu deutso.

Babes bako adinbakoakaz 26 urteko esperientzia dauen Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako taldeburuaren eretxiz, Aldundiak “akats bardinak” errepiketan jarraitzen dau. “Gatx endemikoa” dagoala esan dau, mozten ez diran hiru gaitan: “kontsumo toxikoak, gaixotasun mentalak eta jokabide disruptiboak”, esan dau. De Madariagak, orain, sarea tentsionauta ez dagoanean, alderdi horreek lantzeko “une gozoa” aprobetxetako eskatu dau.

Ildo beretik egin dau berba Izaskun Duque EH Bilduko ordezkariak, eta migratzaileen etorreran beherakada-aldi horreek aprobetxetea aukera ona dala adierazo dau, legegintzaldi honetan pasetan ari dan moduan, soluzinoa ezarteko. Bere eretxiz, akatsa da adinbako atzerritarrak Euskal Herriko adinbakoakaz ez bizitzea, eta “ibilbide-orria” argi ez eukitea, abordatzea ez daiten “prentsako titularren eskutik etorri”.

Aldundia babesten daben taldeek Murillok zuzentzen dauen sailaren lana defendidu dabe. Berta Campo sozialistaren eretxiz, etenbako “hausnarketa” behar da, baina gai sentsible eta konplexu honetan “zuhurtzia” gordez. Bere taldea ez dago prest kolektibo horren kontrako “aurre-eretxiak areagotu” daikiezan mezuak zabaltzen laguntzeko. Horregaitik, erantzun-eskeak “modu pribaduan eta jente aurrean jarri barik” egiten jarraituko dabe.

Idoia Inoriza jeltzalearen eretxiz, argi geratu da Aldundiak adinbakoak babesteko “mekanismoak eta baliabideak” jartzen dituala. Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak, foru sareak unean uneko egoerara egokitzeko eta bere erantzuna erabiltzaileen ezaugarrien arabera espezializetako gaitasuna dauela nabarmendu dau. Bere eretxiz, “tristea da ikustea foro hau aprobetxetan dauen bozeroaleren batek hutsaren pare ixten dauela arlo horretako beharginak egiten ari diran lana, diskurtso demagogikoaren bitartez eta mahai gainean hobetzeko proposamenik jarri barik”.