ALDUNDIAK “2025EKO BIGARREN SEIHILEKOAN” AURKEZTUKO DAU DESGAITASUNA DABEN PERSONEN PARTAIDETZARAKO ETA BIZI KALIDADERAKO PLAN BARRIA

  • Gizarte Ekintzako sailak Bizkaiko Batzar Nagusietan iragarri dauenez, oraingo planaren ebaluazinoa aurtengo irailetik abendura bitartean egingo da.

 

(Bilbon, 2024ko bagilaren 25ean). Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak EH Bilduk egindako galdereari erantzunez Bizkaiko Batzar Nagusietan iragarri dauenez, bere sailak “2025eko bigarren seihilekoan” aurkeztuko dau desgaitasuna daben personen partaidetzarako eta bizi-kalidaderako une honetan indarrean dagoan eta 2021-2023 epealdirako egin zan bide orria ordeztu behar dauen plana. 

Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, gaur egungo planaren jarduketako bost ardatzak “indarrean dagoz oraindino”. Antxustegik helburu honeek dituen jarduketak aitatu ditu: “desgaitasuna daben personek ahalik eta autonomia handiena lortzeko beharrezkoak diran baldintzak sustatzea; irisgarritasun unibersal eraginkorra bultzatzea; aukera-bardintasuna eta diskriminazinorik bako tratua sustatzea; foru prestazinoak eta zerbitzuak modu unibersalean eta ekitatez eskuratzeko baldintza nahikoak eta egokiak bultzatzea; komunidadean parte hartzeko eta bizi-kalidadea bermatzeko eredua ezarten aurrera egitea; eta gizarte erakundeen lankidetzea bultzatzea”.

Gizarte Ekintza Sailaren datu-baseak erakusten dauenez, Bizkaian 90.000 personak baino gehiagok eben autortuta desgaitasun mailaren bat 2020ko irailean. Horreetatik, 66.853k % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dabe, hau da, gure lurralde historikoko biztanleria osoaren % 5,8ak. Kopuru horreek kontuan izanda, EH Bilduk Plan barria egitearen inguruan galdetu eutson Aldundiari, eta Antxustegik esan dauenez plan horrek “hirugarren sektorearen eta desgaitasuna daben personen kolektiboen partaidetzea izango dau”.

 

GURASOEN ALIENAZINO SINDROMEA

2020ko zezeilean, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi eben Bizkaiko Aldundiak zuzendutako Umeen Zerbitzuak, Gurasoen Alienazino Sindromea ez erabilteko neurriak hartzea. EH Bilduren ekimeneko puntu batean, BALORA tresnearen itemak, “Instrumentalizazinoa gurasoen arteko gatazkan” izenekoak, Umeen Foru Zerbitzuak identifikautako babesbakotasun egoeretan izan eikean eragina aztertzeko eskatzen jakon Aldundiari.

Maiatzean, eta Bea Ilardia batzordekideak gaur batzordean egiaztau dauenez, Batzar Nagusietako taldeek orain lau urte egindako eskariari erantzuten eutsan “Dartington”-ek eta EHUk sinatutako txostena jaso eben. Gaur, batzordean, koalizino abertzaleak txosten horren ganeko “balorazinoa” eskatu deutso Aldundiari, eta “lau urte eta erdian” aztertutako espediente guztien inguruan “hausnarketaren bat” egon ete dan be galdetu deutso.

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak azaldu dauenez, txostenak 2015etik 2021era bitartean hainbat instantziatatik zabaldu diran 2.800 espedienteren eukia hartu dau kontuan. Bertan tipologia desbardinetako kasuak “sistematizetako gaiztasuna” adierazoten da. Esan dauenez, emaitzak “oso kuantitatiboak dira, eta ez dabe interpretazinorako esparru orokorrik”.

Umeen Zerbitzuaren kudeaketa zuzenetik igaro diran espedienteak “% 2,88a baino ez dira”, eta instrumentalizazino-itema aurkezten ez dabenak horreen guztien “% 0,2a” baino ez. Datuak aztertu eta gero, ondorioztatu da etorkizunerako garrantzitsua dala informazino hori guztia “digitalizetea”. Antxustegik balioan jarri dau kasu bakotxari buruzko datuak “banan-banan” aterateak dakarren “lan nekeza”, “ez dagozala kasu bardin bi” kontuan izanda. 

Ilardiak bere aldetik adierazo dauenez, aurkeztutako txostenean oinarrituta diputatuak emondako azalpenek “ez deutsie erantzuten” Bizkaiko Parlamentuak eskatu ebanari, “balorazinoa eskatzen zalako eta ez azterlan estadistikoa”. Bere berbetan, ez dau adinbakoen zaintzak eta tutoretzak, “batez be amenak”, kentzeko “errazoietan” sakontzen. EH Bilduko batzordekideak azaldu dauenez, “larriena” amen “% 38,7ak” ez ebala Umeen Zerbitzuakaz lankidetzarik erakutsi esatea da, aztertutako kasu gehienetan genero indarkeria egoerek edo umeen kontrako abusuek jota dagozanean.

 

BIZIKIDETZAKO UNIDADEAK

Gizarte Ekintzako diputatuak bizikidetzako unidadeen ebaluazinoa entregau dau batzorde berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2022ko apirilean eskatu eutsien lez. Zabaldu dan datu bakarra da txostena “2024ko maiatzeko datu eguneratuakaz” egin dala. Gai horri buruz galdetu eban EH Bildu taldea haserre agertu da Aldundiak txosten hori “gaur, hain zuzen be” zabaltzeagaitik, emaitzak azaltzeko denpora tarte txikia jasoten dauen ahozko erantzun-eskeari erantzunez. “Ez dauka zentzunik”, esan dau Izaskun Duquek.

 

BAKARRIK DAGOZAN ADINBAKOAK 

Bizkaiko Talde Popularrak planteau dituan hainbat gaitan, bakarrik etorritako adinbakoek lurraldean bizi daben egoerearen ganean galdetu da Gizarte Ekintzako batzordean. Hain zuzen be, Raquel González bozeroaleak bolada desbardinetan Kanarietara heldu ziranen “ezagutzen ez dogun” banaketeari eta Sopuertako adinbakoen harrera zentroan jarduteko protokoloak lantzeari buruzko interesa agertu dau. 

Antxustegik adierazo dau Foru Gobernua Estadu mailan gai hori lantzen dauen Konferentzia Sektorialak banaketa hori hitzarmen baten noiz onartuko zain dagoala. Banaketa hori hainbat erispideren arabera egingo da: biztanleria, errentea, langabezia-tasea, erkidego bakotxaren arreta-zerbitzuen esfortzua eta biztanleriaren sakabanaketea. Onartutako azken banaketaren arabera, Euskadik “18 adinbako” hartu behar ebazan, eta horreetatik “7” Bizkaiko asistentzia-sarean sartuko ziran. 

Foru diputatuak, Kanariar Ugarteakazko alkartasuna erakutsi ostean, harrerea egiteko “erantzunkidetasun” handiagoa eskatu deutse beste Autonomia Erkidego batzuei, eta Foru Gobernua Gobernu zentralaren proposamenari “adi” egongo dala adierazo dau, hitzarmena sinatu ez daben Erkidegoak adinbako horreentzako asistentzia kupo bat jasotera behartzeko. 

Sopuertako zentroari jagokonez, Antxustegik esan dau “maiatzaren 24tik” ez dala “ezelango gorabeherarik edo bizikidetza arazorik” izan. Argi itxi dau “beren beregiko” protokoloa dagoala zentroan dagozan eta “diziplina anitzeko talde batek” artatzen dituan adinbakoentzat. Talde hori “14 eta 18 urte bitarteko gazteen emantzipazinoa prestetako” gai da. “Modu positiboan” balorau dau baliabide hori, eta “adinbakoen bilakaereagaz pozik” agertu da. Foru zerbitzuei esker “ehundaka adinbako” “arrakastaren eredu” dira gaur egun, gure gizarteari aberastasuna emoten deutsielako. 

Batzordekide popularrak, bere aldetik, baliabide hori zabaldu zanetik bere eretxiz izan dauen jarduketa “kaotikoarengaitik” kritikau dau Aldundia. Protokoloari jagokonez, Gonzálezek “ez bizilagunei ez etxe honi egia ez esatea” aurpegiratu deutso Gizarte Ekintza Sailari.