ALDUNDIAK HERRITARREN ZAZPI ERREKLAMAZINO JASO EBAZAN IGAZ, INFORMAZINO PUBLIKOA EZIN ESKURATU IZATEAGAITIK

  • Foru Gobernuko Gardentasunaren Arloko Erreklamazioen Batzordeko arduradunek, igaz 64 informazino eskari egon zirala dinon 2023ko Jarduerearean Memoria aurkeztu dabe Bizkaiko Batzar Nagusietan.

 

(Bilbon, 2024ko zezeilaren 23an). Bizkaiko Gardentasunaren Arloko Erreklamazioen Batzordeak 2023. ekitaldiko jarduereari buruzko txostena aurkeztu dau gaur goizean Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On Eta Gardentasunerako Batzordean. Amaia Zurbano-Beaskoetxea presidenteak eta Iñigo Alvear titularretako batek Batzar Nagusietako taldeei jakinarazo deutseenez, batzordeak zazpi erreklamazino jaso eta ebatzi ebazan igaz. Organu horrek horreetako lautan emon eutsan errazoia erreklamazinoa aurkeztu ebanari, eta informazinoa eskuratzeko egindako ganerako eskaerak ezetsi egin ebazan. 

Batzordeko presidenteak esan dauenez, erreklamazino kopuru horrek irakurketa bikotxa izan leike; “positiboa”, txosten horretatik ateraten dalako Aldundia herritarrek eskatzen dituen informazino eskaerak “nahiko ondo beteten ari dala”, baina, modu berean, esan daike herritarrek “ez daukiela barneratuta gaiez interesetako eta informazinoa eskatzeko ohiturea”.

Sailen arabera, eta txostenean jasoten danez, zazpi erreklamazinoetatik lau Gizarte Ekintza Sailaren jarduketen ingurukoak ziran; batek Ekonomia Sustatzeko Sailak emondako ebazpenaren kontrako erreklamazino bat ebatzi eban; beste bat Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzak jasoten dituan fundazino pribadu baten jarduketea zala eta emon zan; eta beste bat Gaikuntza foru enpresa-erakunde publikoaren jarduketen aurrean aurkeztu zan. Erreklamazino horrei beste bi gehitu beharko litxakiez. Horreek biak memoria prestau eta gero aurkeztu ziran eta oraindino egikaritzen ari dira.

Ganera, eta gaur emondako informazinoaren arabera, 2023an informazino publikoa eskuratzeko 64 eskaera erregistrau ziran. Gehienak onartu egin ziran (50), eta beste batzuk ez eben baldintzaren bat bete, beraz, atzera bota ziran. Sei onartuezintzat jo ziran, beste sei ezetsi egin ziran, eta bi ebazpenaren zain dagoz.

Oposizinoko taldeek, Bizkaiko Gardentasunaren Arloko Erreklamazioen Batzordearen jarduereari buruzko Txostenetik ateraten diran erreklamazinoen “eskasia” deitoratu dabe barriro. “Eskaerak beherantz doaz eta gogoetea egin behar da, 8 urteren ostean horrek ez dauelako erritmorik hartu”, adierazo dau Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak. Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroalearen eretxiz, horrek esan gura dau administrazino digitalean “mobidutea gatxa dala”, eta, horregaitik, zerbitzua “ezagutzera emotea” eta informazino-prozesuak “arintzea” eskatu dau. Beste alde batetik, EH Bilduk, Aitor López batzordekidearen bitartez, 64 informazino-eskaeren helburuari buruz galdetu deutse Erreklamazinoen Batzordeko arduradunei, gardentasunaren arloan ez-betete gehien zein sailek dituen jakiteko.

Foru Gobernuari eusten deutsien Batzar Nagusietako taldeek, euren aldetik, batzordearen informazinoa eta “lan ona” eskertu dabe. José Alberto Álvarez Castrejón sozialistak herritarrek zerbitzuaren barri izatearen “beharra” nabarmendu eta informazino eskaerei “garaiz” erantzuteko Foru Gobernuak daukan “ezinbesteko betebeharra” azpimarratu dau. Celia Gómez jeltzalearen eretxiz, emondako datuek erakusten dabe Aldundiak “modu normalizauan beteten” dauela gardentasunaren printzipioa. 2022ko ekitaldiari buruzko antzeko informazino-eskaerakaz (64), erreklamazinoek behera egin eben. 2022an 12 izatetik 2023an 7 izatera igaro dira.